NAIZ

CV Sestao Superliga 2 mailako liderra da denboraldi hasierako bi neurketak irabazita

2007ean bi maila nagusiak berregituratu zirenetik euskal boleibolean lortu gabeko balentria erdietsi du CV Sestao taldeak txapelketako lehen bi jardunaldiak jokatu diren honetan. Superliga 2ko liderra da, batez besteko onenarekin, Heidelberg eta Kanaria Handia taldeen aurretik kokatuz. 

Nerea Ruiz eta Oihane Gutierrez "Guti" entrenamendu aurretik. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Nerea Ruiz eta Oihane Gutierrez "Guti" entrenamendu aurretik. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

CV Sestao denboraldi hasiera zinez ona burutzen ari da. Lehen bi jardunaldiak 3-0eko markagailuarekin irabazi ostean, Superliga 2ko liderra da talde bizkaitarra. Batez besteko onenarekin da nagusi sailkapenean (1,678), Kanarietako Heidelberg (1,313) eta CV Kanaria Handia taldeen gainetik (1,227), hain zuzen ere. 

Asteburu honetan Vall d'Hebron talde kataluniarra irabazi dio aipatu 3-0eko markagailuarekin eta sei puntu poltsikoratu ditu bi jardunalditan. 

2007an lehen bi kategoria nagusiak berregituratu zirenetik, euskal talde batek –gizonezko zein emakumezko– lortu duen balentria handiena da honakoa. 

Paki Blancok zuzentzen duen taldea Estatu espainoleko lehen bi maila nagusietan lehiatzen den euskal talde bakarra da egun. Bere laugarren denboraldia ari da jokatzen maila honetan eta pasa den sasoian jada bere historiako denboraldirik onena egin zuen. Laugarren bukatu zuten denboraldia eta orduan, Nerea Ruiz kapitainak ziurtatu zuen NAIZi emandako elkarrizketa batean «muga Superliga 2an» zeukatela uste zuela, baina gorago begira» dezaketela. 

CV Sestao maila honetara igo zenetik, boleiboleko goi-mailan lehiatu zuen azken taldea San Pedro Bilbobus bilbotarra izan zen. Duela kasik hiru hamarkada orduan Ohorezko Maila bezala ezaguna zen ligan bi denboraldi jokatu zituen, 1991tik 1993ra, hain zuzen ere.