Maitane ALDANONDO
Donostia

Bask, moda kontzientziatzeko eta inspiratzeko tresna gisa ulertua

Ehungintza industriak ingurumenean eta gizakiengan duen eragin kaltegarriaz jabetuta, hiru euskal ekintzailek arropa marka bat sortu dute. Horren bidez, egoera aldatzeko pausoak eman nahi dituzte, besteak beste, arazoaz ohartarazteko ekimenen bidez. Azkena, kostaldean zabor bilketak egitea izan da.

Bask arropa markaren sustatzaile Mikel Izurieta, Jon Kareaga eta Maddi Bercianos ekintzaileak euskal kostaldean barrena ibili dira itsasoko zaborra biltzen. (BASK)
Bask arropa markaren sustatzaile Mikel Izurieta, Jon Kareaga eta Maddi Bercianos ekintzaileak euskal kostaldean barrena ibili dira itsasoko zaborra biltzen. (BASK)

Kontsumitzen ditugun jantzien atzeko errealitate gordina azaleratu eta moda industriak ingurumenean eta gizartean eragiten dituen arazoei konponbide bat proposatzeko asmoz sortu zuten hiru euskal ekintzailek Bask arropa marka. Sistema iraultzeko irtenbide errealak proposatu nahi dituzte eta horietako bat burutu berri duten 213 Km ekimena da: euskal kostaldeko beste horrenbeste kilometro igaro dituzte itsasoko zaborra jasotzen. 309 kilo atera dituzte.

Egitasmoaren sorburua hemendik urrun dago, Bangladeshen. Jon Kareaga zumaiarra, Maddi Bercianos hendaiarra eta Mikel Izurieta azpeitiarra hara joan ziren dokumental bat grabatzera, Mendebaldeko saltokietako erakusleiho politen atzen dagoen errealitatea erakusteko. Ikusitakoa aldatzeko xedez, moda marka jasangarri bat abiarazi zuten, «gizartea aldatzeko, inspiratzeko eta kontzientziak astintzeko» tresna bat dela sinetsita. «Sistema aldatu behar da, baina irtenbide errealak proposatu behar dira 2030. urtea baino lehen, atzera bueltarik gabeko puntu hori baino lehen», dio Kareagak.

Iazko itxialdiaren ondoren kooperatiba txiki bat eratu zuten. Kareaga LEINN ikaslea da eta betidanik izan du buruan ekitea. Modan zeharka sartu zen, konturatu zenean bigarren industria kutsakorrena izateaz gain, eragin sozial bat ere baduela. Inpaktu hori positiboki baliatu nahi dute. «Ikusi genuen tresna oso potente bat gizartea eraldatzeko eta hementxe gaude bete-betean sartuta».

Gizartea kontzientzia hartzen ari bada ere, «iraunkortasun» hitza ez definitzeak eta edonoiz erabiltzeak balioa kentzen diola argudiatu du gazteak. «Nazioarteko markek eta multinazional handiek ez daukate zerikusirik jasangarritasunarekin eta halakoak direla esaten ari dira. Honi greenwashing –zuriketa berdea– deitzen zaio». Izan ere, fast fashion negozio ereduan iraunkortasuna ezinezkoa dela dio, lortzeko bai planeta bai pertsonak «esplotatu» behar direlako.

Horren aurrean, sistemak utzitako ertzetan espazio seguruak sortu nahi dituzte. Ekoizpen kate osoan duten inpaktua kontuan hartzen dute, gardentasunari eta trazabilitateari garrantzi handia emanez. Hala, jantzi bat egiteak dituen kostu guztiak webgunean jasota dituzte. Haren bidez bakarrik saltzen dute eta bezeroak, oro har, sare sozialen bidez heldu ohi dira.

Itsas zaborra bainujantzi bilakatu

Itsasoko arazo larriari irtenbide bat eman nahian 213 Km egitasmoa gauzatu berri dute. Hilaren 8an irtenda, furgoneta batean Hondarribia eta Getxo lotu dituzte, hamaika eguneko bidaian.

Zenbait udalerritan gelditu, eta zabor bilketak egin dituzte, baita kontzertuak edo yoga saioak ere, arazoarekin horren sentsibilizatuta ez dauden pertsonak ere erakartzeko. Edonola, covida dela eta, jende pilaketak saihesteko deialdiak azken unean egin dituzte. Kareaga pozik dago emaitzarekin. «Orokorrean oso ondo joan da. Zarata asko egin dugu eta 309 kilo zabor atera ditugu euskal kostaldetik, pasada bat da. Oso atsegingarria izan da».

Arazoari ikusgarritasuna emateaz gain, helburua bildutako zaborrari bigarren bizitza bat ematea da. Hala, plastiko botilekin bainujantziak egingo dituzte hurrengo urtean, eta ibilbideko CO2 aztarna berdintzeko zuhaitzak landatuko dituzte otsailean.

Epe laburreko xede nagusia, honetatik bizitzea da. Hala, egun duten 300 euroko soldata gutxienez 1.000ra iristea nahi dute. «Pena da esatea, baina hori gabe ezin dugu aurrera jarraitu. Jasangarritasun ekonomikoa ere behar da».

Bestalde, jendearengana iristeko, Bangladeshen egindako dokumentala modu profesionalago batean grabatu nahi dute eta pentsamendu kritikoa landuz jendea ohartarazi marka handiek aldarrikatutako jasangarritasun hori ez dela egia. «Horretan lan ikaragarria daukagu oraindik aurretik», baieztatu du zumaiarrak.