NAIZ
DONOSTIA

Danbor hotsak balkoietara mugatuta, Sansebastian egun berezi eta lasaia Donostian

Gaur Donostiarrei egokitu zaie haien egun handiari uko egitea. Osasun egoera larriaren ondorioz, Sansebastian eguna balkoi eta leihoetara mugatu zen gauerdian eta, egunean zehar ere, kaleetan isiltasuna nagusitu da.

Gutxi batzuk izan dira urteroko ohitura batzuk mantendu dituztenak. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Gutxi batzuk izan dira urteroko ohitura batzuk mantendu dituztenak. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Donostiarrek gaur urte askotan biziko duten San Sebastian egunik arraroena bizi dute, inoiz baino kale isilagoekin, nahiz eta bart gauean balkoi apainduetatik «festa salbatzen» saiatu ziren, bakoitzak bere etxean danborrak eta upelak joz.

Sarriegi maisuaren martxak ez dira inoiz gauerdia baino lehen entzuten urtarrilaren 19tik 20ra bitartean, baina atzo bai egin zuten, Eneko Goia alkateak hiriko bandera 21:45ean altxatu zuelako. Konstituzio plaza hutsik agertu zen, zeinean kazetariak eta neurriekin ados ez zegoen talde txiki batek baino ez zuten urteroko zita errepikatu.

Donostiar gehienek, aldiz, 00:00etaraino itxoin zuten. Balkoietatik, terrazetatik eta leihoetatik hasi zen martxa entzuten, eta telebistetan, berriz, aurreko egunetan hiriko danborradetako zenbait ordezkarik grabatutako martxak entzun zitezkeen.

Etxeetan eta balkoietan danbor hotsak protagonismoa hartutako gauaren ostean, hiriak bere egun handia du gaur. Edo izan beharko luke. Baina isiltasuna nagusitzen ari da kaleetan, danborradarik gabe eta haur desfile koloretsurik gabe.

Hala ere, hiria banderekin, puxikekin eta beste motibo zuri eta urdin batzuekin apaindu dute.

Kale huts horietan, baina, Ertzaintzaren presentzia «itogarria» salatu dute hainbat bizilagunek sare sozialen bitartez. Gauez hiriko auzo guztietan dispositibo garrantzitsu bat zabaldu zuen EAEko Poliziak eta Udaltzaingoak.

Donostiarrek, 2020an festa osatzeko aukera izan zuten, aurten ospakizuna balkoietara mugatzea erabaki dute, 2022an kaleak berreskuratu ahal izateko itxaropenarekin.