Asier Aiestaran

Oinatz Bengoetxeak ongi eutsi dio Zubizarreta gazteari erritmo biziko kanporaketan

Aurrelari leitzarrak 22-15 menderatu du ataundarra Zaldibarren jokatutako partida itogarrian eta Asier Agirre izango du aurkari Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketaren hurrengo fasean. Neurketa hori hemendik bi astera jokatuko da, hilaren 26an Larrabetzun.

Oinatz Bengoetxeak ongi eutsi dio Zubizarretari Zaldibarren (FOKU)
Oinatz Bengoetxeak ongi eutsi dio Zubizarretari Zaldibarren (FOKU)

Oinatz Bengoetxeak 22-15 menderatu du Iraitz Zubizarreta Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketaren lehen kanporaketan eta leitzarra izango da hurrengo koskan Asier Agirreren aurka jokatuko duena. Oso partida bizia izan da, erritmo itogarrian jokatua, eta une batzuetan larri ibili den arren, Bengoetxea gehiago izan da neurketaren bigarren zatian.

Bien jokatzeko moduagatik bazekiten bi protagonistek hasi aurretik norgehiagoka oso bizia izango zela, eta halaxe izan da. Tanto ez oso luzeak, baina oso azkar jokatuak eta pilotariei esfortzu handia eskatu dietenak behin eta berriz.

Markagailuan 2-0 eta 4-3 aurreratu da Oinatz, sakearekin asmatzen hasiz, baina pilota aldatu eta bere onera etorri bezain pronto, Zubizarreta jokoan inposatzen hasi da. Ataundarrak pilota oso bizi mugitu du eta Bengoetxea dantzan ibili du behin eta berriz.

Ez ditu abantaila aipagarriak lortu, hiru tantokoa handiena 5-8an eta 8-11an, baina jokoaren ekimena berea izan da tanto horietan eta Oinatz Bengoetxea aurre nola egin asmatu ezinik ibili da. Arriskatzen hasi denean ere ez du gehiegi asmatu leitzarrak.

Atseden arraroa eskatu du Zubizarretak

Beste tanto gogor baten ostean iritsi da 8-10ekoa, Oinatzi txapara joan zaion dejada baten ostean, eta arraroa izan den arren Zubizarretak berak eskatu du atsedena, botilero lanetan izan duen Rafael aitari oso nekatuta zegoela esanez.

Itzulerako tantoa ere gipuzkoarrak egin du, 8-11koa hain zuzen ere, baina hortik aurrera gauzak erabat aldatu dira. Bengoetxeak 9-11koa ormabiko batekin lortu du eta sei tanto segidan egin ditu, 14-11 aurreratu arte. Tarte horretan txokoan tanto asko eta ederrak egin ditu leitzarrak.

Neurketa ez da hor amaitu, ordea, ez horixe. Zubizarreta mutil gogorra da, zaildua, eta lanerako prest izan da berriz ere emaitza parekatzeko. Bi tanto oso gogorren ondoren lortu du hori: 14-13koa eta 14-14koa itogarriak izan dira eta biak gaztearen alde erori dira.

Amaiera hobea Oinatzek

Zailena eginda zeukala ematen zuen, Oinatzek gehiago sufrituko zuela gogortasun hori, baina nafarrak berriz ere bere “magia” atera du eta beste ormabiko batekin sakea kendu dio Zubizarretari.

Une erabakigarri horretan bost tantoko beste partzial garrantzitsu bat sinatu du Oinatzek eta, hor bai, norgehiagoka erabakita geratu da. Zubizarretak azken tanto bat egin du, baina garaipena eta hurrengo fasean Asier Agirreren aurka jokatzeko txartela –ekainaren 26an Larrabetzun– beteranoarentzat izan dira.

«Asko sufritu dut. Biok joko antzekoa egiten dugu, banekien erritmo handiko partida izango zela, eta halaxe izan da. Banuen kezka ea nola erantzungo nuen erritmo horretan, jada adin bat badaukat, baina ongi ikusi naiz. Eutsi egin diot une zailenetan eta bigarren zatira hobeto iritsi naiz», azaldu du Bengoetxeak neurketa amaieran.

FITXA

Pilotakadak: 222. Partidaren iraupena: 51 minutu eta 48 segundo. Markagailua: 2-0, 2-2, 3-2, 3-3, 4-3, 4-6, 5-6, 5-8, 7-8, 7-9, 8-9, 8-11, 14-11, 14-14, 19-14, 19-15 eta 22-15. Sakez: 5 Bengoetxea VI.ak. Falta 1 Zubizarreta III.ak. Jokoan eginak: 12 Bengoetxea VI.ak eta 10 Zubizarreta III.ak. Galdutakoak: 4 Bengoetxea VI.ak eta 4 Zubizarreta III.ak. Gertaerak: Zaldibarko Olazar pilotalekua. Arkaitz anaia izan zuen botilero Bengoetxeak eta Rafael aita Zubizarretak. Lehen sakea, urdin.