NAIZ

Bederatzi urteko kartzela zigorra Hong Kongeko Segurtasun Legearekin kondenatutako lehenari

Hong Kongeko Segurtasun Nazionalari buruzko lege polemikoan oinarrituta kondenatu duten lehen pertsonari, Leon Tong Ying-kiti, bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri diote, «subertsiora bultzatzea» eta «terrorismo ekintzak» leporatuta, bertako RTHK irrati-telebistak jakitera eman duenez.

Polizia ugari Hong Kongeko auzitegi atarian, Tongen aurkako zigorra jakinarazi behar zela-eta. (Isaac LAWRENCE/AFP)
Polizia ugari Hong Kongeko auzitegi atarian, Tongen aurkako zigorra jakinarazi behar zela-eta. (Isaac LAWRENCE/AFP)

Esther Toh epaileak nabarmendu duenez, Tongi ezarritako bederatzi urteko espetxe zigorrak, erruduna dela adierazteaz gain, bere ekintzek gizartearengan eragiten duten «gorrotoa» islatu behar lukete eta, aldi berean, «beharrezko disuasio-efektua lortu behar luke».

2020ko uztailaren 1ean, Segurtasun Nazionalaren Legea indarrean sartu eta ordu batzuetara, atxilotu zuten Tong, bere motorrarekin polizia talde bat aurretik eramaten saiatzea egotzita. Une hartan, 2019ko bigarren erdian Gobernuaren aurka egindako protestetan erabilitako eslogana omen zeraman bandera batean: «Hong Kong askatu. Gure egunetako Iraultza».

Sezesio-karguagatik, aipatutako bandera erakusteari dagokionez, Tongek sei urte eta erdiko zigorra ezarri diote, eta «terrorismo» karguagatik, berriz, zortzi urte eta erdiko. Guztira bederatzi bete beharko dituela erabaki du auzitegiak. 

Hilaren 27an jo zuten erruduntzat Tong, epaitegiak «gizarteari kalte handia» egin ziola eta «helburu politikoak lortzeko jendea beldurtzeko» ekintzak egin zituela uste ebatzi baitzuen.

Segurtasun Nazionalaren Legeak biziarteko kartzela-zigorra ere aurreikusten du «sezesioa», «terrorismoa» edo «atzerriko indarrekin konfabulatzea» bezalako kasuetarako.

Tongek 24 urte ditu eta bi karguak ukatu egin ditu. Atxilotu zutenetik giltzapetuta egon da, eta fidantzapeko askatasun-eskaera guztiek ezezkoak jaso dituzte.

Epaiketa epaimahairik gabe egin zuten, eta RTHK-ren arabera, «ezohiko» kontu bat izan zen. Hong Kongeko Justizia Sailak epaimahaikideen eta haien familien segurtasun pertsonalaren beldur zela argudiatu zuen.

Amnesty International (AI) giza eskubideen aldeko erakundearentzat, epaia «adierazpen askatasunaren aurkako mailukada bat» da.