NAIZ

‘Bi arnas’ dokumentala, Iruñean ikusgai hurrengo ostegunean

‘Bi arnas’ dokumentalaren egileetako batzuk, Irunen eginiko aurkezpenean.
‘Bi arnas’ dokumentalaren egileetako batzuk, Irunen eginiko aurkezpenean. (Andoni Canellada | Foku)

Igandean aurkeztu zuten Irunen ‘Bi arnas’ dokumentala, tortura ardatz duena, eta orain hasiko da zabaltzen. Ikusteko hurrengo aukera Iruñean izango da, ekainak 2an ostegunean, 19.00etatik hasita, Golem zinemetan. Nafarroan lan honen aurkezpeneko saioa izango da beraz.

2001. urtean Guardia Zibilaren eskuetan tortura latzak jasan zituen Iratxe Sorzabal eta bere ama Mari Nieves Diazen arteko harremana garatzen du dokumentalak. Izan ere, beste biktima askori bezala, jasandakoa hitzekin azaldu ezin den mina dakar torturak, kontatzea zein entzutea ariketa oso gogorrak direlako, are gehiago familia artean. Horri erreparatzen dio bereziki filmak, eta honela indarkeria mota horri buruzko ikuspegi berritua eskaintzen du.

Iratxe Sorzabalen hiru lekukotasunez zein amarenaz gain, bestelako ekarpenak dakartza dokumentalak: torturaren biktima izan den Nekane Txapartegiren lekukotasuna biltzen du, Paco Etxeberria forentsearena eta Serge Portelli epailearenarekin batera.

Lana ahalik eta gehien hedatzea da orain bultzatzaileen helburua. Hauxe aurreratu zuen Kima Arzuagak NAIZ Irratiaren emandako elkarrizketa batean: «Euskal Herri osoan herriz herri ibiltzea da asmoa, gure indarren arabera, hau lagunen arteko produkzio bat baita, ez dugu banatzailerik».

Honezaz gain, Madrilen, Katalunian, Suitzan edota Alemanian harremanak egin dituzte, ‘Bi arnas’ han ere pantailaratu ahal izateko. Orain arte bakarrik Irunen ikusi ahal izan da, hau da, Iratxe Sorzabalen herrian.

Iruñeko aurkezpen honetarako sarrerak hiru euroren truke lor daitezke.