Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Bera Berak eraman du euskal derbia bigarren zatian iratzarri eta markagailua iraulita

Zuazok sekulako lana egin du baina atsedenaldirako 17 gol sartu baditu ere, ezin izan du garaipena eskuratu. Bera Bera itzartu egin da bigarren zatia hasi bezain pronto eta 6-2ko partzialarekin (hasieran 4-0ekoa) garaipenaren bidea topatu dute donostiarrek (30-27). 

Malena Cavo baloia pasa nahian Encina eta Berasategiren defentsa sendoaren aurrean. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Malena Cavo baloia pasa nahian Encina eta Berasategiren defentsa sendoaren aurrean. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Lehen zatian eginiko lan onak ezertarako ez dio balio izan Zuazori. Talde gutxik lortuko dute Bera Berari 17 gol sartzea lehendabiziko 30 minutuetan. Bada, Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzaileak gidatutako taldeak erdietsi du, eta lortu du sekulako lan bat egin ostean. Partidan hobeto sartu da talde bizkaitarra, halaxe adierazi du lehendabiziko minutuetako 0-3ko partzialak. 

Lehen lau erasoak huts egin ditu etxeko taldeak eta hasierako hiru goleko diferentzia hori kasik irauli ezina izan da Imanol Alvarezen taldearentzat. Lehen zati osoan bizpahiru goleko aldearekin jokatu du Zuazok, Mada Fernandez-Agusti, Anne Erauskin eta Izei Permachen golei esker. 

Pibote zarauztarra defendatzea zaildu egin zaie Loidi zein Menendezi eta lau gol lortu ditu Permachek. Mada Fernandez-Agusti taldearen gidari izan da –hala erakusten dute orotara sartu dituen 7 golek– eta Bera Berari maldan gora jarri zaio partida, berak erasoan fintasuna galdu baitu. 

Ainhoa Ugartemendiak egin du lehendabiziko gola laugarren minutuan baina pibotea bilatzea gehiegi kosta izan zaie donostiarrei. Hala, jokaldi pertsonalen bidez korrontearen kontra jo behar izan dute –Esther Arrojeria nabarmendu da lan horretan– baina erasoa asmatu izan duten bakoitzean, defentsan kamuts aritzearen ondorioz, Zuazok beste gol batekin erantzun izan du. 

Lehen zatiaren bukaera aldera, irudia txukuntzen saiatu da Bera Bera eta hala, atsedenaldira bi gol atzetik joatea lortu du. Alde murritz hori iraultzeko prestutasun guztiz kantxaratu da bigarren zatian eta ohartu orduko, lehendabizi 4-0eko partzialarekin eta ondoren, 9-3koa izan denarekin, garaipenaren bidera itzuli dira donostiarrak –Mariane Fernandes, Cristina Polonio eta Malena Cavoren golak giltzarri izan dira–.

Alice Silvaren parte hartzeak, gora

Zortzi minutuz egon dira bizkaitarrak golik egin gabe, Mada Fernandez-Agustik ireki du bigarren zatiko markagailua Zuazorentzat eta bukaeraraino estutzen aritu diren arren, behin Bera Berak berdinketa lortu eta markagailuan aurretik jarri denean, neurketa kontrolpean izan du.

Hogeitabina goleko berdinketa ere ikusi da Gascan, Zuazoren aldeko 0-2ekoarekin baina, egiari zor eta Imanol Alvarez haserretuta agertu bada ere, donostiarrek ondo kudeatzen jakin dute eduki zezaketen gutxieneko aldea –izan aldeko eraso bat berriro markagailuan aurretik jartzeko edo gol bateko aldea–.

Alice Silvaren parte-hartzea ere nabarmen igo da bigarren zatian, defentsako lanak nabarmen hobetu diren bezala. Hegalekoen parte-hartzea murritzagoa izan da eta hori albiste ona izan da Bera Berarentzat. Isabel Fernandez-Agusti –pibote postutik– eta Izei Permachek –honek ere 7 golekin bukatu du lehia– partidan bizirik mantendu dute talde bizkaitarra baina minutu erabakigarrienetan Bera Berak ez du hutsik egin. Hala, amaierako minutuetan markagailuko aldea apur bat handitu du (30-27). 

Ez da izan Bera Beraren neurketarik onena, baina jokalarien kalitate mailak garaipenera eraman du taldea, hala lidergoa berreskuratu ahal izateko –Xixongo La Calzadak ostiralean 31-17 garaitu baitzuen Morvedre–. 

Zuazok, bestalde, galdu dituen gainontzeko partidetan legez, minutu oso onak utzi ditu baina xehetasunengatik ezin izan du punturik batu. Talde indartsuen aurka aurpegia ematen jarraitzen du baina urrats bat eman behar den unean, huts egin eta azkenean, beste porrot bat batu du. Horrela lan eginez gero, bere mailakoak diren taldeen aurka ez luke arazo gehiegirik pasatu behar eta salbazioa bere esku legoke.

Asteazkenean, bederatzigarren jardunaldia

Datorren asteazkenean Bera Berak Atletico Guardes bisitatuko du bederatzigarren jardunaldiko aurreratutako partidan (20.45etan). Ondoren, Ramnicu Valcearen pabilioira bisita egitea egokituko zaio EHF European League txapelketako hirugarren errondako kanporaketan.

Zuazok ere asteazkenean jokatuko du ligako partida Rocasaren aurka (20.00etan, Lasesarren), talde kanariarrak asteburuan Europako txapelketa jokatu behar du-eta.