Testua eta argazkiak: Xabier Bañuelos

Veneziako guettoa, merkatarien oroimenezko txoko lasaia

«Guetto» hitza venezieratik dator; Errenazimentutik aurrera juduak hiriko eremu batean bizitzera behartu zituzten eta, gauez, egunsentira arte irekitzen ez ziren ateen atzean giltzapetzen zituzten. Toki horri esaten zioten «guetto». Gaur, txoko lasaia da, Rialto eta San Markoko zalapartatik urruti.

Venezia xume eta herrikoiaren giroa aurki oraindik oraindik.
Venezia xume eta herrikoiaren giroa aurki oraindik oraindik.

«Bere mespretxua nigan jaurti zuen, (...), gutxietsi egin du nire nazioa, zaildu egin ditu nire negozioak, nire lagunak hoztu ditu, nire etsaiak sumindu ditu, eta zergatik? Judua naizelako. Judu batek ez al du begirik? Ez al du eskurik, organorik, proportziorik, zentzumenik, afekturik, grinarik? Izan ere, ez al da elikagai berberekin elikatzen, ez al dute arma berberek zauritzen, ez al ditu gaixotasun berberak jasaten eta sendabide berberekin sendatzen? Eta ez al du, kristauak bezala, uda berak berotzen eta negu berak hozten? Ziztatzen bagaituzue, ez al zaigu odolik ateratzen? Kilikili egiten badiguzue, ez al dugu barre egiten? Pozoitzen bagaituzue, ez al gara hiltzen? Eta iraintzen bagaituzue, zergatik ez dugu, bada, mendeku hartu behar?».

Nork ez ditu ezagutzen Shakespeareren laneko eszena ezagun horretako Shylock mailegu-emailearen hitzak? Antzerkia maite dutenek, bai. Eta zinema gustuko dutenek Al Pacino gogoratuko dute horiek errezitatzen, minez eta amorruz, euripean. ‘Veneziako merkataria’ 1596. eta 1598. urte artean idatzia da. Horregatik, judua seguraski 1516an Veneziako Senatuak ezarritako guettoan biziko zen.

Urte horretara arte, Veneziako komunitate judua lurralde kontinentalean bakarrik bizi zitekeen. Baina beste leku batzuetatik kanporatutako edo Cambraiko Ligako gerraren ondorioz ihes egindako familia errefuxiatuen etorrera zela-eta, Duxeko agintariek kanalen arteko gune babestua laga zieten juduei. Horiek kanpomerkataritzaz arduratzen zirenez eta hiriko finantzaiturri nagusia zirenez, arriskutsuegia zen atzerriko potentziek komunitate horri erasotzea. Pentagono formako uharte txiki bat esleitu zieten Cannaregioko sestierean, galdategi zahar batean.

Zenbaiten ustez, ghetto hitza italierako ghettotik dator, eta azken hau, berriz, getotik, Veneziako hizkeran «galdaketa» esan nahi duena. Batzuek diote, halaber, borghettotik datorrela, burgu edo hiribildu txikitik. Eta ez da hipotesi txarra, hori bihurtuko baitzen, hiri barneko hiri txiki, nolabaiteko autonomia eta kultu-askatasuna zuena. Hori bai, gainerakotik harresiekin ondo bereizita.

Paradigma

Veneziako ghettoa, Moisesen herriarentzat gordetako espazio gisa, ez zen berez gauza berria. Erdi Arotik existitzen ziren, adibidez, judutegi hispaniarrak edo judengassen germaniarrak. Baina, nolabait, Veneziako esparrua ondorengo europarrentzat eredu izan zen: juduentzat berentzat oparotasunaren adibide gisa, eta kristauentzat, segregazio on bat praktikan jartzeko eredu gisa.

Lehenengo familiak Misericordia ibaiak eta Ghetto ibaiak mugatutako uhartean kokatu ziren. Batez ere, askenazi-ak ziren, eta hogei bat etxe okupatu zituzten Campo di Ghetto Novo izeneko espazio zabal baten inguruan. Baina laster txiki geratu zen eta mugak hegoalderantz zabaldu behar izan ziren, Cannaregio ibairaino, Ghetto Vecchio eta Forno kaleen inguruan. Horrela jaio ziren Ghetto Vecchio, non batez ere judu mediterraneoak –sefardi asko– finkatu baitziren, eta Ghetto Nuovissimo, Poloniatik etorritako pertsonentzat. Hazi ahala, bere kaleak scola edo tradizio desberdinetako sinagogaz betetzen joan ziren, XVII. mende hasieran auzoan bizi ziren ia 4.000 bizilagunentzat.

Denak berdin jarraitu zuen ia hiru mendetan. Juduen komunitateak aurrera egin zuen, armadore, mediku, bankari, merkatari, inprimatzaile, artista... eta beste hainbat ofizioren bidez, baina harresien atzean giltzapetuta; paradoxikoki, auzokide ez lagunkoiengandik babesten zituen horrek. Gauez ateak ixten jarraitu zuten, harik eta 1797an Napoleonen tropek su eman zieten arte. Napoleon garaile sartu zen eta jada gainbeheran zegoen Veneziako Errepublika guztiz birrindu zuen. Murriztapenak kendu, eta, harrezkero, juduek hiriko edozein lekutan bizitzeko askatasuna izan zuten.

Karga sinboliko handia

Gaur egun ghettoa oroitzapen historikoa den arren, oraindik ere hebrear jatorriko hiru dozena pertsona bizi dira bertan, eta munduko hainbat tokitako bisitariak jasotzen dituzte. Batzuk, ortodoxoak, burugaina estaltzen dien kippaharekin ibiltzen dira edo peioten (ile-kiribilen) gainean kapela beltza daramatela. Emakumeak ere erraz bereizten dira, tichelarekin (zapia) estaltzen baitira edo scheitelarekin, hura ordezkatzen duen ileordearekin. Baina juduen populazioa handiagoa edo txikiagoa izan eta, zorionez, jada seinalatzeko eta giltzapetzeko leku ez izan arren, bere karga sinboliko guztia mantentzen du, oroitzapenetan, sinagogetan, kartelen grafia hebrearrean eta kosher jatetxeetan errotutakoa.

Ghetto Novon sartuko gara iparraldetik, Fondamenta dei Ormesini-rekin lotzen duen zubi mailakatua zeharkatuz. Auzo zaharraren ariman gaude. Erdigunetik eta toki turistiko nagusietatik urrun, Venezia xume eta herrikoiaren giroa du oraindik. Veneziako beste eremu batzuk igaro ondoren iristen bagara, berehala emango digu atentzioa eraikinen altuera ezohikoak, bertako bertikaltasunak hautsi egiten baitu horizontalean diseinatutako hiri honen homogeneotasuna. Horren arrazoia leku falta baino ez da.

Harresi artean egon ziren bederatzi sinagogetatik bost hor dira oraindik, eta horietako hiru hemen daude. Scola Grande Tedesca da askenazi sinagogetako nagusia. 1528an eraiki zen, eta barroko berantiar erara zaharberritu zuten; horregatik da apaingarri gehien dituena. Sinpleagoak dira Scola Italiarra (1575) eta Scola Canton (1531), egurrezko kupula txikiarekin, eta behe-erliebe biblikoak dituzten zortzi panelekin; horrelako bakarra da Europan. Banco Rosso ere bisita dezakegu, Erdi Aroko finantza-erakunde moduko bat, baliozko objektuen truke maileguak ematen zituena. Handik hurbil, Juduen Museoa.

Baina, agian, plazako elementurik nabarmenena Shoah-ren memoriala da; hots, «hondamendiaren»  monumentua; hala deitzen diote juduek Holokaustoari. Brontzezko zazpi behe-erliebe ditu, sarraskiaren eta deportazioaren eszenak dituztenak. Arbit Blatas lituaniar eskultoreak egin zuen lan hori. Bere aita Dachau sarraski-esparrutik bizirik atera zen, baina ama ez; beste 85.000 pertsonarekin batera hil zuten Stutthof kontzentrazio-esparruan, Gdansketik gertu, Polonian. Naziek eraikitako arantzadun alanbrezko hiru ilarak koroatutako adreilu gorriko horma beldurgarri baten gainean daude.