NAIZ
DONOSTIA

Dagoeneko 1.000 emakume inguruk eman dute izena Lilatoi birtualean parte hartzeko

Osasun egoerak horrela behartuta, aurtengo Lilatoia birtuala izango da. Hala ere horrek ez ditu ez ekimena ez bere parte-hartzaileak frenatu eta dagoeneko 1.000 emakume inguruk eman dute izena. Lasterketa birtuala martxoaren 5etik 8ra bitartean egingo da.

Aurtengo Lilatoi birtuala aurkeztu dute gipuzkoar hiribuan. (DONOSTIAKO UDALA)
Aurtengo Lilatoi birtuala aurkeztu dute gipuzkoar hiribuan. (DONOSTIAKO UDALA)

2021 honetan erronka berri eta berezi bati ekingo dio Lilatoiak. Izan ere, osasun egoerak bultzatuta, bere burua berrasmatu behar izan du «emakumearen berdintasuna eta ahalduntzea» aldarrikatzen jarraitzeko. Honela ohiko 32. edizioa 2022ra atzeratuz, aurtengo Lilatoia birtuala izanen da.

Lasterketa birtuala martxoaren 5etik 8ra bitartean egingo da eta izen-emateak urtarrilaren 13an zabaldu ziren antolakuntzaren webgunearen bitartez. Jakinarazi dutenez, dagoeneko 1.000 emakume inguruk eman dute izena. «Ezin zuen hasiera hoberik izan».

Agerraldi batean azaldu dutenez, izena eman dutenen gehiengoa (%83,6) gipuzkoarra da, Bizkaikoa %9,2, Nafarrokoa %3,5 eta arabarra %1,4. Zenbatekoa zehaztu ez duten arren, Ipar Euskal Herritik ere hasi dira batzen.

Era berean, 35 eta 44 urte artekoak dira, oraingoz, gehiengoa (%35). Baina adin guztietako emakumeak topatu daitezke, 12 urtetakoak eta baita 65etik gorako ugari ere.

Izena eman duten guztiek Rockthespor Virtual aplikazioa deskargatu beharko dute, eta inskripzioaren lokalizatzailea sartu. Horrela, modu kolektiboan eta sinkronizatuan, gainerako parte-hartzaileekin elkarbanatzea lortuko dute. Beraz, mugikorra txip bihurtu eta Lilatoiaren ibilbidea edozein lekutatik egin ahal izango da.

Aplikazioa otsailetik aurrera egonen da eskuragarri, nahiz eta oraindik ezin duten data zehatza aurreratu. Behin martxan jarrita, entrenamendu birtualak egiteko aukera ere izanen da, norberaren denborak gainerako parte-hartzaileekin partekatuz. Martxoaren 5a iritsitakoan, ezin izango da entrenamendu birtualik egin, eta korrikalariak aukeratu beharko du zein egunetan, zein ordutan eta non egin nahi duen lasterketa.

Emakumeek lau modalitate desberdinen artean aukeratu ahal izango dute lasterketan parte hartzeko: Oinez edo ipar martxa, korrika, patinetan edo handbike delakoan. Oinezkoan izan ezik, gainontzekoetan 14 urte beteak izan behar ditu parte-hartzaileak. Oinezkoan 9 urteetatik aurrera eman daiteke izena.

Izena emateak lau euroko kostua izango du, eta antolatzaileak euro bat bideratuko du We Are like You ekimenera. Afrikan gaixotasun mentala duten emakumeen egoera ezagutaraztea, estigmatizazioa eta giza eskubideen urraketa salatzea, eta pertsona gisa duten duintasuna berreskuratzeko eta komunitate-inguruneetan bizi ahal izateko behar duten gutxieneko arreta eskaintzea da ekimen honen helburua.

Lasterketaren kamiseta ere eskuratu daiteke webgunearen bitartez. Gehienez bost kamiseta erosi ahal izango dira izen-emate bakoitzeko.