NAIZ

Iazko ausentzia ostean, Elgoibarko Juan Muguerza Krosa urtarrilaren 9an ospatuko da

Pandemiarengatik 2021eko edizioa bertan behera utzi ondoren, atletismoko hitzordu garrantzitsu honetako antolatzaileek astearte honetan jakitera eman dute hurrengo edizioa ospatuko dela: 2022ko urtarrilaren 9an.

Elgoibarko Juan Muguerza krosaren azken edizioa 2020ko urtarrilan ospatu zen. (Juanan RUIZ/FOKU)
Elgoibarko Juan Muguerza krosaren azken edizioa 2020ko urtarrilan ospatu zen. (Juanan RUIZ/FOKU)

Albiste bikaina datorkigu atletismoaren mundutik. Izan ere, 2021eko edizioa, 78. ekitaldia hain zuzen ere, bertan behera geratu ondoren, Elgoibarko Juan Muguerza Krosa bueltan da, «gogo eta ilusio berberarekin», astearte honetan bertan antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Hala, hitzordua datorren urtarrilaren 9an izango da eta helburua «2020ra arte lortutako mailarekin jarraitzea da», azpimarratu dute. Horretarako, «erakundeen, babesleen, komunikabideen, boluntarioen eta zaleen laguntza behar dugu, zuek zarete gure altxorrik handiena», adierazi dute.

«Boluntariotza da gure kezkarik handiena; hemendik dei egiten diegu gure antolakuntzan lankidetzan aritu nahi duten pertsonei», gaineratu dute antolatzaileek.

Gogoratu behar da Mintxeta Atletismo Taldeak urtero antolatzen duen proba entzutetsu honen azken edizioa aurtengo urtarrilaren 24an ospatzekoa zela, baina ikuslerik bildu ezinak eta 20 urtez azpiko lasterketarik ezin eginak atzera egitera behartu zituen antolatzaileak.

Ekitaldia ospatzeko lau baldintza bete behar zirela argi eta garbi adierazi zuten iaz. «Lehenik eta behin, antolatu ahal izateko dirua izatea, eta horren barruan Udalaren eta babesleen laguntza; bigarrenik, erakundeen baimena eta ikusleekin jokatu ahal izatea. Lasterketa telebistaz ematea da hirugarren baldintza eta nazioarteko atletarik onenak, tartean afrikarrak, Elgoibarrera ekartzeko aukera izatea laugarrena», zehaztu zuten orduan.

Une horretan, baina, Covid-19a zela eta jasaten ari ginen pandemiaren ondorioz, lau baldintza horietatik bi ez ziren betetzen. Batetik, 20 urtez azpiko kategoriakoen partaidetza –Mamo Wolde saria, alegia– bermatzea. Eta bigarrenik, ikusleen aferari helduz azpimarratu zuten momentu horretan indarrean zeuden neurriekin ezin zutela bermatu ikusleak izatea.