NAIZ

Elkarretaratzea deitu dute Gasteizen emakume transexual baten aurkako bortxaketa salatzeko

Ikusgunek salatu duenez, emakume transexual bat bortxatu zuten igandean Gasteizko Abetxuko auzoan. Elkarretaratzea deitu du E28 Koordinakundeak asteazken honetarako, 20.00etan, Bilbo plazan.

Transfobiaren aurkako ekimena Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Transfobiaren aurkako ekimena Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Igandean Gasteizko Abetxuko auzoan izandako bortxaketa salatu du astearte honetan Ikusgunek. Ertzaintzak ikerketa bat jarri du martxan erasotzailea lehenbailehen topatzeko.

«Ikusgunek babes osoa helarazi nahi dio joan den asteburuan erasotutako trans emakumeari», nabarmendu du ohar batean, eta LGTBI+fobia gora egin duela ohartarazi du. Izan ere, gogoratu duenez, 15 intzidentzia erregistratu ditu behatokiak maiatzetik hona. «Datuak ikusita, argi dago trans kolektiboaren aurkako etsaitasuna dela, hain zuzen ere, azken hilabeteetan gehien handitu dena», azaldu du.

«Eskalada LGTBI+fobiko baten aurrean gaude. Inoiz baino beharrezkoagoa da erasoaren ataria diren diskurtsoekin amaitzeko indarrak biderkatzea. Gogorarazi behar dugu gorroto diskurtso eta erasoen atzean kolektibo oso bati zuzentzen zaion mezu bat ezkutatzen dela, eta honek jendarte osoa interpelatzen duela», azpimarratu du.

Pasa den astean 64 urteko emakume batek eraso transfoboa pairatu zuela jakinarazi zuen Ikusgunek. Erasoa uztailaren 22an izan zen, arabar hiriburuko Alde Zaharrean. «Marikoi zikina» oihukatu zuen erasotzaileak, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak adierazi zuenez, eta emakume honek oihua nondik zetorren begiratzeko buelta ematean aurpegian hiru ukabilkada jaso zituen, lurrera eroriz. Ertzaintzaren aurrean salaketa jarri zuen.

Ertzaintza, Udaletxea eta elkarretaratzea asteazkenean

Ertzaintzak ez du azken kasu honetaz informazorik eman, baina salaketa egon badela eta ikertzen ari dela baieztatu du. Zehaztu duenez, Gasteizko Udaltzaingoak jaso zuen salaketa.

Gasteizko Udaletxeari dagokionez, ohiko protokoloa jarri du martxan. Biktimari arreta eskaini dio, mahaia bildu du eta mugimendu feministak zein LGTBI kolektiboek deituko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu die herritarrei.

Hain zuzen ere, elkarretaratzea deitu du Gasteizko E28 Koordinakundeak asteazken honetarako, 20.00etan, Bilbo plazan. ‘Aurrean izango gaituzue, ninguna agresión sin respuesta’ izango da leloa.