NAIZ

Korrikaren faltan, martxoaren 28an herri desberdinetan ekitaldiak antolatuko ditu AEK-k

55 urte bete dira Rikardo Arregik, beste euskaltzain batzuen laguntzarekin, gerora AEK bilakatuko zen egitasmoa abiatzeko eskaria Euskaltzaindiara igorri zuela. Korrikaren egin ezin bada ere, urteurren hau ospatzeko bestelako ekimenak antolatuko dituela adierazi du AEK-k, martxoaren 28an.

AEKren agerraldia korrika aurten ez egiteko erabakia iragartzeko. (Gorka RUBIO/FOKU)
AEKren agerraldia korrika aurten ez egiteko erabakia iragartzeko. (Gorka RUBIO/FOKU)

Egun hauetan 55 urte bete dira Rikardo Arregik, beste euskaltzain batzuen babesarekin, gerora AEK bilakatuko zen egitasmoa abiatzeko eskaria igorri ziela Euskaltzaindiako kideei eta, horrela, Helduen Alfabetatze eta Euskalduntzearen premia azaldu zen lehendabizikoz.

Prentsara igorritako ohar batean aurresan duenez, AEKren sorrera ahalbidetu zuen urteurren hori gogora ekarri asmo du AEK-k oraindik zehaztu ez duen ekimen baten bidez. Egitasmo horren bidez berretsi nahi du, koordinakundearen hitzetan, «55 urte geroago, egun ere Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzeak berebiziko garrantzia duela, inoiz Euskal Herria euskalduna izan dadin erdietsiko badugu».

Pandemia dela eta Korrika aurten ezin izango denez egin, honek amaitu behar zuen egunean, martxoaren 28an, burutuko dute ekimen deszentralizatua.

Euskal Herriko «hainbat tokitan» elkartzeko asmoa dutela adierazi dute oharrean, helduen euskalduntzea eta alfabetatzeari merezi duen garrantzia emateko, eta aurrerago jakinaraziko dute zeintzuk izango diren egitasmoaren nondik norakoak. Bitartean, euskaltzale guztiei egun hori agendetan ondo gordetzeko deia egin diete.