NAIZ

Txillardegiren omenez Antiguako Gaskonia plazan zegoen plaka kendu egin dute

Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ omentzeko Donostiako Antigua auzoko Gaskonia plazan zegoen plaka kendu egin dute, Joseba Alvarez bere semeak salatu duenez.

Gaskonia plazari izena ematen dion plakaren azpian zegoen Txillardegiren omenezkoa, baina kendu egin dute.
Gaskonia plazari izena ematen dion plakaren azpian zegoen Txillardegiren omenezkoa, baina kendu egin dute. (@JosebaAlvarez)

Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ren omenez plaka bat jarri zuten duela hiru urte pasatxo Antigua auzoko Gaskonia plazan, Txillardegi Udal Liburutegia plataformaren ekimenez, plazari izena ematen dion plakaren azpian. Haren heriotzaren 7. urteurrenean jarri zuten, urtarrilean.

Joseba Alvarez Txillardegiren semeak sare sozialen bidez asteburu honetan salatu duenez, plaka kendu egin dute orain.

 

Alvarezek nabarmendu duenez, berriro jarriko dute bere aitaren omenezko plaka.

Garai batean Txillardegi izen toponimikoa zuen orubean gaur egun Gaskonia plaza dago. Han zegoen Txillardegi etxea eta handik hartu zuen goitizena idazle eta hizkuntzalariak. Han dago Txillardegiren omenez egin zuten horma-irudia, eta urtero oroitzen dute bertan, bere heriotzaren urteurrenean. Aurten 10 urte bete dira.

Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimenak haren memoria gorde eta bere izenak Donostiako iruditerian leku bat izan dezan egin dituen eskaera guztiek ezezkoa jaso dute Udalaren aldetik.