NAIZ

Lozorrotik esnatzeko deia egin dute Kaserna bizkaitarrek ‘Esna’ bideoklip berrian

Orain hilabete argitaratu zuten ‘Gelditu da denbora’ diskoa Kaserna bizkaitarrek eta, orain, bertan bildu duten ‘Esna’ kantuaren bideokliparekin datoz. Gizarte garaikideari kritika egin eta lozorrotik esnatzeko aldarria da kantua.

Hilabete iragan da Kaserna bizkaitarrek bere estudioko lehen lan luzea, ‘Gelditu da denbora’ argitaratu zutenetik eta orain disko horretan bildu zuten ‘Esna’ abestiaren bideoklipa aurkeztu berri dute. Kantuan komunikabideetatik iristen zaigun albiste zurrunbiloari egiten zaio erreferentzia, futboletik hasi eta errefuxiatuen egoeraraino, gizarte garaikideari kritika eginez. Lozorrotik esnatu eta matxinatzearen aldeko aldarria da ‘Esna’.

Bideoklipa osatzeko Bermeora jo dute Kasernako kideek, Kostako Vibes eta Tiro Pun Ekoizpenak bideogileengana, ‘Irailak 11’ bideoklipa prestatzeko egin bezala. Oraingoan, ordea, pantailan ez ditugu Kasernako partaideak ikusiko: Jontxu Martínez Zarrabeitia antzezleak interpretatzen dituen hiru pertsonaiak dira bideoklipeko protagonistak. Bideoklipa aurtengo otsailean grabatu zuten Bermeon bertan. Taupakatik nabarmendu dutenaren arabera, ‘Esna’ «abesti eder honen bideoklip honekin taldearen heldutasun musikala dastatu ahalko dugu».

Kaserna 2020an Bizkaian osatutako taldea da, taldekideek aurretik osatzen zuten Mr Pongo proiektuarekin amaitu ondoren. Taldearen aurkezpenean azaldu zutenez, formazio aldaketak eta estiloaren garapen nabarmenak proiektu berria osatzera bultzatu zituen taldekideak eta horren guztiaren emaitza dira Kaserna eta bere ‘Gelditu da denbora’ lana. Rock eta hip-hopaz bustitako diskoa da, reggae, funk edo elektronika tantatxoekin zipriztinduz.