NAIZ
BILBO

Poliziarengandik ihesi zihoan gizonezko bat hil da, Bilboko itsasadarrera salto egin ostean

Poliziarengandik ihesi zebilen 22 urteko gizonezko bat zendu da bart Bilbon, itsasadarrera salto egin eta gero, Lakuako Segurtasun sailak jakinarazi duenez.

Ertzaintza, Bilboko itsasadarrean. (ERTZAINTZA)
Ertzaintza, Bilboko itsasadarrean. (ERTZAINTZA)

Gizonezko bat zendu da gaur goizaldean Bilboko itsasadarrean. Lakuako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, Poliziarengandik ihesi zihoala uretara jauzi egin du 03:45ak aldera.

Lakuak adierazi duenez, «antza denez, delitu bat egiten saiatzen ari zela harrapatu dute eta ihesari ekin dio» eta «bere burua inguratuta ikusi ostean», uretara salto egin du. Kotxe bat ireki nahian omen zebilen gaztea, Segurtasun sailak eman duen informazioaren arabera.

Suhiltzaileak, udaltzainak eta Gurutze Gorriaren txalupa bat bere bila aritu dira eta 06:10ak aldera aurkitu dute hilotza, San Inazio parean.

Lehen ikerketen arabera, zortzi ibilgailu aurkitu dituzte aparkatuta, leihatilak hautsita eta barrualdea nahastuta. Halaber, biktimarena izan zitekeen motxila bat aurkitu dute, barruan hainbat objektu zituela.