NAIZ

Apirilean 168.727 langabe zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian, 3.781 gutxiago

Aurreko hilabetearekin alderatuta, Bizkaian jaitsi da gehien langabezia erregistratua apirilean, %2,61eko beherakadarekin (1.920 enplegu-eskatzaile gutxiago). Ondoren kokatu dira Gipuzkoa (-%2,47 / -854), Nafarroa (-%1,75 / -742) eta Araba (-%1,21 / -265).

Lanbideren bulego bat Bilboko Errekalde auzoan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Lanbideren bulego bat Bilboko Errekalde auzoan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerio espainiarrak emandako datuen arabera, apirilaren amaieran 168.727 pertsona zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilabetean baino 3.781 gutxiago.

Hala, apirilaren amaieran 71.639 pertsona zeuden izena emanda Bizkaiko enplegu-bulegoetan, aurreko hilean baino 1.920 gutxiago (-%2,61). Gipuzkoan, 33.710 enplegu-eskatzaile daude erregistratuta, martxoan baino 854 gutxiago (-%2,47). Nafarroan 41.745 dira, 742 gutxiago (-%1,75), eta Araban, aldiz, 21.633, 265 gutxiago (-%1,21).

Orotara, Hego Euskal Herrian 87.606 kontratazio egin dira apirilean, horietatik gehienak (79.380) aldi baterakoak. Horrenbestez, 8.216 kontratazio baino ez dira mugagabeak izan, guztien %9,38.

Espainiako Estatuan, berriz, 39.012 langabe gutxiago zenbatu dituzte apirilean, 3.910.628. Martxoa eta apirila bitartean, ia 100.000 enplegu-eskatzaile gutxiago zenbatu dituzte Estatuan. 

Urteko tasa, Nafarroan soilik gora

Azken urtean (apiriletik apirilera), Nafarroan soilik hazi da langabezia erregistratua, 1.303 enplegu-eskatzaile gehiagorekin (%3,22).

Gainerako herrialdeei dagokienez, urteko jaitsiera %9,33koa izan da Gipuzkoan (-3.469), % 8,23koa Bizkaian (-6.442) eta % 7,56koa Araban (-1.770).