Arnaitz Gorriti

Golden State Warriors eta Memphisen arteko kanporaketa puntuek eta kolpeek zipriztintzen dute

Batetik, Ja Morantek sartu dituen 47 puntuei esker, Memphisek bana berdindu du Kaliforniakoen aurka, baina bestetik «hartzek» Gary Payton jr. lesionatu dute eta Draymond Green ukolondoaz jo ere bai. Warriorseko entrenatzaileak «joko zikina» salatu du. Bostonek Milwaukeern aurka bana berdindu du ere.

Tarteka ahoberoa ere bai, baina jokalari aparta da Ja Morant.
Tarteka ahoberoa ere bai, baina jokalari aparta da Ja Morant. (Justin FORD / AFP PHOTO)

«Jokoan ez dago jolasik», dio esaera zaharrak. Memphis Grizzlies eta Golden State Warriors taldeen arteko kanporaketa garaipen banarekin berdindu du Memphisek, aurreneko dema 116-117 galdu ostean, 106-101 nagusitu baita bigarrenean. Ja Morant izan da beste behin «hartzen» liderra; ez bakarrik 47 puntu sartu dituelako, baizik eta bere taldearen azken 15 puntuak bereak izan direlako, 93-97 galtzen egotetik partidari buelta eman arte.

Neurketa gogorra izan da, inondik ere. «Dillon Brooksek play-offetako kiroltasunaren kodeak hautsoi ditu», bota du hitzetik hortzera Golden State Warriors taldeko Steve Kerr entrenatzaileak. «Gauza bat da kontaktu fisiko handiko partidak itxarotea eta ondorioz baten batek minen bat hartzeko arriskua izatea. Hori gauza bat da, baina aurkari bat lesionatzea baloia jokatzeko aukerarik ez dagoenean, beste bat da, eta idatzi gabe dagoen kode hori apurtu du Brooksek. Hori joko zikina da», azpimarratu du Kerrek.

Partida hasi eta hiru minutu bete aurretik aipatu Dillan Brooksek saskiratze erraza sartzera zihoan Gary Payton jr. aurkaria airean jo du. Paytonek oreka galdu du erabat eta kolpe txarra hartu du erori denean, erorketaren ondorioz ukolondoan min hartu du; hautsita izan lezake. Brooks ere egotzi egin dute epailek, eta ordutik aurrera ez da ipuinetarako astirik izan.

Golden State Warriors taldeko Draymond Green zalea da, halaber, joko nahasian mugitzen, eta hala, kanporaketa hauetako aurreneko partidan bota egin zuten epailek. Alabaina, bigarren neurketa honetan bera izan da kolpea jaso duena. Ez dute Memphis Grizzlies taldeko Xavier Tillman egotzi, baina bigarren erdira arte, ukolondoaz Draymond Green jo eta gero, Warriorseko jokalaria ezin izan da kantxara itzuli.

«Jendeak txistu jo digu kolpatu gaituzten ondoren? Zikin jokatzea bada kontua, guk ere badakigu horrela jokatzen», adierazi du Draymond Green berak partida amaitu osteko prentsaurrekoan.

Baina kolpeak, joko zikina eta berotan egindako adierazpenak ez ezik, saskibaloi partida ere jokatu da Memphisen. Grizzlies taldea hobeto hasi da, neurri handi baten Warriorsek ohi baino hiruko gehiago hutsegin dituelako –38 saiaketarik 7 saskiraketa baino ez– eta ohi baino askoz baloi gehiago galdu dituelako –11 atsedenaldian eta orotara, 18–, baina etxekoek ez dute markagailuan alde egin eta atsedenaldira markagailua 56-51 iritsi da.

Ez da Klay Thompsonen egunik onena izan –12 puntu, eta 19 jaurtiketatik, tartean 12 hiruko, 5 saskiratze baino ez–. Horrez gain, markagailua 104-101 dela urratsak adierazi dizkiote epaileek. Bere lekuan Andrew Wiggins –16 puntu eta 9 errebote– izan da Kaliforniakoen barruko jokoaren motorra, kanpotik Stephen Curryk –27 puntu, 9 errebote eta 8 asistenzia– eta Jordan Poolek –20 puntu– markagailua berdintzeari ekin dioten bitartean.

Aurreneko zatiko abagunean  pasatzen utzi ostean, memphis nekeak eta urduritasunak erasan du eta partidak aurrera egin ahala Ja Morant izan da etxekoen artean saskira ikusi duen bakarra.

Nahikoa eta gehiago, antza. Warriorsek hirukoak sartu ezinik jarraitu duen bitartean, Memphis bere izar gaztea «elikatzen» saiatu da, eta honek, 93-97ko une larriari buelta emanda, Mendebaldeko Konferentziako Finalerdia bana berdintzea lortu du. Bidean, bestalde, ahobero xamarra ere badela erakutsi du, baina esan bezala, jokoan ez dago jolasik.

Memphisen jokatu diren aurreneko bi norgehiagoken ostean, larunbatetik aurrera San Franciscon jokatuko dira hurrengo bi partidak.

Boston ere zuzpertu da

Boston Celtics eta Milwaukee Bucsk taldeen arteko kanporaketa ere bana jarri da Bostonek bigarren partida 109-86 irabazi ostean. Kanporaketako aurreneko dema egungo taxpeldunek eraman eta gero, «Berdeen Harrotasun» mitiko hori azaldu da nonbait, eta jasotako kolpetik zuzpertu da Massachusetts estatuko taldea.

Jaylen Brownek 30 sartu ditu eta 29 Jayson Tatumek. Celticsek 20 hiruko sartu dituen bitartean, Milwaukeek –bestela ere, ez ditu asko botatzen– 18tik 3 baino ez ditu saskiratu.

Paradoxikoa bada ere, errebotean nahi duen guztia egin du Milwaukeek, 54 errebote hartu baititu eta Bostonek, berriz, 24 baino ez; neurri handi baten Bostonek Marcus Smart falta duelako jazo da hori. Baina noski, baloia saskian sartzen bada, ez dago erreboterik hartu beharrik.

Esan diezaiotela, bestela, Jaylen Browni. Orotara 30 puntu sartu baditu, horietatik 17 aurreneko laurdenean pilatutakoak izan dira. Akordatzerako, Celtics 27-12 jarri da irabazten eta Giannis Antetokounmpo, egungo txapeldunen izar nagusia, ez da atsedenaldiaren ostera arte bere mailarik onenean azaldu. Hegaleko greziarrak 28 puntu lortu ditu, horietatik 23 bigarren erdian. Berak eta Jrue Holiday antolatzaileak ahaleginak egin dituzte markagailua estutzeko, baina Bostonek egun aparta izan du, nahiz eta hirugarren laurdena Milwaukeek eraman.

«Ezin naiz orain sentitzen dudan ezintasun honi begira geratu. Hurrengo partidei begira zer egin eta nire taldekideei nola lagundu, bestetan ezin dut pentsatu», adierazi du Antetokounmpok partida amaieran. «Hiru egun barru jokatuko dugu etxeko aurreneko partida. Bitartean entrenatuko dut, nire seme-alabekin jolastuko dut, telebistatik serieren bat ikusiko dut... ez dago besterik hurrengo partida iritsi bitartean. Aldeperrik ariko nintzateke frustrazio eta ezintasun honi bueltaka jarraituko banu», gaineratu du greziarrak.

Tyler Herro, seigarren jokalaririk onena

Miami Heat taldeko Tyler Herro izan da «seigarren jokalari onenaren» saria eraman duena. Partida hasieran ordezkoen artean egon ohi dira seigarren jokalari hauek, baina aldaketak egiten hasteaz bat sartu ohi dira jokora eta asko eta asko –bere garaian Kevin McHale, Toni Kukoc edo Manu Ginobili, esaterako– partida amaiera estu guztietan kantxan izan ohi dira.

Herrok batez beste 20,7 puntu sartu ditu eta NBAren historian, bera da ordezkoen artean partida hasi eta batez beste 20 puntuz goitik amaitzen duen bosgarren jokalaria, aurrez Thurl Bailey (1987-88), Eddie Johnson (1988-89), Ricky Pierce (1989-90, 1990-91) eta Lou Williamsek (2017-18, 2018-19) lortu eta gero.

Seigarren jokalari onena izendatzeko bozketan Herro Cleveland Cavaliers taldeko Kevin Lovei eta Phoenix Sunseko Cam Johnsoni nagusitu zaio, hurrenez hurren.