NAIZ

Bereziartua eta Setienek lortu zituzten Sagardoaren Txapelketako lehen garaipenak

Urriza-Zaldua azken unean nagusitu zitzaizkien, 30-29, Oialume Zarreko Etxarri-Barrenetxeari eta Ansa-Labakak 30-26 garaitu zituzten Juanenea-Zubiri, Larre-Gaineko ordezkariak.

Partidan sartzea kosta zitzaion arren, Urrizak garaipen batekin hasi zuen txapelketa. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Partidan sartzea kosta zitzaion arren, Urrizak garaipen batekin hasi zuen txapelketa. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Sagardoaren Txapelketaren lehenengo jardunaldia ETB-1k eskaini zuen Erremontari saio berritzailearen barruan jokatu zen astelehen gauean eta Urriza-Zaldua eta Ansa II-Labaka bikoteek lehenengo garaipena eman zieten Bereziartua eta Setien sagardotegiei. Txapelketako lehen partidan Urriza eta Zalduak, 30-29 irabazi zuten Etxarri eta Barrenetxea VI.aren kontra eta bigarrenean Ansa eta Labakak, 30-26 garaitu zituzten Juanenea eta Zubiri.

Azken hauek Larre-Gain sagardotegiaren izenean jokatzen dute eta Etxarri eta Barrenetxeak Oialume Zarren izenean. Beraz, garaileek lau puntu batu zituzten, Oialume Zarrek bi eta Larre-Gainek puntu bat eskuratu zuen.

Lehenengo bi partidak parekatuak

Lehenengo jardunaldiko bi partidak berdinduak izan ziren. Aurrenekoan gainera ezustekoa egon zen partida nola joan zen ikusita. Etxarri eta Barrenetxea IV.ak agindu zuten ia norgehiagoka osoan, bost tanto inguruko aldearekin partidako unerik gehienetan, baina 9-1eko azken partzialak gorrien alde erabaki zuen partida.

Etxarri oso ongi hasi zen eta Urriza berriz hotz. Kosta egin zitzaion iruindarrari partidan sartzea eta urdinek eraman zituzten abantaila nagusiak. Zazpi tantoko aldea ere izan zuten 28 eta 21ekoan, bazirudien hortxe amaituko zela partida, baina gorriak azken tantoetan hobeto aritu ziren eta 29-28 aurreratu ziren eta partidua ixtea lortu zuten 30-29.

Bigarren partiduan gora behera asko egon zen partidan, baina Ansak, partiduko erremontista sendoenak, 22 tantorekin partida erabaki zuen.