Mikel Artola

Erretxindorra

Haserre dabil azkenaldian. Pandemiak politikaren heriotza egiaztatu duelako ideia sartu zaio buruan eta, saiatu arren, ezin dio gaina hartu. Agian, suminaldiak hartuta dabilelako hil nahi du urretxindorra ipuin honetan. Bestela, argi du ez litzatekeela ausartuko, Attikus Finch-en miresle baita.

Patxik askotan galdetzen zion bere buruari zein usain ote zuen kiskalitako txoriak. Zer nabarmenduko ote zen, luma erreen usaina ala haragi belztuarena? Sukaldeko urretxindorra gorritzen imajinatzen zuen. Eskean aritutako arrebari, nekaezin aritu ere, aitak erregalatutakoa. Mendeku gose zen.

Erre usaina gustuko zuen. Telebistan pilota partiduak ikusten zituen bitartean metxeroarekin erretako buruki bazterreko hariena, su ekonomikan kiskalitako eskolako lanena edo San Juan gauean piztutako gasolinarena. Akolitoaren kandelarena nahiz gehiegi frijitutako kroketarena. Bat ere ez txar. Eta sekula ahaztuko ez zuena, aitaren kotxeko pintzak gaizki erabiltzeagatik kiskalitako motorrarena. Hura errieta egin ziona! Zaplaztekoa bakarra. Uda baratzean eman behar izan zuen, aitzurrarekin.

Zein ote zen arrebaren txori kantaria erretzeko modu egokiena? Atikus-en aitak harrapatu izan balu! Urretxindor bati kalte egin? Gure belarriak gozarazteaz beste lanik ez duen animalia hil? Ume aldrebesa!

Udazken zarpaileko egun euritsu batean abiatu zuen asmoa. Eguraldia gerizpean egoteko modukoa zen. Euria etengabe eta ekaitz bortitzak tarteka. Etxean eman beharko zuten asteburua.

Larunbat goizean pasta batzuk ekarri zituen amak, Patxiren gozo-denda gogokoenetik. Meriendatarako. Txokolatez erdi estalitakoak, almendraz eginak nahiz fruitu zati txikiz koloreztatuak. Etxean egindako txokolatean bustiz irentsiko zituzten arrebak eta biek, bederatzi urteko neskato zintzo bezain inozoak. Amaren besoetakoa omen, askotan amorrarazten zuen Patxik, maltzur, herrak akuilatuta.

Aitak topatu zuen zeregina arratsalde hartarako ere. Txoria izango zen, beste behin, haren ordezko etxean. Ama, urretxindorra, arreba eta Patxi; batzuk pastak jaten eta besteak begira. Edo kantari. Amak baimendutako bost aleak ahoratu aurretik, aztertu eta sailkatu egin zituen Patxik, ez hain gogokoenetik, dotoreeneraino: bi pasta, hurrez egindako krema horixkaz itsatsita, eta txokolate beltzeko estalkiarekin.

Komunera altxa zen lanak amaitzeke. Hanka-sartze barkaezina. Arrautzaren gorringoa bailitzan azkenerako erreserbatua zuen pasta bikoitza hartu eta urretxindorrari arrimatu zion arrebak, kantu artean mokokatu zezan. Fede txarrik gabe izan zela oihukatuko zion amak brageta ixteaz sukaldean amaitu zuen Patxiri, begiak irten beharrean itxi ere. Azkenerako utzia zuen pasta, harribitxia ostu, zer eta animalia bati emateko? Txoroa!

Harrezkero, sena findu egin zitzaion. Pasta jate hark utzitako zapore garratza usain gozo bihurtuko zuen: txori erre usaina. Martxan zen mendekua.

Burdin hesiak, sabaia eta zorua metalezkoak izaki, eroalea zen kaiola, erabat. Bikain! Kanturako kolunpioa ere energia autopista bihurtu zen Patxiren begietara. Izpi bertikal eta horizontalekin dirdaitsu irudikatu zuen kaiola. Umm...

Nahikoa zituen polo negatibo eta positiboko pintzak kaiolako perimetro guztia parrila bihurtzeko. Baita bertako urretxindorraren hezurdura bistaratzeko ere. Horrela ikusia zuen marrazki bizidunetan. Baita komikietan ere. Hala oroitzen zuen aitaren autoko motorra zorigaiztoko egun hartan. Zorionekoa bera, bazekien non gorde zuen aitak pintzen aparailua.

Emozioak goia jo zion etxean bakarrik zegoela ziurtatu zuenean, pixagura egin zitzaion. Ama eta arreba herrira jaitsiak; aita, berriz, berean. Honen ordezkoa eta biak ziren sukalde goxoko maizter. Betiko lez, urretxindorra kantu goxoan ari zen.

Kanpoko atea giltzaz itxi zuen Patxik. Ekonomika su gorritan zen, babarrun eltzea irakiten. Mendeku eskasa litzateke txapa azpiko suaz baliatzea. Sinplea litzateke bere neurriko espezialistarentzat azken soluzio horretaz baliatzea. Gainera, ez luke usain handirik utziko, babarrun usainak sukaldea hartua baitzuen.

Polo positiboko pintza jarri zuen lehenengo. Kaiolako ateari lotu zion. Negatiboa ondoren, atearen parez pare, kaiolaren beste aldean. Txoria kantari. Pintzen atzealdeko kablea aparailu batean sartzen zen, eta bertatik, argindarrera lotu beharreko entxufea ateratzen zen. Aparailuak ez zuen azken hausnarketari tartea utziko liokeen on-off botoi edo kommutadorerik. Azken urratsa falta zuen beraz, entxufatzea. Arre edo so. Txoria kantari.

Maskuria lehertu beharrean nabaritu zuen Patxik. Aurrez aurre zuen zulo parean sartu behar zituen entxufearen bi ziriak. Bertara bideratu eta erabat sartu aurretik, burua kaiolara zuzendu zuen, usaina ez ezik, ikusmena ere saritzeko asmoz. Txoria kantari. Begiak baztertu gabe, entxufea eskuarekin bultzatu eta paretan sartu zuen. Ez zen kaiola argitu, ezta txoriaren hezurdurarik bistaratu ere. Txoria kantari. Kolunpioan txioka, baita eskuarekin entxufea atera eta berriz sartu zuenean ere. Berdin hirugarren saiakeraren ostean.

Ez zen apenas babarrun usainaz bestelakorik zabaldu sukaldean. Ez zen nabaritu ekonomikatik ateratako kirats garratza, kiskali egin baitzen urretxindorra. Pintzak eta aparailua armairura eraman zituen atzera; sortuko zitzaion teknika hobetzeko aukerarik. Hasi berria zen uda baratzean emango zuen. Berriz. Zaplaztekoak bi izan ziren.

Idazleari buruz...

Mikel Artola oiartzuarra ikus-entzunekoetan aritua da urte luzez lanean. Filosofia ikasketak ere eginak ditu. Egun, irakasle moduan egiten du lan. Ez da ausartzen etorkizunean zertan arituko den esatera, horri buruzko daturik ez baitu.