NAIZ
Paris

Éric Zemmour ultraeskuindarrak Marine Le Pen gainditu du inkesta berri eta zabalago batean

Éric Zemmour esatariak, immigrazioari buruzko proposamen polemiko eta erradikalengatik ezaguna denak, Marine Le Pen eskuin muturreko buruzagia gainditu du berriro boto-asmoan, Estatu frantseseko apirileko hauteskundeei begira, galdeketa zabalago baten arabera.

Eric Zemmour. (Christophe SIMON | AFP)
Eric Zemmour. (Christophe SIMON | AFP)

‘Le Monde’ egunkariak eta Cevipof ikerketa politikoen zentroak batera egindako boto inkestak 16.228 pertsona hartu zituen. Azken hilabeteetan argitaratutako beste inkestek mila pertsona inguru besterik ez zituen kontutan hartzen. Inkestaren arabera, Emmanuel Macron egungo presidenteak irabaziko luke lehen itzulia, botoen %23,1 eta %26,9 artean lortuta.

Hauteskundeetara aurkeztea erabakiko balu, Zemmourrek Le Pen apur bat gaindituko luke, baina estatistika-errorearen marjinatik gertu. Edonola ere, horietako bat bigarren itzulira igaroko litzateke, Macronekin aurrez aurre.

Orain arte, Zemmourrek, telebistako esatariak, Le Pen gainditu du boto-asmoari buruzko zundaketa askoz ere zabalago batzuetan.

Les Républicains (LR) alderdiko hautagai posibleen artean, Xavier Bertrandek (%12,3-13,7) nabarmen gainditzen ditu bere alderdiko balizko beste bi hautagaiak: Valerie Pécresse (%9,4-10,6) eta Michel Barnier (%8,4-9,6).

Ezkerreko aldean, Yannick Jadot ekologista da hoberen ateratzen dena, %8,4 eta %10,1 arteko bozkak lortuko bailitu.

Jean-Luc Mélenchon La France insoumise (LFI) liderrak %7,4 eta %8,6 artean lortu du, eta Anne Hidalgo PSkoak %4,5etik %5,5era.

Emaitzek LR-ren «ahultasun handiko egoera» berresten dute; izan ere, hautagai posibleek duela bost urte antzeko inkesta batean lortu zuten, ‘Le Monde’-k dioenez.

Are okerragoa da ezkerraren egoera, itxuraz konponezinak diren ezberdintasunen ondorioz zazpi hautagai dituelako; bigarren itzulira ez pasatzera kondenatuta daude.

Galdeketaren arabera, ezkerrak badu itxaropenerako arrazoi bat; izan ere, galdetutako frantziarrek adierazi dute erosteko ahalmena (%41) eta ingurumena (%30) direla arazo nagusiak, eta bietan hautagai ezkertiarrak abantailarekin abiatzen direla.

Atzerago geratu dira immigrazioa (%29) eta delinkuentzia (%27), eskuin muturreko bi gai gogokoenak.