NAIZ

Hedabideetako ardura emakumeen esku denean nabaritzen dela adierazi dute

Prensa Elkarte Interamerikarraren batzar orokorrak hedabide garrantzitsuetako zuzendari eta presidente emakumeak bildu ditu, euren esperientzia kontatu dezaten. Ondorioztatu dutenez, esaerru horretan emakume gehiago sartzea «funtsezkoa» da albisteekiko ikuspegia anitzagoa izan dadin.
Gabriela Cañas Prensa Elkarte Interamerikarraren batzar orokorrean parte hartu du, telematikoki. (EFE)
Gabriela Cañas Prensa Elkarte Interamerikarraren batzar orokorrean parte hartu du, telematikoki. (EFE)

Efe eta Associated Press nazioarteko agentzien eta ‘USA Today’ eta ‘Libre’ egunkarien zuzendariek defendatu dute emakumea funtsezkoa dela hedabideetan aniztasuna eta inklusioa bermatzeko. Azpimarratu dutenez, halaber, emakumea komunikabideetan zuzendaritza-postuetan sartzea «produktuan» nabaritzen dela, haren ikuspegia aukeratutako gaietan edo gertaerak aztertzeko edo iritziak emateko kontsultatzen diren pertsonetan islatzen delako, eta indarkeria matxista bezalako gaien inguruan «masa kritikoa» sortzen laguntzen duelako.

Gabriela Cañas Efe Agentziako presidentea, Ivett Chicas Associated Presseko latinoamerikar merkaturako zuzendaria, Inés Aizpún ‘Libre’ egunkariko (Dominikar Errepublika) zuzendaria eta Maribel Pérez Wadsworth Gannett –‘USA Today’– taldeko presidentea bildu ditu Miamin ospatu den Prensa Elkarte Interamerikarraren batzar orokorrak.

Elkarrizketan argi geratu da oraindik emakume gutxi iristen direla kazetaritza-enpresen gailurrera, nahiz eta haiek erakusten duten zerbait aldatzen ari dela eta oso garrantzitsua dela arrakasta dutenak beste emakume batzuentzat eredu izatea.

1939. urtean sortutako Efe agentziako lehendakaritzan lehen emakumea da Gabriela Cañas. Honek azpimarratu zuenez, tradizioz gizonak nagusi diren esparru batean, «funtsezkoa» da emakume gehiago sartzea, «ikuspegi askoz ere anitzagoa» ematen dutelako eta «gauzak aldatzen hasteko bidea» direlako.

Cañasek Reuters Instituteren azterlan bat aipatu du, munduko kazetaritza-enpresetako zuzendaritza-postuen %22 soilik emakumeek betetzen dituztela adierazten duena.

Bere ustez, hedabideetan zuzendaritza-postuak dituzten emakumeek «boterearen ariketa inklusiboagoa» egiten dute, gehiago baloratzen dutelako beste emakumeen talentua eta «naturaltasun handiagoz» baliatzen direlako hortaz. Halaber, «besteen iritziak entzuteko irekiagoak» izaten dira, eta proaktiboak izaten dira gizartearen arazo larrien aurrean.

Maribel Pérez Wadsworth Gannett taldeko goi mailetara iristen den lehen emakumea izateaz gain, lehen pertsona latinoa ere bada. Hedabide taldeak ehun enpresa baino gehiago hartzen ditu AEBtan zehar.

‘USA Today’-ko zuzendaria ere bada. Postu horretara iritsiko zenik ez zuela inoiz pentsatu aitortu du, ez zitzaiola posible iruditzen, ez «gai ez zelako», baizik eta beste emakume baten eredurik ez zuelako. «Kazetariak beti gizonezkoak diren filmak, serieak eta liburuak ikusten ditugu», esan du.

Ivett Chiccasek aipatu du Associated Press-en emakumea zuzendaritza-postuetan egotea errealitatea dela aspaldidanik, eta hurrengo presidentea, datorren urtarrilean kargu hartuko duena, emakumea eta «koloreduna» izango dela. «Kazetaritza aniztasuna da», nabarmendu du.

Aizpun, berriz, duela urtebete da ‘Libre’ egunkariko zuzendari. Bere iritziz, Dominikar Errepublikan askok aukeratzen dute gailurrean egoteko borrokarik ez egitea, eta horregatik emakume gutxi daude enpresetako goi-postuetan.