Iraide Ibarrondo

Usansolok Galdakaorengandik desanexioa aldarrikatzen darrai

Larunbatean, urriaren 23an, desanexio eguna ospatu dute usansolotarrek. Honen bidez, Usasolo Herria plataformaren gidaritzapean, Usansolo Bizkaiko 113. herria dela aldarrikatzea dute helburu.

Usansolotarrak UHk desanexioaren alde deitutako manifestazioan. (USANSOLO HERRIA)
Usansolotarrak UHk desanexioaren alde deitutako manifestazioan. (USANSOLO HERRIA)

30 urteko ibilbidearen ostean, Usansolo, oraingoz Galadakao udalerriko auzoa dena, desanexio prozesuaren azken txanplan sartuta dago jada. Joan den larunbatean, urriaren 23an, desanexio eguna ospatu zuten usansolotarrek, horren bidez «desanexio sentimendua itzalita ez dagoela» plazaratzeko. Kutsu politiko nabaria zegoen arren, jai giroa izan zen nagusi.

Pasa den uztailean Usansolo Herria (UH) alderdiko kideek memoria bat aurkeztu zuten Bizkaiko Batzar Nagusietan. Memoria entregatu zenetik hiru hilabeteko epea izan dute Batzarrek txostena berrikusteko eta egin beharreko zuzenketak gauzatzeko. Orain, hiru hilabeteko tarte hori amaitzear dago, eta Usansolo Herria plataformako Monika Menak «oso oso hurbil» ikusten du desanexioa, nahiz eta burokraziak tartean jarraitzen duen.

Orotara, desanexio prozesuak 7 pauso ditu eta 3. pausoa ematear daude UHko kideak. Bizkaiko Batzar Nagusiak argi berdea ematen duenean, eta ziur daude hala izango dela Usansolok foru arauaren baldintza guztiak betzen omen baititu, herri galdeketa egin beharko dute.

Herri galdeketa «laster egitea» aurreikusten du Menak. «Borondate politikoa baldin badago», 2021 amaieran egitea posible dela uste du. Hala ere, ez du baztertzen 2022ko lehen lauhilekoan egin behar izatea. Izan ere, Galdakaoko Udalak datorren asteko osoko bilkuran igorri behar dizkie jasotako zuzenketak Batzar Nagusiei. Hortaz, Batzarrek emendakin horiei erantzuten emango duten denboraren araberakoa izango da herri galdeketaren data.

Hortaz, galdeketan usansolotarrek desanexioa nahi dutela erabakitzen badute, hurrengo pausoa Galdakaoko Udaleko osoko bilkuran galdeketaren emaitza eta memoria «gainditzea» izango litzateke. Horren ostean, egitasmoa Bizkaiko Foru Aldundira eta Batzar Nagusietara itzuli beharko litzateke beste behin. «Usansolotar moduan egiteko genuen lana eginda dago jada», azaldu du Menak.

Desanexio eguneko adierezpenetan Menak prozesuaren irakurketa bat egin zuen oraintsu arte «aitzakiak, trabak eta oztopoak» baino ez dituztela pairatu salatuz. Horretaz gain, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiari bere konpromisoa bete ez izana leporatu zion. Izan ere, Rementeriak desanexio prozesua aurrera eramateko konpromisoa hartu zuen, baina UHren aburuz, oraindik ez du agindutakoa bete.

Hala ere, Menak era baikorrean ikusi du 2019ko hauteskundeetan Iñigo Hernando (EH Bildu) Galdakaoko alkate hautatu izana, ordutik hona Udala desanexioarekiko «beste jarrera bat» izaten ari baita.