NAIZ

Tradizioa eta modernitatea uztartuko ditu Sagardoaren Txapelketak «Erremontari» saioarekin

Denera sei bikotek hartuko dute parte lehiaketan: Etxarri-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar), Juanenea-Zubiri (Larre-Gain), Urriza-Zaldua (Bereziartua), Goikoetxea V.a-Aizpuru III.a (Gurutzeta), Segurola-Larrañaga (Gaztañaga) eta Ansa II.a-Labaka (Setien).

Pilotariak eta sagardotegietako arduradunak, gaurko aurkezpenean. (Maialen ANDRES/FOKU)
Pilotariak eta sagardotegietako arduradunak, gaurko aurkezpenean. (Maialen ANDRES/FOKU)

XI. Sagardoaren Txapelketa aurkeztu da ostegun honetan Galarretan, baina dena da berria aurtengo edizioan. Berrikuntza nagusi bezala, txapelketa ETB1eko «Erremontari» saioaren barruan jokatuko da astelehenero, apirilaren 12an hasi eta ekainaren 7an bukatu, finalarekin. Honek tradizioa eta modernitatea uztartzea ekarriko du. Tradizioa kirola bera da, xextoak, pilotek, frontoiak berak irudikatzen dute eta modernitatea saioan zehar eskainiko diren kamera berezien bitartez lortutako irudiek eta saio baten barruan jokatzeak berak.

Saioan, Sagardoaren Txapelketa guztia eskaintzeaz gain, elkarrizketak eta erremontearen ikuspuntu berriak ezagutuko dira, teknologia berriak erantsiz. Apirilaren 12tik aurrera, astelehenero 22.15ean ETB1en  eskainiko da eta bi orduko iraupena izango du prime-timean.

Sagardoaren Txapelketan sei bikotek hartuko dute parte eta sei sagardotegi ordezkatuko dituzte. Ondorengoak dira bikoteak eta ordezkatzen dituzten sagardotegiak: Etxarri-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar), Juanenea-Zubiri (Larre-Gain), Urriza-Zaldua (Bereziartua), Goikoetxea V.a-Aizpuru III.a (Gurutzeta), Segurola-Larrañaga (Gaztañaga) eta Ansa II.a-Labaka (Setien).

Petritegiren protagonismoa

Beste sagardotegi bat ere izango da protagonista, Petritegi, 2019ko azken txapelduna. Aurtengo berritasunik esanguratsuenetakoa da. Azken txapelduna izan zenez, aurten Petritegik bikote guztietan izango du presentzia.

Horretaz gain, txapelketan zehar, pilotari onena (aurrelaria eta atzelaria) erabakiko duen rankingaren ordezkaria ere izango da. Hortaz, finalean banatuko diren sariak ematearen ardura eta ohorea izango dute.

Txapelketa sistemari dagokionez, bikote guztiek denen aurka jokatuko dute hasierako ligaxkan, bertako lehen lau sailkatuak finalerdietara pasako dira eta bi bikote kanporatuak izango dira.

Partida guztiak 30 tantora jokatuko dira eta sailkapena puntuen bidez erabakiko da. Garaileak lau puntu batuko ditu, 29-27 tanto artean geratzen denak bi, 26tik-24 tantora puntu bakarra, 23tik 17 tantora punturik ez eta 16 edo tanto gutxiago egiten dutenei puntu bat kenduko zaie.

Finalerdiak maiatzaren 31n jokatuko dira eta finala ekainaren 7rako dago iragarria. Astelehenero bi partida jokatuko dira eta lehenengo jardunaldian, apirilaren 12an, Urriza-Zalduak (Bereziartua) Etxarri-Barrenetxearen (Oialume Zar) kontra jokatuko dute lehenengo partidan eta ondoren Ansa II.a-Labaka (Setien), Juanenea-Zubiriren (Larre-Gain) kontra.