NAIZ

Euskal Herrian energia komunitateen sorrera sustatzeko mintegiak antolatu ditu Udalbiltzak

Euskal Herriko udalerriak burujabetzaren bidean jartzeko xedez, ‘Udal Proiektu energetiko komunitario eta burujabeak’ jardunaldia antolatuko du Udalbiltza Partzuergoak azaroaren 13an, larunbatean, Hernaniko Orona Fundazioan.

Udalbiltzako Batzorde Eragileko kideak Orona Fundazioaren Ideo eraikinaren aurrean, jardunaldia aurkezten. (UDALBILTZA)
Udalbiltzako Batzorde Eragileko kideak Orona Fundazioaren Ideo eraikinaren aurrean, jardunaldia aurkezten. (UDALBILTZA)

Udalbiltza Patzuergoak datorren azaroaren 13an Orona Fundazioan, Hernanin, antolatuko dituen ‘Udal Proiektu energetiko komunitario eta burujabeak’ mintegietan Euskal Herrian energia burujabetza bultzatzeko gakoak eta erronka nagusiak izango dituzte mintzagai. Horretarako, Euskal Herrian jada martxan dauden hainbat ekimen ezagutaraziko dituzte eta antzeko proiektuak abian jartzeko nahitaezkoak diren tresna juridiko, ekonomiko eta sozialak azalduko dituzte.

Jardunaldiak hautetsiei, udal teknikariei eta norbanakoei zuzenduta egongo dira eta mintzagai izango diren proiektuen artean Hernaniko eta Urarteko Energia komunitateak, Irurtzungo energia lanketa eta Hergaraiko Sugarai biomasa kooperatibak egongo dira.

Hala ere, ‘Udal Proiektu energetiko komunitario eta burujabeak’-eko gonbidatu azpimarragarrienak Greziako Electra Energy kooperatibako ordezkariak izango dira. Udalbiltzak azaldu du greziarrak aitzindariak direla energia komunitateak sustatzen. «Energia komunitateak arautzen lehenak izan ziren 2018an, besteak beste, autokontsumoa sustatzeko eta pobrezia energetikoari aurre egiteko».

Hori horrela, Udalbiltzaren lehendakaria den Jabi Asurmendik mintegi hauen garrantzia nabarmendu du: «Hamarkada hau gakoa izango da ezinbestekoa den eraldaketa energetikorako bidean, eta beharrezkoa izango da energia iturriak ez ezik, energia kudeatzeko zein kontsumitzeko erak eta pentsaerak ere birplanteatzea».

Horri gehituta, «energia jendearentzat ezinbesteko zerbitzua den heinean, herritarren erabakimena eta energia baliabideen demokratizazioa ezinbestekoa» dela ondorioztatu du Asurmendik.

Horregatik, jardunaldiak «esperientzia horietatik ikasi, berraldatu, sortu, jakintza partekatu, gogoetak elkartrukatu eta gure herrietan antzeko esperientzia berriak martxan jartzeko» balioko du, bere aburuz.

Egitarauari dagokionez, mintegia lau hitzaldi eta bi mahai-inguruz egongo da osatuta. Hori horrela, energiaren sektorean hartu-emanetan dabiltzan Euskal Herriko zein nazioarteko adituak egongo dira bertan: Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatea; Xabier Zubialde, energia berriztagarrietan aditua eta ingeniaria; Iñaki Valles, Urarte Kontzejuaren energia komunitateko lehendakaria; Mattin Aldaia, Hernaniko hautetsi eta bertako energia komunitatearen ordezkaria; Irurtzungo alkatea den Aitor Larraza, bertan egindako energia lanketari buruz hitz egiteko; eta Sugarai kooperatibako lehendakarikide Peio Harlouchet, euren biomasa ekimena aurkezteko. Moderatzaile lanetan Mirari Antxustegi kimika eta ingurumen ingeniaria egongo da.

Gero, Greziako Electra Energy Renewables kooperatibako bi kidek, Miriam Rodriguezek eta Ignacio Navarrok, hartuko dute hitza. Hauek Greziako Energia Komunitateen Legea azalduko dute eta horrek euren jardunean izan dituen ondorioen berri emango dute.

Horren ostean, GoiEner eta I-Ener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumorako kooperatibetako kideak diren Alazne Arrutik eta Iban Lizarraldek energia eta burokraziaren esparruko gako batzuk emango dituzte energia proiektu komunitario bat eraikitzerakoan agertu daitezkeen arazo legalei nola aurre egin argitzeko.

Bukatzeko, mahai-inguru batek emango dio itxiera mintegiari. Bertan, etorkizun energetikoaren inguruan hausnartuko dute Aitor Urresti, EHUko irakaslea; Maitane Arri, Ekologistak Martxan elkarteko kidea; eta Idoia Zulet, Arankoa Abokatuak bulego juridikoko abokatuaren parte-hartzearekin.

Aforo kontua dela eta izena aurretiaz eman beharko da.