NAIZ
Iruñea

Foro Sozialak eta nafar Parlamentuak bizikidetzaren aldeko hautua berretsi dute

Foro Sozial Iraunkorra nafar Parlamentuko lehendakari den Unai Hualderekin bildu da, bizikidetza demokratikoari buruzko azken jardunaldietako ondorioak helarazi asmoz. Hualdek, lana eskertu eta Legebiltzarraren «konpromisoa» berretsi du horrelako jardunaldi gehiago antolatzeko.

Unai Hualde Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariekin bildu da Iruñeko Parlamentuan. (Nafar Parlamentua)
Unai Hualde Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariekin bildu da Iruñeko Parlamentuan. (Nafar Parlamentua)

Nafarroako Parlamentuko presidenteak, Unai Hualdek, Fernando Armendarizek, Terexa Fagoagak eta Tasio Arrizabalagak osatzen duten Foro Sozial Iraunkorraren ordezkaritza hartu du gaur, Iruñeko Legebiltzarrean.

Foro Sozialeko ordezkariek Nafarroako bizikidetza demokratikoari buruzko azken jardunaldietako ondorioak helarazi dizkiote Hualderi. Jardunaldietako bat, indarkeria desberdinen biktimen arteko elkarrizketa gurutzatua, urriaren 8an izan zen, osoko bilkuren aretoan bertan, gizarte zibiletik bizikidetzaren eraikuntzan ekarpenak egiten nola jarraitu daitekeen hausnartu asmoz.

Horren harira, Fernando Armendarizek «elkarbizitza demokratikoa indartuko duen erdiko errei bat eraikitzeko beharraren inguruan dagoen adostasuna» azpimarratu du. Bere ustez, «biktima guztiak berdintasunez aitortzea, egungo espetxe politika desaktibatzea eta inolako aktore, kontakizun eta iritzirik alde batera utziko ez duen memoria kritiko eta inklusiboa eraikitzea» da hori.

Foro Sozial Iraunkorraren iritziz, «elkarrizketa eztabaidarako elementu nagusia izango den etorkizun baterantz aurrera egiteko, adostasun politiko, sozial eta sindikala oso zabala da», eta alderdi politikoen arteko «krispazioarekin kontrajarria» da. «Honek ez du herritarren sentimendua islatzen. Aieteko Konferentziatik bederatzi urte igaro direnean, gaur egun tentsioa igotzen ari da orduan imajina ezin ziren mailetara».

Zentzu horretan «askatu gabeko korapiloak» daudela gogora ekarri du Fagoagak. Biktimen arteko diskriminazioa, salbuespeneko espetxe politika eta memoria kritiko inklusiboa zehaztu ditu. «Hiru korapilo horiek askatuz gero, bizikidetza demokratikoaren eraikuntzari aurre egiteko oinarriak garatu ahal izango dira», nabarmedu du.

«Belaunaldi berriei adierazi behar zaie elkarrizketa eta indarkeriarik eza direla XXI. mendeko gatazkak konpontzeko tresna bakarrak», gehitu du. Eta bide horretan, «hitza desarmatzea» eskatu dute. «Parlamentuko talde guztiei eskatu nahi diegu aukera honetaz baliatu daitezela elkarrizketarako eszenatoki berria Nafarroako gizarte zibilarekin batera eraikitzeko. Izan ere, gizarte zibil horren gehiengoarentzat elkarrizketa da arazoak konpontzeko tresna bakarra».

Hualdek, bere aldetik, Foroak egindako lana eskertu du, «hain gai sentikorraren inguruan, gizarte hobe bat eraikitzen laguntzeko». Zentzu horretan «aurrera egiten jarraitzeko indarkeriaren biktimei testigantza ematea funtsezkoa» dela nabarmendu du. Era berean, Legebiltzarraren «konpromisoa» berretsi du horrelako jardunaldi gehiago antolatzeko.