NAIZ

Gernikak lidertza indartu nahi du Eurocup Women txapelketan La Roche Vendeeri irabaziz

Talde bizkaitarrak bigarren garaipen jarraia nahi du Europan 20.00etatik aurrera talde frantziarraren aurka jokatuko duen partidan. Lehendabiziko aldiz, Malosteko harmailak guztiz bete ahal izango dira.

Lehendabiziko aldiz, Maloste kiroldegiko harmailak bete ahal izango dira. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Lehendabiziko aldiz, Maloste kiroldegiko harmailak bete ahal izango dira. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Lointek Gernika Bizkaiak hitzordua du asteazken honetan Eurocup Women txapelketako bigarren jardunaldiarekin (20.00, ETB4 eta FIBAko Youtubeko kanala). Bizkaitarrak H multzoko liderrak dira lehen jardunaldian Virtus Boloniari 60-65 irabazi ostean. Hori bai, garaipen batekin berdinduta daude bihar izango duten aurkariarekin, La Roche Vendee. Frantziarrak bigarren dira, lau punturengatik irabazi zutelako lehen partidan Flammes Carolo Basketi (68-64).

Gernikak aste gogorra utzi du atzean. Hiru partida zaila jokatu dituzte bizkaitarrek Eurocup Womeneko hitzordu honetara iritsi aurretik: Perfumerias Avenida, Virtus Bolonia eta Valencia Basket. Gainera, Mario Lopez entrenatzaileak oso jokalari gutxi izan zituen prest Europako aurreko neurketan; adibidez, lehen taldeko sei jokalarik jokatu zuten Bolonian –guztira bederatzik hartu zuten parte–.

Horrek guztiak Belen Arrojo bezalako jokalariei minutu asko eman zizkien, gehiegi agian. Biharko Marge Roundtreek ezin izango du jokatu eta extrakomunitario fitxa utziko dio Bolonian baja izan zen Angie Bjorklund herrikideari. Gabija Meskonyte lituaniarrak ezin izango du jokatu, denbora luzerako lesionaturik baitago.

Virtus Boloniaren aurkako partidan honako jokalari hauek nabarmendu ziren: Tinara Nicole Moore (12 puntu, 10 errebote eta 20ko balorazioa), Margaret Roundtree (14 eta 14) eta Belen Arrojo (10, 9 eta 12).

Asteazken honetan aurkari izango duten La Roche Vendee taldeak antzera irabazi zuen bere Eurocup Womeneko lehen partida. Zazpi jokalari aritu ziren pistan. Ana Suarez (13, 5, 7 asistentzia eta 14), Ornella Bankole (11, 12 eta 16), Assitan Koné (17, 4 eta 18)  eta Tiffany Wright Clarke (12, 5 eta 14) nabarmendu ziren bertan.

Gainera, antzeko beste faktore bat dute Gernikak eta La Roche Vendeek. Biek euren Ligetan porrota jaso ostean neurtuko dituzte indarrak. Hori bai, bizkaitarrek zerbait izango dute alde: zaleak. izan ere, lehendabiziko aldiz, Malosteko harmailak bete ahal izango dira Europako partida hau ikusteko.

Etxean garaipenak eskuratzea berebizikoa izango da, eta hala azpimarratu du Mario Lopezek. «Lehendabizi, jokalari eta talde handiak Gernikan ikusteko aukera handia da. Eta bigarrenik, Maloste berriro beteta ikustea eta azken urteeako Europako gau berezi horiek berriro sentitzea sinestezina izango da».

Gernikak badaki zer den frantziarrei irabaztea. Aurreko denboraldian egin zuen, Fontetako burbuilan jokatutako partidan (82-67).