Asier Robles

1634ko Gatzaren Matxinadan errepresaliatutako herritarrak omendu ditu EH Bilduk Bilbon

EH Bilduk 1634ko Gatzaren Matxinadan hildako sei herritarrak eta errepresioa sufritu zuten gainerako bizkaitar guztiak omentzeko ekitaldia egin du Bilbon. Oraindik herritarren aurkako murrizketak aplikatzen jarraitzen direla gogoratu dute Bea Ilardiak eta Jone Goirizelaiak.

EH Bilduk 1634an Bizkaian izandako Gatzaren Matxinada gogoratu du.
EH Bilduk 1634an Bizkaian izandako Gatzaren Matxinada gogoratu du. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Astearte arratsaldean, urtero bezala, San Anton elizaren aurrean elkartu ziren EH Bilduko kideak omenaldia eskaintzeko Gatzaren Matxinadaren ondorioz 1634 urtean Espainiako monarkiak hildako sei bizkaitarrei eta errepresioa sufritu zuten gainerako bizkaitar guztiei.

Bizkaiko historia markatu duen gatazka hori hiru urte lehenago hasi zen, 1631n Felipe IV.a espainiar erregeak gatzaren gaineko zerga ezarri zuenean, Europa iparraldeko gerrak finantzatzeko. Zerga horrek Bizkaiko foruek ematen zituzten eskubideak urratu zituen.

Neurriak elikagaiak kontserbatzeko funtsezkoa zen gatzaren prezioaren %44ko igoera ekarri zuen. Gainera, gordetako gatz guztia errekisatzeko ere agindu zuen espainiar Koroak, eta une horretatik aurrera Errege Ogasunak bakarrik saldu ahal izango zuen.

Garai hartan, Bizkaiko herri xeheak pobrezia handia pairatzen zuen eta neurri horrek egoera larriagotu egin zuen. Herritarrak berehala altxatu ziren jauntxoen pribilegioen eta espainiar Koroaren inposizioen aurka. Gatazka gatzaren prezioan hasi zen, baina matxinada orokor bat bihurtu zen, abusuzko zerga guztiak itzul zitezen eta Foruetan jasotako zerga salbuespenera itzul zedin eskatzeko.

Matxinadak hiru urte baino gehiago iraun zuen, eta 1634ko udaberrian bukatu zen behin betiko, buruzagi nagusiak atxilotu eta San Anton Elizaren parean exekutatu zituztenean. Hala ere, erregeak, haserrea baretzeko, gainerako errebeldeak barkatu eta gatzari ezarritako zerga bertan behera utzi zuen.

Gatzaren Matxinadan hildako 6 herritarrak omentzeko plaka Bilboko San Anton Elizan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Omenaldia

«Bilboko plaza zahar honek zor larriak isiltzen ditu, baina Martin Otxoa Aiorabide idazkaria, Morga eta Sarabia lizentziatua, Juan Larrabazter eskribaua, Juan eta Domingo Bizkaigana anaia arotzak, eta Juan Puente Urtusaustegi merkataria, bilbotar matxinatuak harri bihurtu dira bertoko hormetan», esan zuen atzoko omenaldian Bea Ilardiak, Bizkaiko EH Bilduko bozeramaileak, exekutatutako 6 pertsonen izenak gogoratuz.

Omenaldiarekin, «konpromiso bikoitza» aldarrikatu nahi izan zuen koalizio subiranistak: «Alde batetik, memoriarekin eta bestetik herritar eskubideekin eta politika sozioekonomiko justu baten alde. Orduko matxinada eta gaur egun herri langilearen eta herritarren aurka hartzen jarraitzen diren dien neurri ekonomiko latzek antzekotasuna dute eta».

Jone Goirizelaia eta Bea Ilardia, Bilboko eta Bizkaiko EH Bilduko bozeramaileak, lore eskaintzan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Lau mende pasatu diren arren, oraindik herritarren aurkako murrizketak aplikatzen jarraitzen direla gogoratu zuen Jone Goirizelaia Bilboko bozeramaileak, «pentsionistak miseriara kondenatuz, gazteak bizitza prekario batera bideratuz, eta zerbitzu publikoak kenduz eta pribatizatuz, langileen lan baldintzak okertuz».

Horregatik, Bilbon, Bizkaian eta Euskal Herrian dauden eskubideen murrizketen aurka matxinatu beharra dagoela adierazi zuen. Besteak beste, Osakidetzan egondako murrizketak, SAMUR zerbitzuaren itxiera, hizkuntza eskubideen aurkako erasoak, etxebizitzaren arazoa, matxismoa eta LGTBIfobia aipatu zituen Goirizelaiak.

«Batzuek zerbitzu publikoak ezabatzea eta pribatizatzea defendatzen duten bitartean, eta Bilbo kontsumo produktu gisa saltzen duten bitartean, EH Bildun, berriz, beste eredu bat aldarrikatzen dugu: Langileen interesak defendatuko dituen eredu bat, auzoak erdigunean jarriko dituena, eta auzotarren beharrei erantzuna emango diena, haien iritziak kontuan hartuta eta, betiere, zerbitzuak eta politika publikoak indartuz. Beste Bilbo bat posible delako eta guk hori lortzeko lan egingo dugulako», amaitu zuen esaten Bilboko EH Bilduko bozeramaileak.