Jon Ormazabal

Oinatz Bengoetxearen Labriteko agurreko partida otsailaren 26ra atzeratu dute

Leitzarrak ez du giharretako zuntz haustura zantzurik. Tendinopatia bat du Baikok emandako mediku txostenaren arabera eta hilabetez atzeratuko da larunbat honetan izan behar zuen jaialdiak.

Oinatz Bengoetxeak min hartu zuen Markinan eta hilabetez atzeratu da bere agur partida.
Oinatz Bengoetxeak min hartu zuen Markinan eta hilabetez atzeratu da bere agur partida. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Larunbat honetan behar zuen Oinatz Bengoetxearen agurreko partida hilabetez atzeratu dute enpresak eta pilotariak, leitzarrak larunbatean Markinan izandako lesioaren ostean ez delako jokatzeko moduan izango. Gaur goizean egin dizkioten mediku proben arabera, Bengoetxea VI.ak ez du gihar hausturarik, baina bai tendinopatia bat ezker izterreko abduktore luzean –alboko giharra ere handituta dauka– eta 3 edo lau aste beharko ditu osatzeko.

Hauek horrela, enpresak data berriak ezarri ditu bai Labriteko azken partida horretarako eta baita gaur Tolosan iragarria zuen Jokin Altunaren aurkako partidarako, otsailaren 21ean eta 26an izango dira hain zuzen ere. Asteburu horretarako Binakako txapelketako play-offetako partidak daude iragarriak ligaxkan hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatzen diren bikoteen artean.

Aldaketak jardunaldian

Oinatz Bengoetxeak Markinan izandako ezbehar honek ere izango ditu albo-kalteak aste honetako karteldegian, izan ere bere agurrekoa larunbat honetarako iragarria zegoen jaialdia zen eta enpresek azken orduko aldaketak egin dituzte. Larunbatean jaialdirik gabe ez geratzeko, astelehenean Tolosan iragarrita zegoen Ezkurdia-Tolosa eta Peña-Albisuren artekoa Labriten jokatuko da, promozioko Victor-Gaskue /Bakaikoa-Elizegiren artekoarekin batera.