Testua eta argazkiak: Xabier Bañuelos

Pisa, dorreak ezkutatzen duena

Dorre ezagunetan ezagunenak, Pisako Campanilek, okerka-okerka grabitatearen legeari erronkaz begiratzen dio. Bere oreka ia mirarizko hori iman ahaltsua da, eta ez nolanahikoa; izan ere, bere arkitekturaren ederra ezkutatu egiten du, baita hiriaren gainerako altxorrak ere.

Pisa dorrearen irudia, egunsentian.
Pisa dorrearen irudia, egunsentian.

Erakusten duena baino askoz gehiago du eskaintzeko Pisak. Beraz, Piazza dei Miracoli harrigarriko erromaniko distiratsuaz inguratuta eztitan ibili eta gero, kaleetan barneratu gara Arno ibaiaren bi ertzak miresteko.

Eraikuntza lanak hasi eta bosgarren urterako, hiru solairu baino egin ez zituztela, Pisako dorrea hasia zen okertzen. Ez zuten aintzat hartu lurzoruaren ezegonkortasuna, zerurantz jaurti nahi zuten marmolezko zilindro haren pisuari eusteko ez zela aproposa. Arkitektoari buruz zer esan, agian XII. mendeko Calatrava bat izango zen, edo auskalo ez ote zuen nahiko lurrak bera ere irents zezala. Batzuek diotenez, Bonnano Pisano izan zen egilea; beste batzuek diote Diotisalvi delako bat izan zela... Kontua da goizegi geratu zela agerian erraldoi hark buztinezko oinak zituela, eta gaur egun oraindik ez dakigula zehatz-mehatz nork diseinatu zuen. Ziurrenik nahiago izan zuen bere esku-hartzea ahanzturak ezabatzea, hain izan zen agerikoa hanka-sartzea.

Dorrea altxatzeko mandatua Pisako buruzagiek egin zuten; hau da, garaian itsas errepublika boteretsua izan zen eta 1173. urtean goraldi betean zegoen hiriko handikiek. Eraikina bere indarraren ikur izango zen, Genova, Amalfi eta Veneziarekin norgehiagokan. Alta, azkar asko bihurtuko zen bere gainbeheraren metafora. Dorrea artezetik galtzen zihoan neurrian, behialako hiri ahaltsua maldan behera amilduz joan zen, harik eta genoarrek azken sastakada eman zioten arte, 1284an Meloriako guduan garaituta.

Eta, halere, egundo ez da hain zorionekoa izan kalkulu akats bat. Nekez susmatuko zuen inork Behe Erdi Aroko urte haietan, ez arkitektoak eta ez hiriko dirudunek nahiz herritar xeheek, egituren ingeniaritzaren ikuspegitik astakeria hutsa zirudien hori inoiz oparotasun iturri bihurtuko zela. Baina horixe gertatu zen, izan ere, mendeak joan mendeak etorri, eraikinaren zehiartasuna eta gainbehera onbideratzeko saiakeraz saiakera, mundu osoko mugarri turistiko bihurtu da Pisa.

Erromanikoa dizdizka

Mundu zabaleko kanpandorre ospetsuenaren eskora setatsuak bertaratutako ehunka bisitarien buruak lanean jartzen ditu, nabarmenkeria baldarrez eginahalak eginez jarrera ustez originalena bilatzeko ziurrenik argazkirik konbentzionalena lortzeko. Piazza del Duomoko belardi zabalean paseatzean sigi-saga goaz dozenaka lagun saiheste aldera, zilindro mehatxariari eusteko plantak egiten ari baitira sukar feisbukero edo istagramatikoak bultzatutako automatak balira bezala.

Eta ezinbestean galdera bat datorkigu burura, gisa horretako argazkietan betikotzeko eroaldi kolektibo horretan geratzen ote den sentiberatasun izpirik inguru osoan azaltzen den ikuskizun apartaz ohartzeko. Dorrea okertuta egotea anekdota hutsa baita, akats zorioneko bat, hala nahi baduzue, beste bi mendetarako gutxienez bermatuta dagoenez bere egonkortasuna. Baina inguratzen gaituzten eraikinen formen eta xehetasunen eztanda, hain ezohiko bezain dohatsua den erromaniko horren miraria, hori giza jeinu bikainenaren, sotilenaren, preziosistenaren eta dotoreenaren fruitua da, argitasunaz eta bizitzaz diharduen erromaniko hori, Italian ez beste inon sortzerik ez duena, are gehiago esango nuke, Toscanan soil-soilik agertuko dena.

Klunitarren erreformatik barreiatutako estiloak hiri honetan dimentsio berri bat hartzen du. Pisako erromanikoa –eta halaxe izendatzen da, izen berezia balitz bezala–, lirain eta marmolezkoa da, ardo malkotsu fruitu usaineko eta sendo bat bezalakoa, aho sabaian kemena dariona, baina bizantziar ñabardurak dakartzan bouquetarekin, ahotik iragandakoan erretrozapore ekialdekoi sotil eta temosoa utzita. Arkupe lirainak, kontrahormen absentzia, kupula eliptikoak eta erreboiloak, zutabe pinpirinak, horma-atalen bikromia, den-denean azaleratzen da erromaniko distiratsu hori, originaltasun hunkigarrikoa.

Edertasunaren halako erakustaldiaren aurrean, ez da harritzeko D’Annunziok bazter hau Prato dei Miracoli izenarekin bataiatu izana, eta halaxe da, miraria deritzogu benetan halako dotorezia neurrigabearen pilaketari. Izan ere, Torre Pendente delakoa Piazza del Duomon –edo dei Miracolin, onespen zabala izan zuen izendapena erabilita– ikusgai dauden piezetako bat baino ez da. Duomoak, bataiotegiak eta hilerriak munduko ondare izendatutako multzo monumentala osatzen dute, zeina harribitxi bat bezala katigatzen den Arnoren ibaiertzeko unibertsitate hiri txiki, zahar baina kementsu honetan.

Egia da garai haietan mendeka zenbatzen zirela halako obrak eraikitzeko beharrezkoa zen denbora. Egia da horrek ezinbestean zekarrela estiloen nahasketa, edo behintzat, bata bestearen gainean jartzea neurri handiagoan ala txikiagoan. Egia da artista eraikitzaile batek baino gehiagok esku hartu behar izan zuela. Eta egia da gotikoak ere agerpena egiten duela eraikinotan, esaterako, bataiotegiko logia zirkular zoragarrian; baina lerro ojibalak alde handiz gainditzen ditu harago doan, bere burua harago daraman erromanikoak, zuzen-zuzen errenazimentuarekin kateatzeraino aldez aurretik sorturiko bihozkada bat izan balitz bezala. Oraindik ere gogoan dut duomoaren fatxadaren aurreko lehenbiziko aldi hura, ezin sinetsita, zur eta lur hain estilo ezohiko eta harrigarri haren aurrean, hain berri Iberiar penintsulako erromanikoaren zurruntasun neurritsu eta astunera ohitutako begiradarentzat.

Dorretik harago

Gogora datorkit Pariseko oroitzapen bat, Rodin Museoan emandako arratsalde bat, erabat liluraturik brontze dramatiko bati begira. Haren erliebeen artean nabarmentzen da gizon baten irudia, makurtua, zenbait gazte ondoan dituela erreguka. Ugolino eta bere semeak, ‘Infernuaren atean’. Eta Danteren bertsoen oihartzuna entzuten da, bere “Jainkotiar komedian”: «Breve pertugio dentro da la Muda / la qual per me ha ‘l titol de la fame /e che conviene ancor ch’altrui si chiuda...» (Leiho estu bat La Muda dorrearen barrunbeetan, nigatik gosearen dorre izendapena hartu duena...). Ugolino della Gherardesca Pisako gizon boteretsu bat izan zen, eta 1288an traizioagatik kondenatu zuten, bere bi seme eta bi ilobekin ziegan itxita, den-denak goseak hil arte. Saihetsezina da Ugolinoren historia gogoan ez izatea Palazzo dell’ Orlogioren aurrean, antzinako Torre de Muda edo gosearen dorrearen aurrean, Piazza dei Cavalieri gainerakoan zoragarri horretan.

Plaza hori Vasarik berreraiki zuen XVI. mendean, Mediciko Cosimo I.ak sortutako ordena erlijioso-militarra izan zen Santo Stefanoko zaldunen omenez. Haren estatua zutitzen da Palazzo della Carovanaren fatxada paregabearen ondoan. Plaza hauxe da Pisako altxor ugari horietako bat, beste hainbesterekin batera dorre okerraren erakarmen erabatekoaren poderioz ahazturikoa.

Dorreaz harantzago

Joan gaitezen dorreaz harantzago eta ibil gaitezen Tramontanatik, Arnoren iparraldeko Santa Maria eta San Frantzisko auzoetatik. Garibaldi plazatik abiatuta, hiriaren bihotzetik, Borgo Strettoko oinezkoen kaleetan barna igaro gara, dendaz denda eta kafetegiz kafetegi, Erdi Aroko kaskoaren trazatuari jarraituz.

Orto Botanicotik, diotenez, munduko lorategi botanikorik zaharrenetik, Citadella Vecchiara jaitsi gara. Han, Torre Guelfa gorrixkatik eta errepublikanoen eta medicitarren armategitik gure erromesaldiari hasiera emango diogu txango xarmagarria eginez, lungarnoan –Arno ibaiaren ertzak– barna, eta iparraldeko ertzetik goazela, San Vito edo Madonna del Galletti gisako elizak inguratu eta Lanfranchi eta Agostini jauregiak bistaratuz, baita ere, horiekin batera, Errege jauregia, zeinaren dorretik, diotenez, Galileok, Pisako semea bera, Toscanako Duke Handiari erakusten zizkion zeruko gaiak. Eta handik Rosi antzokira joango gara, 1770ekoa, eta Roncioni eta Medici jauregietara, eta Chiesa di Santa Caterina eliza gotikora, Piazza Martiri della Liberta plazaren ondoan.

Arno zeharkatu dugu Ponte di Mezzo zubitik eta hegoaldean sartu gara, Mezzogiornon, Santo Antonio eta San Martin auzoetara. Lungarnoa alde honetan dorretxe zahar irenduz zipriztinduta dago XIV. mendeaz geroztik, hiria florentziarrek konkistatu zutenetik. Jauregiak ere ez dira falta –Blu, Gambacorti...–, baina benetako harribitxia Santa María dell Spina txikia da, pinakulu zorrotzeko gotikoaren kapritxo bat, Italiako elizarik ederrenen artean dagoena.
Gune honetako kaleak Erdi Arokoak dira eta Corso Italiaren inguruetan daude, hau da, giro biziz betetako kalea, ibilgailurik gabea. Erromanikoa ere ez da falta bertan, Parrocchia San Paolo a Ripa del Arno ordezkari duela, Duomo Vecchio ere esaten diotena. Eta misterio zantzurik ere bada, tenplarioen eskutik, hortxe baitago hilobi santuaren eliza bere oin-plano oktogonal nahastezinarekin. Eta lasaitasuna nahi duenak, aukerarik onena du Giardino Scotto edo Cittadella Nuova (XV. mendea) parkera joatea, edota Vía San Martino eta Piazza della Pera inguruetara.

Eta bisita biribiltzeko, ‘Tuttomondo’ horma-irudia miresteko beta hartu. 180 metro karratuko paretan egindako grafitia da, Keith Haringen eskutik, zeinak Jasper Jones, Rauschenberg, Warhol eta Lichtensteinen uberari jarraituz, bere pop art kolorez eta sentimenduz betea eraman zuen artearentzat eta historiarentzat irabazitako hiri honen klasizismora.