NAIZ

Euskararen kontrako erabaki berria hartu du Nafarroako Epaitegi Administratiboak, Zizurren

Euskararen normalizazioaren kontrako beste epai bat egin du Nafarroako Epaitegi Administratiboak. Oraingoan Zizur Nagusiko hiru lanpostu deialditan euskara ez dela derrigorrezkoa ebatsi du Navarra Sumaren helegitea onartuz.

Zizur Nagusiko Udalaren egoitza. (NAIZ)
Zizur Nagusiko Udalaren egoitza. (NAIZ)

Euskararen normalizazioaren kontrako beste erabaki berri bat hartu du Nafarroako Epaitegi Administratiboak, oraingoan Zizur Nagusiko Udalaren lanpostu deialdi baten kontra.

Navarra Suma alderdiak aurkezturiko helegitea onartu du Nafarroako Epaitegi Administratiboak, koalizio honek jakitera eman duenaren arabera. Ondorioz, bertan behera utzi dute euskara jakitearen beharra idazkari, gazteri arloko teknikari eta obretako langile izateko deialdietan.

Aldez aurretik, antzeko erabakia hartu zuen Nafarroako Epaitegi Administratiboak Berriozarko Udalak kiroldegiko tabernako arduraduna izateko egin zuen lan deialdian.

Zizur Nagusiko lan deialdiari dagokionez «neurriz gabekotzat» jotzen du epaitegiak idazkari izateko deialdian euskarazko C1 maila eskatzea eta eskaera hau derrigorrezkoa izatea. Epaiaren arabera, euskara eskatzea ez da beharrezkoa herritarrek hizkuntza hau erabiltzeko eskubidea ez delako zapaltzen Udalarekin harremanetan izateko garaian.

Antzeko argudioa erabiltzen du gazteria arloko teknikari posturako. Epaitegiaren ustetan, lanpostu honen helburua ez da herritarrei informazioa zabaltzea eta arreta zuzena eskeintzea. Obretako langilea izateko ere arrazoi bera argudiatzen du, hau da, herritarrekin ez dutela harreman zuzenik.

Honekin batera, Nafarroako Epaitegi Administratiboak gaztelera Nafarroa osoan hizkuntza ofiziala dela nabarmentzen du. Euskara, berriz, soilik «zonalde euskaldunean» dela koofiziala eransten du, Zizur Nagusia «zonalde mistoan» dagoela gogoratu ondoren. Eta hor ez da koofiziala.