Andoni Urbistondo
Entrevue
Ibon Oregi
Kirol heziketako irakaslea eta kirolaria

«Komeriak ditut oraindik ibiltzeko; normaltasunera itzultzea dut amets»

Urtebete pasatu da iazko urriaren 1az geroztik; korrika egiten ari zen Getarian, Jokin lagunarekin, eta auto batek jo zituen, itsasoko alderantz jaurtita. Ezker hanka kendu zioten belauneraino, eta egoskor ari da lanean egunero, istripu aurretik zeukan normaltasunera bueltatzen saiatzeko.

Ibon Oregi. (Jon URBE | FOKU)
Ibon Oregi. (Jon URBE | FOKU)

Zarauzko Dorretxean egin du hitzordua Ibon Oregik (Markina, 1977). Vista Alegre auzoan, bere etxetik gertu. Toki horretan bilatzen du bakea, erronka, bere etxetik bertara 10-15 minutuko aldapatxoa baitauka. Galderarik entzun gabe ekin dio bere sentimenduen kontakizunari. Barruak hustu ditu, eta malkoak isuri, tarteka. Pozik abiatu da etxera bidean, desio bat ahotan: «Lehen neukan normaltasunera hurbiltzea».

Nor zaitugu, Ibon?

Markinan jaiotakoa naiz, azken bi urtetan Zarautzen bizi naiz. Kirolaren bueltan eman dut bizitza. Ingeniaritza bidea landu nuen Batxilergoa bukatuta, baina heziketa fisikoko irakasleak arra sartu zidan, eta kito. Gasteizen egin nituen ikasketak, eta lana Markinako institutuan. Orduz geroztik irakasle. Aurrena Markinan, pribatuan, eta gero publikoan. Zumaian bukatu nuen eta hor daukat nire destinoa. Hiru seme-alaba ditut, 15 urteko Maddi, 12ko Oxel eta 9 urteko Lur, markinarrak jaiotzez, baina ja zarauztarrez mintzatzen direnak. Emaztea, Nerea, lekeitiarra. Itsasoarekin maiteminduta nago, eta Zumaian lanean, beti Zarautz aldean aritu gara etxe baten bila. Etorri ginen, eta gustura. Istripua gertatu aurreko pasadizo batekin oroitu naiz. Alaba eta semea surfa egiten ari ziren, eta bikotea, ni neu eta seme gazteena balkoian, kafea hartzen. Esan genion elkarri, «ze ondo gauden hemen, zer ondo egin dugun hona etortzen». Eta gero…

Hurrengo ostiralean urtebete beteko da istripua gertatu zenetik. Nola zaude?

Hankak lan handia ematen dit, eta gerri aldean ere mina daukat. Xehetasunei erreparatzen diet egunerokoan. Gaur, kiroldegian protesia kendu dut kirola egiteko. Lehen ezin nuen eta orain bai. Ez aspaldi praka motzetan ibiltzea kosta egiten zitzaidan, ze mundu guztia niri begira geratzen zen, eta ez da erraza Zarauzko malekoian paseatzea, 2.000 lagun zuri begira daudela. Eman dut pauso hori, ezberdin begiratzeak ja ez nau hainbeste arduratzen. Oinez perfektu joaten ikasi nahi nuke, edo ahalik eta gutxien igartzea zer arazo daukadan. Lehen fisikoki nintzen pertsonara hurbildu nahi nuke pixkanaka, normaltasunera bueltatu, nahiz eta oso zaila dela jakin.

Nola ikusten duzu istripua?

Urruti. Bizitza berri bat hasi zen ondoren. Kirol edo mendiko oinetako berrietara ohitzeko astebete behar baduzu, ba pentsa nire kasuan. Protesi berri bat jarri didate ezker hankan, eta medikuek esaten dizute: ‘Ikusiko duzu tramankulu honekin ze ondo ibiliko zaren, dagoen onena da’. Eta jabetzen zara ez dakizula ibiltzen. Bi pauso eman eta erori egiten zara. Eta tramankuluak 80.000 euro balio du. Eta zu buru janean, halako dirutza zertarako xahutu ote duten ni hain trakets ibiltzeko…

Zertan aldatu da zure bizitza?

Beti nahi izan dudana egin dut. Hobeto edo okerrago, eta orain hori gestionatzen asmatu behar dut, ezin baitut. Ez da erraza. Lagunekin nagoenean ondo sentitzen naiz, bakarrik nagoenean hainbestean. Lagunek pilo bat lagundu naute, hondartzan, uretan, kalean… Bizikletan atera garenean, eta nahiz eta euren erritmoa jarraitu ezin, norbait nirekin gelditu izan da, eta berau gozatzen nirekin doalako. Lezio handia da hori niretzat. Motordun bizikleta batean ibiltzen naiz. Istripua gertatu aurretik bizikleta garesti bat erosi nuen, baina saldu nuen, ze sotoan ikusten nuen zintzilik, ibili ezinik, eta ezin aguantatu. Paralinpiar kirolariak ikusi ditut, telebistan, eta berpiztu egin naiz pixka bat psikologikoki. Zer kemen duten, jende miresgarria da, harrituta geratu naiz zein lehiakorrak diren beso eta hankarik gabe… Bizitzeko gogoa eman didate. Akaso saiatuko naiz bide hori egiten, denborarekin. Erakartzen nau.

Oinazerik baduzu?

Bai fisikoak, eta baita burukoak ere. Gerri aldean mina dut, istripuan L2 eta L4 ornoen alboko apofisiak puskatu nituelako. Emozionalki gorabehera handiko garaiak dira. Negar egiten dut sarri, behar dut. Hunkitzen naiz maiz, lehen baino gehiago. Behar dut Maddi, Oxel eta Lur seme-alabekin harremana edukitzea. Istripuaren ondoren, torniketea jarri eta gero, gorputza lasaitzean, etorri zitzaidan lehen hausnarketaz oroitzen naiz askotan: ‘Kaka zaharra, hau ez, mesedez, oraindik ez’, pentsatu nuen. Gauza pilo bat baineuzkan egiteko oraindik! Hor jabetzen zara zer datorkizun. Nerea bikoteari ere esan nion: ‘Bilatu ezazu beste norbait, nik ezertarako ez dut balio-eta!’. Hori esateko, pentsa… Sofatik komunera joateko, orduen arabera, asko kostatzen zait. Edo lo zaudela jaiki eta makuluekin ertz guztiak kolpatzea, ordu txikietan… Ezintasun horiek guztiek gogorra egiten dute egunerokoa, eta asko mugatzen zaitu. Nahi duzu, baina ezin duzu, eta buruan dago lana. Frustrazioa sentitzen dut.

Laguntza psikologikorik jaso duzu?

Bai, bai. Psikologoak ere asko lagundu dit, zure barruko frustrazio edo ezintasun guztiekin barrua betetzen joaten delako. Nire egoeran, edozein tontakeriagatik haserretu edo salto egiten duzu, eta horrela ezin da bizi. Frustrazioak behar ez direnekin ordaintzen dituzu, eta ezin da. Beharra daukat askatzeko, eta oraindik ere segitzen dut psikologo eta psikiatrarengana joaten.

Simone Biles gimnasta ikusi nuenean oso identifikatua sentitu nintzen berarekin. Beste euskal kirolari batzuekin ere bai: markak, publikoak, sponsorrak… horrelako presiorik ez dut ezagutu nik, baina norberak bere buruari jartzen dion exijentziarekin frustrazioa berehala agertzen da, eta arlo psikologikoa lantzea oso garrantzitsua da.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Errutina. Bi edo hiru fisio saio astean, orain arte Donostiako erietxean bat eta Zumaian beste bi, azken asteetan Zumaian bakarrik. Gerriko mina kentzeko egiten dut batez ere. Fisioaren ostean, kiroldegira joaten naiz, core, trebetasun, indar eta eliptikoko ariketak egitera. Eliptikoan harrotu egiten naiz pixka bat nire buruarekin, ariketak luzatuz denboran. Eguerdia etxean ematen dut, seme-alabekin, emaztea lanean delako, bizitzaz gozatzen beraiekin. Igeri ere egiten hasi nintzen astean bitan lagunekin, eta horrek ere asko lagundu dit. Pote bat, ondorengo tertulia… Bizitza! Eta asteburuak ba lasaiak. Lehengo bizia berreskuratu behar dut pixkanaka. Denbora kontua da.

Oinez ibiltzen al zara?

Nola edo hala, hainbestean. Bizikleta gainean jarri eta jaisteko ere komeriekin. Makurtzeko, gauzak jasotzeko, materiala eramateko, orain ezin dut hori egin. Denbora behar dut gerriko mina gainditzeko. Igual hankaren kontrolarekin gusturago nago hiruzpalau urte barru. Egun zenbat eta gehiago nekatu, okerrago pasatzen dut. Nekatzeak esan nahi du gauzak gero eta hobeto egiten ari zarela, baina ondoren oinazeak mingarriagoak dira. Gorputz-adar fantasma delakoaren sindromea da.

Zer da hori?

Min neuromuskularra. Buruak aginduak ematen dizkio hankari, hor balego bezala, baina hankarik ez dago. Bizikletan ezin dut zutik jarri, eta eserita joatearen poderioz, ipurdian presioa sortzen da, eta ezker hankako muinoi edo hankaondoan odola biltzen da, kargatu. Karranpak ematen dizkizu. Geratzeko beharra sentitzen duzu, baina maldan gora eta hanka baten gainean ezin dut. Hanka guztia sentitzen dut karranpatuta, baita hatzak ere, mina hatzetan. Etxean, atsedena hartzen nagoenean ere, bikiak igotzen zaizkit, edo karranpak berriz, baina ez dago hankarik. Eta muinoian gora, ziztadak. Gauez botikekin kontrolatuago daukat, baina egunez…

Ironman Hawaiiko triatloi gogorra bukatutakoa zara, 9.35ean. Erronka zalea zarela agerikoa da, zure errekuperazio prozesuan ere hala zara?

Ez. Hobetzen ari naiz, pixkanaka, baina ez dut helbururik jartzen, hala eginez gero, eta helburua lortzen ez badut, frustrazioa sortzen zaidalako. Egiten dudana ondo egin nahi nuke, pausoz pauso, presarik gabe, eta ahal bada surf edo triatloi munduari begira. Surfa nire pasioa da, ez dit ahalegin handirik eskatzen entrenatzea. Ezin dut zutik egon taula gainean oraindik, baina belauniko moldatzen hasia naiz, esku bat eta hanka batekin. Txarrena uretara sartzeko laguntza beharko nukeela da, makuluak hartu edo emango lizkidakeen norbait alboan beti. Edo itsas txakur baten moduan sartu uretara, eta atera bertatik, horrek begirada asko erakartzen baditu ere. Udan gutxiago joan naiz hondartzara bainatzera. Marea behean dagoenean, asko kostatzen zait. Uda bukatuta jende gutxiago ibiliko da, eta saiatuko naiz gehiagotan uretaratzen.

Aseguruak, ezintasuna… Nola daude. Arduratzen zara, gauza horiekin?

Hor ari dira, stand by dago egoera. Ez dakit ezer. Ez dakit zer kalte-ordain erabakiko duten niretzat, eta frustrazioa sortzen dit. Bukatzea nahi dut. Esatea: hainbeste diru, hainbesteko ezintasuna. Oraindik bajan nago, eta pentsatzen dut emango didaten ezintasunaren portzentajearen zain egongo direla, kalte-ordaina erabakitzeko. Ez nago egunero aseguruei lata ematen, ez pentsa, baina bukatzea nahi nuke. Arduratzen nau zer ezintasun ematen didaten, asko, ze nire asmoa lehengo bizitzara ahalik eta gehien hurbiltzea litzateke, gazte edo pertsonekin lotutako zerbaitetan jardutea.

Ze jardun, zehazki?

Ba ez dakit, eta orain ezingo nuke erantzun. Heziketa fisikoko irakaslea, lehen nintzen bezala izatea berriro, gaur-gaurkoz, oso zaila ikusten dut. Gainera, ez dut neure burua ikastetxe batean, hainbeste jenderen aurrean ikusten. Orain, zer egin nahi nukeen baino gehiago, errekuperazioan nago zentratuta. Ni izan, lasai, nire burua kontrolatu, oreka lortu, eta fisikoki trebetasuna eta indarra irabazi, minak kentzeko. Hiruzpalau urte barru helburua ni ondo sentitzea da, baina gaur-gaurkoz hain urruti ikusten dut hori… Ez dakit noraino irits naitekeen, muga non dagoen.

Bueltatu al zara istripua gertatu zen tokira?

Ez. Eta bueltatuko naizenik ere ez dut uste. Ez aspaldi bizikletan atera nintzen lagunekin, eta istripua gertatu zen tokitik pasatu ginen. Han zegoen Ertzaintzak markatutako gezia, eta mutil bat korrika Zumaiarantz. Esan nion kideari: ‘Jode txo, ez dakit zenbat urtetan hemen ez da beste istripurik egongo, eta niri tokatu behar’. Baina ez diot buelta askorik ematen, ez dut azalpen metafisiko edo antzekorik bilatzen. Bizirik nago, eta pozten naiz. Istripua sekulakoa izan zen, eta anbulantzia iristerako 45 minutu pasatu ziren. Bista ere galtzen hasia nintzen, totelka hitz egiten… Baina bizirik nago. Tatuaje bat egin genuen Jokin lagunak eta biok, besoan, istripua gertatu zenean ikusten genuenarekin (Getariako arratoia ikusten da, olatu batzuekin). Leku beltza da niretzat... Emango diogu buelta, helduko da eguna.

Familiarekin zer moduz?

Ondo. Istripuaren ostean Nerea bakarrik egon zen nirekin erietxean. Umeak denborara etorri zen. Heldutasun handia erakutsi du emazteak. Besteren bat izango bazen, hondoratuko zen, edo beste modu batean hartu. Berdin-berdin jokatu du, ez da inoiz kexatu. Ingurukoen babesak ere asko lagundu dio bidean. Nik ez nuen nahi seme-alabak erietxera etortzera, eta bideo deiekin eta Whatsappekin moldatu gara. Beraiekin aurrez aurre hitz egiten saiatu naiz, psikologoak aholkatuta, baina ez da erraza, negarrez hasten baitira. Ez omen naiz lehengo aita berbera, ezin baitituzte lehengo gauzak egin orain. Ahal dudana egiten saiatzen naiz, eta hor itsasoa oso garrantzitsua da, bertan nire gabezia gutxiago nabaritzen delako. Olatu bat hartzea euren aurrean, tubo bat, eurak ere gozatzen… Auto automatikoa ekarri dugu, eta lau eguneko ihesaldia egin dugu Port Aventurara. Porru eginda bukatzen nuen eguna, feria bakoitzean protesia jarri, kendu… baina beharra neukan beraiekin hori partekatzeko. Maitasun latza erakusten zidaten une oro, eta bostak auto berean joateak bete egin ninduen. Oso beharrezkoa izan zen. Normaltasunera bueltatzeko beste pauso bat izan da.

Istripuan Jokin laguna ere zauritu zen. Zer moduz harekin?

Anaia txiki bat bezalakoa da niretzat. Mina dauka sorbaldan, baina ondo dago, barrutik darama. Mugikortasuna galdu du apur bat. Zegama-Aizkorri mendi maratoian ezagutu genuen elkar, duela hiruzpalau urte, eta gero korrika sekulako entrenamenduak egin izan ditugu elkarrekin. Orain fisioan elkartzen gara, Olatz fisioa Jokinen lankidea delako. Telefonoz asko hitz egiten dugu, eta astean behin, edo bitan, kafe bat hartu. Istripuaz aritzen gara, noizean behin. Ez da gai tabua guretzat. Denborak, lasterketak, abokatuak… Lehengo bizimoduaren antzera jokatzen dugu. Pertsona berezia da niretzat. Esango nuke betirako lagun onak izango garela. Bere lasterketak ikustera joateko gogoa daukat, normaltasun horren bila, bete-betean baitabil. Olatz fisioa ere aipatu nahi nuke. Pilo bat lagundu gaitu, musu truk lan egiteko prest beti. Hirukote bikaina osatu dugu.

Egon zineten istripua eragin zuen pertsonarekin.

Bai. Esan ziguten gaizki pasatzen ari zela, eta nik ere beharra neukan berarekin egoteko. Esan nion istripua giza akats bategatik gertatu bazen, sakelakoa begiratzeagatik, adibidez, ez niola barkatuko, ze bestelakoan, arreta edonork galdu dezakegu uneren batean. Istripuak ez dauka azalpen errazik, baina tira. Gertatu da eta kito. Igerilekuan ere topatu izan dut, etengabe esaten dit, negarrez: ‘Barka nazazu, nola zaude?’. Nabaritzen da bera ere ez dagoela ondo, orduan… Berarekin elkartzea ez zen jendearen aurrean egin genuen halako barkamen keinua, gure arteko halako elkartze natural bat baizik. Une hartan toki hartan elkartu ginen hiru pertsona izan ginen, ez besterik. Istripua berak eragin zuen, bai, baina ez zuen nahita egin. Gurekin egoteak bere mina apaldu badu, konforme. Zergatik ez naiz bere sufrimendua leuntzen saiatuko? Berarekin txarrean erreakzionatzeak zertarako balio du? Zer lortzen duzu amorruz jokatuta? Tentazio hori burutik pasa ere ez zait egin, eta berak ere egoera ahalik eta ondoen gainditzea nahi nuke. Gertatu zen, eta kito.

Itsutu gabe, eta eskatzeko baimenarekin, zer eskatuko zenioke etorkizunari?

Lehen neukan bizitzara itzultzea. Emango didaten kalte-ordaina eta gehiago ordainduko nuke, baina diruak ez dit ezer konpontzen. Zorigaizto hark gauza on batzuk eman dizkit, baina bizitza aldatu zait erabat. Bizitza bat neukan istripua gertatu aurretik, eta beste bat ondoren. Orain aurrera begiratu, zailtasunei aurre egin, frustrazioak saihestea tokatzen zait. Atzera begiratzeak, egun hura gogoratzeak hondoratu egiten nau. Epeak laburtu nahi nituzke, kirola egin, gazteekin zerikusia daukan jardunen batean aritu. Ez dut, momentuz, Hezkuntza Sailarekin hitz egin, itxaroten nago, ezintasun kopuruari, eta gero gerokoak. %100 aitortuko ez balidate, nahi nuke egun erdiz edo jardun, eta beste erdia ba errehabilitazioan aritu. Nire buruarekin gustura egon behar dut aurrena, eta nire aletxoa jar badezaket, irakaskuntzan edota beste arloren batean, aurrera. Baliagarri sentitu nahi dut, eta akaso pedagogia kontuetan murgildu, zailtasun fisikoa edo burukoa duen jendearekin. Haiekin aritua naiz, irakasle nintzenean, eta pila bat ikasi nuen. Hori, eta kirola egiten jarraitzeko aukera banu, ezin hobeto.