Jon Ormazabal

Plazandreak, zubigintzaren txapelketako finalak jokatuko dira astelehenean Zornotzan

Lehiaketa ezin orekatu bati merezitako amaiera eman nahi diote Reyes Azkoitia eta Erlantz Garciaren neskek.

Talde finalistetako ordezkariak gaur Zornotzan izan den aurkezpenean. (EMC)
Talde finalistetako ordezkariak gaur Zornotzan izan den aurkezpenean. (EMC)

Oraindik garatze bidean den kirol bat izanki, hamaika, ia pilotariko bat, dira emakumezkoen esku pilotan aurkitu ditzakegun errealitateak. Horietako bat da txapelketa desberdinetan dabiltzan pilotarien adin desberdintasuna eta nolabaiteko belaunaldi talka horretan zubi lana egitea izan zen aurtengo Plazandreak txapelketako antolatzaileek euren buruari jarri zioten erronketako bat, momentuko pilotaririk onentsuenak eta azpitik datozen harrobiko gazteak taldetan uztartuz.

Erronka ez zen erraza, are gutxiago bizi dugun pandemia egoera honetan, baina antolatzaileak pozarren dira orain arteko sei asteetan Zornotzako pilotaleku eraberrituan ikusitakoarekin. «Saioa oso oso arrakastatsua izan da. EITB eta antolatzaileen apustua izan zen momentuko pilotari onenak eta azpitik datozen belaunaldi berriak uztartzea eta formula horren emaitza bikaina izan dela. Uste dut saio honekin emakumeen esku pilotak urrats garrantzitsu bat eman duela aurrera, argi ikusi delako pilotarien maila gora egiten ari dela, nabarmen, eta batez ere, emakumezkoen esku pilotak baduela harrobi emankor bat», azaldu du Iker Amarikak.

Kontua da, txapelketa batek arrakastatsua izateko beharrezkoak dituen osagaien artean daudela ezustekoak, oreka, emozioa... eta horiek guztiak izan ditu Plazandreak saioaren bigarren ekitaldiak, finalisten izenak, azken partidako azken tantora arte ez erabakitzeraino. Bide horretatik, txapelketari merezitako amaiera ematen saiatuko dira astelehen honetan Reyes Azkoitia eta Erlantz Garciaren taldeak, justu azken jardunaldi horretan elkarren aurka aritu ziren bi taldeak.

Buruz buruko lehiatan lortutako garaipenei esker Reyes Azkoitiaren taldea –Miren Larrarte, Mirian Arraiza eta Arrate Bergara– nagusitu zen 2-1, baina astelehen honetan edozer gerta daiteke, are gehiago entrenatzaileek euren estrategiak alda ditzaketelako eta, batez ere, aurreko astean konfinatuta egoteagatik jokatu ezin izan zuten Amaia Aldai eta Uxue Oses bueltan izanda, Erlantz Garciak beste karta batzuk jokatu ahal izango dituelako, Leire Garai ahaztu gabe, noski. 

Estrategiak, gordean

Gaurko aurkezpenean entrenatzaileek ez sute egingo dutenaren inguruko pistarik eman nahi izan baina ados jarri dira finalak orekatuak eta oso ikusgarriak izango direla aurreratzerakoan.

Finalak astelehenean, abuztuak 2, jokatuko dira Zornotzako pilotaleku eraberrituan, arratsaldeko 19.30etatik aurrera. Hori bai, orain arteko jardunaldiak ateak itxita jokatu badira ere, finalean legediak baimendutako edukieraren %35a izango da harmailetan. Sarrerak debaldekoak izango dira edukiera muga hori bete arte.