NAIZ
Donostia

Metroaren hirugarren zuloagatik azalpenak eskatuko ditu EH Bilduk ETSren batzordean

Donostiako Metroaren lanetan hirugarren zuloa agertu dela-eta azalpenak eskatuko ditu EH Bildu Eusko Trenbide Sarearen (ETS) batzordean. Pasantearen lanetan Kontxako zatia aseguratzeko lanak zergatik ez diren bukatu ere galdegingo du.

Kontxako kabinetan agertu zen zuloa. (@HiriBizia)
Kontxako kabinetan agertu zen zuloa. (@HiriBizia)

Joan zen ostiralean Kontxa azpian egiten ari diren Metroaren lanetan beste zulo bat agertu zen eta hondartzako kabinak itxi egin behar izan zituzten. Udalak ez zuen horren berririk eman; kabinak «matxura» baten ondorioz itxita zeudela besterik ez zuen esan, sare sozialen bidez. Eusko Trenbide Sareak (ETS) oharra kaleratu zuen, «EH Bilduk zuloaren berri eman ondoren». Horregatik, koalizio independentistak «iluntasunaren politika honetan jauzi bat» eman dutela kritikatu du, eta «normaltasun itxura» eman nahi izan diotela salatu du.

EH Bilduren iritziz, erakunde publikoek «ezin dute normaltzat jo hirigunean, jendea bizi den eraikinen azpian edo erabilera publikoko azpiegitura baten azpian zuloak agertzea». Bere ustez, «EAJ-PSEk argitu behar dute zenbat zulo egon daitezkeen gaur egun inguru horretan, eta zer egiteko asmoa duten, orain arte egindakoaz gain, langileen eta bizilagunen segurtasuna bermatzeko».

Horregatik, Metroaren lanen jarraipena egiteko ETSren batzorde ez iraunkorra biltzeko eskatu du, azalpenak eman ditzaten. EH Bilduk dioenez, batzorde hori ez da bildu azaroaren 23tik, «EH Bilduk egindako eskaera baten ondorioz. Ia 6 hilabete daramatza bilerarik egin gabe, bi hilabetean behin biltzeko betebeharra duenean».

Koalizioak nabarmendu duenez, «salagarria da» udal batzorde hori bildu ez izana, «kontuan hartzen baditugu obra honek izan dituen gorabeherak». Bildu denean «EH Bilduk eskatuta izan da; baita uztailean ere lehen zuloa agertu ondoren».

Organo hori ofizioz ez deitzearen atzean «arrazoi bakarra» dago, bere ustez: «Ahalik eta informazio gutxien emateko erabaki politikoa hartu izana EAJk eta PSEk, bai Eusko Jaurlaritzan bai eta Donostiako Udalean ere».

Azken zuloaren inguruko azalpenak eskatzeaz gain, Kontxa ingurua aseguratzeko iazko abuztuan hasitako lanak zergatik ez diren bukatu ere galdegingo du EH Bilduk. Azaldu duenez, lehenengo zuloa agertu ondoren, «ETSk iragarri zuen eremua ziurtatzeko ‘esne injekzio’ esku-hartze bat egin behar zela, 3 hilabete beharko zituena. Horrela, abuztu hasieran Kontxako arkupeetako zati bat itxi eta obrak hasi ziren. Esku-hartzeak 10 hilabete daramatza eta oraindik ez da bukatu».

EH Bilduren arabera, ETSk ez du azalpenik eman «epeak (eta kostuak) zergatik hirukoiztu diren, eta ez du informatu ea atzerapena eragin duten zailtasun berriak zeintzuk izan diren».