NAIZ

Bizikleta martxa egingo dute Iruñetik Aroztegiaren aldeko Elizondoko manifestaziora

Larubatean Aroztegiako proiektuaren kontra Elizondon egingo den manifestaziora joateko bizikleta martxa abiatuko da ostiralean Iruñetik. Nafarroako Gobernuaren egoitzatik aterako den ekimen honek Nafarroan egiten ari diren beste makroproiektuak ere salatuko ditu.

Aroztegian lanak gelditzeko egin zuten kanpaldiaren irudia. (BAZTANGO GAZTE ASANBLADA)
Aroztegian lanak gelditzeko egin zuten kanpaldiaren irudia. (BAZTANGO GAZTE ASANBLADA)

Iruñetik Elizondoraino bizikleta martxa antolatu dute, larunbatean Baztanen Aroztegiako proiektuaren kontra egingo duten manifestazioan parte hartu ahal izateko. Iruñerriko Aroztek antolatu dute ekimen hau eta azaldu dutenez, ostiralean Nafarroako Jauregiaren atetik abiatuko da 15.30ean lehen etapa Leitzan amaitzeko asmoarekin. Larunbatean Leitzatik aterako dira goizeko hamarretan, Elizondora heltzeko. 17.30ean hasiko den manifestazioarekin bat egingo dute.

Antolatzaileek azaldu dutenez, dagoeneko 40 bat lagunek izena eman dute bizikleta martxan parte hartzeko. Dena den, datozen egunotan kopuru hau haztea espero dute eta larunbatean bizikleta hartzen dutenak 70 inguru izango direla uste dute. Izena emateko irunerrikoaroztak@gmail.com helbidera idatzi ahal da.

Aroztegiaren egitasmoak Baztanen ingurugiroan eta bertako bizimoduan izango duen eragina salatzea da bizikleta martxaren helburua, baina ez da bakarra. Izan ere, Nafarroan dauden beste egitasmo erraldoiren kontra (AHT edo haize errotak, adibidez) ere egiten dute.

Gauzak horrela, dei zuzena egin nahi diote Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko kontseilarari. Landa Garapeneko eta Ingurugiro sailburua denez, proiektu honek bi arloetan izango dituen ondorioei buruzko jarrera plazaratzea eskatzen diote.