NAIZ

Lucia Martinez Odriozola Kazetaritza Feministaren Biltzarra, sarean, abenduaren 1etik 3ra

‘Pikara Magazine’ aldizkariak Kazetaritza Feministaren bigarren Biltzarra egingo du abenduaren 1etik 3ra, sarean, eta joan den udan hil zen Lucia Martinez Odriozola aldizkariaren sortzailearen izena izango du. Kazetari erakundeen lan ikusezinaz edota hedabideen iraunkortasunaz mintzatuko dira.

Lucia Martinez Odriozola omendu eta eskertzeko ekitaldia izango da Kazetaritza Feministari buruzko Bigarren Biltzarra. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Lucia Martinez Odriozola omendu eta eskertzeko ekitaldia izango da Kazetaritza Feministari buruzko Bigarren Biltzarra. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Kazetaritza Feministari buruzko bigarren Biltzarra sarean egingo da, datorren abenduaren 1etik 3ra. ‘Pikara Magazine’ antolatzaileak joan den udan hil zen Lucia Martinez Odriozola aldizkari feministaren sortzailearen izena jarri dio, omenaldi eta eskertza gisa. Horretaz gain, inaugurazio hitzaldiak kazetariak eta EHUko irakasleak hainbat erakunde profesionaletan izandako zereginak berrikusi eta oroitzeko balioko du.

Euskal Kazetarien Elkartearen lehendakari, Kazetarien Euskal Elkargoaren bultzatzaile eta dekano eta Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioko (FAPE) lehendakariorde izan zen Martinez Odriozola. Berarekin zuzendaritza batzordea partekatu zuen FAPEko presidente ohiak, Magis Iglesiasek, ‘Azkenengo arratsaldeak Luciarekin’ izeneko hitzaldiarekin hasiko du biltzarra, kazetari erakundeen lan ikusezinari buruz hitz eginez.

Hedabide baten iraunkortasunari ekarpena

Lehenengo mahai-inguruan, negozio ereduak jorratu eta ikuspegi feministak komunikabide baten iraunkortasunari zer ekarpen egin diezaiokeen galderari erantzuten saiatuko dira. Anna Celma Melero (‘La Directa’), Patricia Reguero (‘El Salto’), Magda Bandera (‘La Marea’) eta Tamia Morales (‘Pikara Magazine’) ariko dira.

Egun horretan bertan, arratsaldean, aldi bereko bi tailer egingo dira: Laia Serra abokatuak emandako adierazpen askatasunaren mugei buruzkoa bat, eta arrazakeriaren aurkako kazetaritzari buruzkoa bestea, Lucia Mbomio kazetariak dinamizatua.

Kazetaritza ikerketa

Biltzarraren bigarren jardunaldia hasteko, Lucia Muñoz eta Andrea Momoitio kazetariek eta Itxaso Martin antropologoak klabe feministako kazetaritza ikerketari buruzko mahai ingurua egingo dute.

Egun berean beste bi mahai-inguru daude aurreikusita: alde batetik, Ana Reguera (Señora Milton), Emma Gasco, Ana Penyas eta Quan Zhou (Gazpacho Agridulce) ilustratzaileek parte hartuko duten prentsa feministarako ilustrazioari buruzko elkarrizketa. Bestetik, Florencia Goldsman kazetaria eta Marta Peinaro eta Martu Islas teknologian adituak elkartuko dituten komunikatzaile eta ekintzaile feministek jasaten dituzten ziberbiolentziei aurre egiteko zaintza digitalei buruzko topaketa.

Autozentsura eta sare sozialak

Lucia Martinez Odriozola Kazetaritza Feministari buruzko bigarren Biltzarreko eztabaida saioak abenduaren 3an amaituko dira, autozentsurari eta sare sozialei buruzko mahai-inguru batekin. June Fernandez, Patricia Simon eta Nuria Alabao kazetariek sare sozialetan agertzeak lana zailtzen duen ala ez aztertuko dute. Eta, hitzordua borobiltzeko, Viruta FMk kontzertua emango du Bilboko Bira Kultura tabernan, biltzarrean izena eman ez duten pertsonentzat ere bai.

Topaketarako izen-emateak www.periodismofeminista.com webgunean egin daitezke eta kostua 9 eta 40 euro bitartekoa da. Ekitaldiarekin bat eginez, ‘Pikara Magazine’-k kazetaritza feministari buruzko monografiko bat argitaratu du. Bertan, saioetan eztabaidatutako zenbait gai jorratuko dira, hala nola kazetaritza fakultateen zeregina edo iturriekiko harremana, eta sareko dendan eskuratu ahal izango da.

Gainera, biltzarrari lotutako aurrez aurreko bi jarduera antolatu ditu aldizkariak Bilbon. Larunbat honetan, azaroaren 30ean, San Frantziskoko Zentro Zibikoan, June Fernandezek Teresa Maldonado aktibista feminista elkarrizketatuko du ‘Hablemos claro. Retórica y uso del lenguaje en el feminismo’ liburuaren argitalpena dela eta. Gainera, abenduaren 4an, Arte Muhé-ren eskutik, hainbat diziplinatako sortzaileen arteko topaketa egingo da, Bira Kultura tabernan.