NAIZ

Arabako ondare historikoan kalteak ikertzen dituen kasuan parte izango da Aldundia

Arabako ondare historikoaren kontra egindako kalteengatik epaitegian zabaldutako prozeduran aurkezteko erabaki du herrialde honetako Aldundiak, gaur harturiko erabakiaren arabera.

Ertzaintzak abenduan berreskuratutako arkeologia piezak. (ERTZAINTZA)
Ertzaintzak abenduan berreskuratutako arkeologia piezak. (ERTZAINTZA)

Arabako Aldundiak, «tartean diren eta lurraldeari zuzenean eragiten dioten interes publikoak babesteko», ekintza zibil eta penalak gauzatuko ditu, ondare historikoan kalteak ustez eragitea egotzita, espoliazio arkeologikoan aritzen den ustezko talde kriminal baten aurka. Halaxe erabaki du gaur Gobernu Kontseiluak.

Ertzaintzak duela gutxi ustezko delitu horrekin lotutako hainbat pertsona atxilotu zituen, eta operazio horretan 20.000 aztarna baino gehiago atzeman zituen, ekainean Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak arkeologoen eta hainbat udalen kexen ondorioz jarritako salaketa baten ondorioz hasitako ikerketaren ondoren.

Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak, partikularren eta udal batzuen salaketetatik abiatuta, aspalditik egiaztatu izan du lurraldeko aztarnategi batzuetan baimendu gabeko esku-hartzeak egiten ari zirela, balizko kalteak eta aztarna historikoak lapurtuz.

Ekainetik hona

Kasua iragan ekainean ireki zen ofizialki, Asparreneko Udaletxean egindako bilera baten ondoren. Bilera horretan Ekialdeko Lautadako udaletako eta Arabako Aldundiko ordezkariak, inguru horretan lan egiten duten arkeologoak eta Ertzaintzako agenteak izan ziren. Bilera horren ondoren, Aldundiak hainbat salaketa jarri zituen espoliazio arkeologikoagatik, eta haien ondorioz atxiloketa eta egungo prozesu judiziala eragin zen.

Harrezkero, Foru Aldundia epaitegiaren errekerimenduen zerbitzura egon da, eta gaur egun piezak Bibat Arabako Arkeologia Museora eraman dira. Horrekin guztiarekin, «eta lurraldeari eta haren ondareari zuzenean eragiten dieten inplikatutako interes publikoak defendatzeko», Gobernu Kontseiluak erabaki du ekintza zibil eta penalak egikaritzea Gasteizko instrukzioko 2 zenbakiko epaitegian jarraitzen diren aurretiazko eginbideetan, ondare arkeologikoaren aurkako ustezko espoliazio eta kalte delitua egiteagatik, bai eta ondoren horretan edo beste organo jurisdikzional batzuetan egiten diren jarduketetan ere.