NAIZ

Oriol Cardonak eta Emelie Forsbergek irabazi dute VIII Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikala

Katalanak, probako marka hautsita, eta suediarrak irabazi dute Zegama Aizkorriko 2022ko asteburuan inauguratutako Kilometro Bertikala, 32:59 eta 42:26ko erlojupeko batekin, hurrenez hurren.

Oriol Cardona, lanean VIII. Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikala.
Oriol Cardona, lanean VIII. Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikala. (Toño MIRANDA | ZEGAMA-AIZKORRI)

Zegama-Aizkorri inguruan asteburu honetan egongo den saltsari hasiera eman dio ostiral honetan Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikalak. Bertan garaoe suertatu dira Oriol Cardona katalana, probako marka hautsita gainera, eta Emelie Forsberg suediarra. Eta adi! Igande honetan burutuko den mendi lasterketa famatuan, non Kilian Jornet hartzen duten faborito nagusitzat eta Cardona eta Forsberg bertan izango diren ere, errekor berria ezar dezakete baita ere.

Gaurkoan Oriol Cardonak 32:59ko denbora egin du, Stian Angermundek 2017tik zuena apurtuz (34:55). Emelie Forsbergek, aldiz, 42:26ko denbora egin du.

Guztira 250 parte-hartzailek egin dituzte probako 3.000 metroak, 1.015 metroko desnibel positiboarekin. Azken igoera oso zorrotza izan duen baso-lur baten gainean egin dute, eta laino lodia izan du lagun proba osoan zehar.

Gizonezkoen podiuma osatu dute Ïu Net (36:42) eta Vincent Loustauk (36:52). Emakumezkoetan, aldiz, Naiara Irigoyen (43:43) eta Onditz Iturbe (44:15) igo dira Forsbergekin batera podiumera.

Emilie Forsberg, lanetan. (Toño MIRANDA/ZEGAMA-AIZKORRI)

«Nire ibilbidea nire erritmoan egin dut, ez pasatzen eta konstantea izaten saiatzen. Banekien errekorra 34an zegoela eta denbora minutu bat baino gehiago jaistea ikaragarria izan da. Ez nuen espero hain indartsu egotea, eta horrek asko motibatzen nau maratoi on bat egiten saiatzeko», adierazi du Cardonak.

Emelie Forsbergek, berriz, honakoa esan du irabazi eta gero: «Oso pozik nago nire denborarekin, proba hau korritu nuen azken aldia baino hobea dela ikusi dut. Asko gozatu dut lasterketa eta oso pozik nago. Igandeari dagokionez, maratoia beste istorio bat izango da. Aspalditik ez dut distantzia luzeko entrenamendurik egiten eta urduri samar nago. Uste dut luze samarra egingo zaidala eta lasai ateratzen saiatuko naiz».