Imanol  Intziarte
Redactor de actualidad, con experiencia en información deportiva y especializado en rugby
Entrevue
ASIER USARRAGA
AVIRON TALDEKO ERRUGBILARIA

«Jokalari fisikoa naiz; erasoan ere zuzen joatekoa, metroak irabazi eta borrokara!»

Asier Usarragak (Donostia, 1994) joan den asteburuan egin zuen debuta −eta gainera, titular moduan− bere taldearekin, Baionako Avironekin, Top 14 txapelketan.

Asier Usarraga. (Guillaume FAVEAU)
Asier Usarraga. (Guillaume FAVEAU)

Mutil indartsua da Asier Usarraga: 1,90 metro eta 110 kilo ditu. Flanker postuan aritzen da, hirugarren lerroko hegalean. Lesio larri bat izan zuen denboraldi-aurrean eta, ondorioz, Avironekin debutatu gabe zegoen oraindik. Behin debutatuta, minutuak pilatzea da orain bere helburua, bide batez, taldeari datorren sasoian ere goi mailan jarraitzen laguntzeko.

Nor da Asier Usarraga?

Donostiako Bera Beran hasi nintzen errugbian. Gero utzi egin nuen, baina urte batzuk geroxeago berriro hasi nintzen, Atletico San Sebastianen, bertan nituelako ezagunak. Hiru urte jokatu nituen bertan. Biarritzekoek ikusi eta ea beraiekin probatu nahi nuen galdetu zidaten. Bost urte eman nituen Biarritzen, gero Albira joan nintzen, beste bi urte Biarritzen eta orain Baionan nago, Top 14 txapelketan.

Ibilbide horrekin 35 urte dituzula pentsa dezake norbaitek…

26 urte ditut, ez naiz hain gaztea ere! 18 urterekin jokatu nuen lehen partida Biarritzen.

Nola hasi zinen errugbian? Familiako norbaitek bultzatuta?

Bai, aitak bazituen lagunak errugbian ibilitakoak. Ni gaztetan nahiko urduria nintzen eta esan zidaten errugbia probatzeko. Asko gustatu zitzaidan. Gero utzi egin nuen, anaiak belar hockeyan jokatzen zuelako. Une hartan errugbiaz pixka bat aspertuta nengoen eta erabaki nuen beste kirol batzuk probatzea. Baina konturatu nintzen niri benetan gustatzen zitzaidana errugbia zela.

Ez daude Hegoaldeko jokalari gehiegi Ipar Euskal Herriko taldeetan…

Ez pentsa, badirudi azken urteetan Hegoaldeko taldeei kasu gehiago egiten ari direla, eta bagaude jokalari batzuk Biarritzen eta Baionan, gehienbat gazteen taldeetan. Beti egoten dira hiru edo lau. Hemen errugbia profesionala da, kultura ezberdina dago.  
Baionarekin fitxatu ostean, asko kostatu zaizu debutatzea…

Justu denboraldi-aurrea amaitzear zela, lehenengo partida baino lehen, iskiotibialeko lotailu bat, erdikoa, hautsi nuen. Ebakuntza egin zidaten, eta lau hilabete ondoren bueltan nago. Pozik, entrenatzaileak emandako konfiantzagatik.

Tartean taldea hilabete bat egon da ia geldi, covid-19a dela eta. Ingalaterrako Leicester Tigersen kontra jokatu ondoren kutsatu zineten.

Bai, Europako txapelketetan dauden kontrolak laxoagoak dira. Leicesterrek astelehen batean egin zuen testa eta larunbatean jokatu zuen gure kontra. Ingalaterrako aldaeraren hainbat kasu zituzten taldean, eta, partidan, guri pasatu ziguten. Etenaldi hori azken larunbateko partidan ere nabaritu zen; erritmo pixka bat falta zitzaigun, konexioak…  

Noski, partidak ez ezik, entrenamenduak ere bertan behera utzi behari izan zenituzten eta…

Bai, bakoitza bere etxean aritu gara, ahal bezala. Gainera, momentu onean ginen, baina ez dago besterik egiterik...

Garai zailotan, kirol profesionalaren eta covid-19aren arteko elkarbizitza ez da erraza, ezta?
Guk testak egiten ditugu gutxienez astean behin, eta askotan bitan. Oso kontrolatuta gaude. Hilabete asko daramatzat lagunak ikusi gabe; ez dago arriskatzerik. Emaztearekin egoten naiz eta gurasoak ere noizean behin ikusten ditut bakarrik.

Gainera, amak egoitza batean egiten du lan eta bera ere kontu handiarekin ibili behar da...

Nola ikusi zenuen zure burua debutean?

Ondo, oso ondo. Pandemia eta lesioa gehituta, ia urtebete egon naiz jokatu gabe, baina ez nuen erritmo falta nabaritu. Gustura sentitu nintzen, eta entrenatzailea eta taldekideak ere pozik agertu ziren egin nuen lanarekin.

Zein da zure egitekoa? «Flanker» postuan aritzen zara, defentsan gogor, plakatzaile gisa…

Bai, gehienbat hori, jokalari fisikoa naiz. Erasoan ere, baloiarekin zuzen joatekoa naiz, paseak egin gabe, metroak irabazi eta borrokara! 

Helburua orain hor mantentzea da, ezta?

Bai, errotazioan sartzea, jolasten dutenen artean egotea. Eta taldeari laguntzea helburua lortzeko, Top 14an mantentzea, alegia. Geratzen diren partidak oso garrantzitsuagoak izango dira.

Dirudienez, zuzenean jaistea eragiten duen sailkapeneko azken postua nahiko argi dago…

Bai, Agenek bi puntu ditu eta zaila izango du hortik irtetea [Montpellier azken-aurrekoak 19 puntu ditu]. Gero talde asko gaude 13. postuan ez bukatzeko borroka horretan.

Izan ere, 13. postuan amaitzen duenak play-offa jokatu behar du Bigarren Mailako bigarrenaren aurka. Biarritz izan daiteke…

Bai, izan daiteke. Nire bihotzarentzat ez zen oso ona izango [barre egiten du]. Ikusiko dugu. Pauek gu baino hiru puntu gehiago ditu, baina guk bi partidu gutxiago jokatu ditugu.

Pena emango dizu Baionan jokatzeko aukera izan eta harmailak hutsik, jenderik gabe ikustea… 

Kristoren giroa egoten da eta, bai, asko nabaritzen da. Horregatik ari dira kanpoko taldeak partida asko irabazten.