Andoni Arabaolaza

Bere azken zortzimilakoaren jaitsieran, Hong-bin Kim alpinista korearra zendu da

57 urteko alpinista korearra Broad Peak-eko tontorretik bueltan, hilaren 18an, artesi batean erori zen. Hamalau zortzimilakoak sinatu zituen lehen mendizale desgaitua zen; 1991. urtean, Denalin bi eskuetako hatz guztiak galdu zituen.

Karakorumeko aurtengo ohiko denboraldiak lehenbiziko gailurrak izan ditu, baita lehen hildakoa ere. Joan den 18an, Broad Peak-eko gailurretik jaisten ari zela, Hong-bin Kim korearrak ezbeharra izan zuen. Zortzimilako horren lepoan arrakala batzuk zeuden, eta horietako batean aipatu dugun alpinista erori zen. Eremu hori, gutxi gorabehera, 7.900 metroko garaieran dago.

Zoritxarreko jazoera horrek ez dio alpinista korearrari itxi berri zuen proiektua behar bezala ospatzen utzi. Hamalau zortzimilakoen egitasmoaren atzetik zebilen, eta Broad Peak zen zerrendaren azken mendia. Lortu bai, baina, aurreratu dugun bezala, jaitsieran hil zen. Ospakizun bikoitza zuen; izan ere, hamalau erraldoi horiek igotzen lehen mendizale desgaitua izan da.

Korearra goi mailako kirolaria zen. 26 urterekin, Denalin (Alaska), eskarmentu gogorra bizi izan zuen; hain zuzen ere, mendia bizitzeko era aldatuko zioena. Espedizio horretan, sufritutako izozteen ondorioz, bi eskuetako atzamar guztiak, hots, hamarrak, moztu egin behar izan zizkioten.

Ez zuen mendia alde batera utzi, eta erronka zailetan mugitzen hasi zen. Adibidez, eski alpinoko modalitatean Neguko Paralinpiar Jokoetan hartu zuen parte. Denalin izaniko ezbeharra gertatu eta hamar urtera, zortzimilakoetara itzuli zen. Hain zuzen ere, bere herrialdeko espedizio batekin Everest neguan igotzen saiatu zen. Korearraren lehenbiziko zortzimilakoak 2006. urtean heldu ziren: Gasherbrum II eta Shisha Pangma. Urtebete beranduago, Everest igo zuen. Lorpen horrek Hego Korean egundoko oihartzuna izan zuen, besteak beste, munduko mendi garaiena igotzen lehen desgaitu korearra bihurtu zelako. Ondoren, ia etenik gabe gainerako zortzimilakoak iritsi ziren.

Amaiera tragikoa izan duen Broad Peak azkena izan da. Era horretan, Hong-bin Kim hamalau zortzimilakoak eskalatzen 44. alpinista izan da; seigarren korearra. Eta arestian aipatu gun bezala, lehen desgaitua.

Zorte txarra

Protagonista honek izan duen istripuari dagokionez, Vitaly Lazo eta Anton Pugovkinek zehaztasun gehiago eman dituzte. Bi errusiar horiek korearraren erreskatean parte hartu zuten, eta adierazi dute hilaren 17an tontorrera abiatu zirela: «Hirugarren kanpalekutik (7.100 m) irten ginen beste bost talderekin batera. 48 orduko leiho on bat iragarri ziguten. Tontorretik ordu eta erdira ginenean, ekinaldia bertan behera uzteko erabakia hartu genuen; izan ere, jaitsiera gauez egin behar genuenez, arriskurik ez hartzea erabaki zuzenena zen. Gaua hirugarren kanpalekuan igaro genuen».

Hong-bin Kim-en espedizioak, berriz, aurrera jarraitzea erabaki zuen. Eta biharamunean aipatutako ezbeharra gertatu zen. Istripuaren mezua jaso bezain pronto, errusiarrak balizko erreskate baterako prestatu ziren. Pugovkin beste alpinista bat artatzen ari zen bitartean, Lazok korearraren bila joan zen: «7.900 metroko garaieran zama-eramaile pakistandar batzuekin egin nuen topo. Korearrak arrakala horretan 20 metroko erorikoa izan zuen. Metro horiek rappelatu eta Kim-engana iritsi nintzen. Aseguratu eta handik irteten saiatu ginen. Baina zorigaitzak erabat harrapatu zuen korearra. Artesitik ateratzeko bost metrora zegoela, jumarra blokeatu zitzaion, eta, gailu hori ondo jartzen ari zela, beste eroriko bat izan zuen. Horren ondorioz, hil egin zen».