Joseba Salbador Goikoetxea

Osasun sektoreari egokitutako autobusak

Irizarrek pazienteak lekualdatzeko eta odola emateko ibilgailuak prestatu ditu Suedia eta Danimarkarako

Ibilgailu-anbulantziak denetariko azpiegitura medikoz hornituta daude.
Ibilgailu-anbulantziak denetariko azpiegitura medikoz hornituta daude. (NAIZ)

Osasun sektoreak areagotu egin du, aurten, egokitutako autobusen eskaera eta, behar horietara egokitzeko duen malgutasunari esker, Ormaiztegiko Irizar konpainiak gama altuko ibilgailuak prestatzea lortu du pazienteak lekualdatzeko eta odola emateko.

Alde batetik, Suediara bi ibilgailu-anbulantzia saldu ditu, mota guztietako azpiegitura medikoez hornituta, pazienteak ohatiletan eta gurpildun aulkietan ospitalera eraman edo ospitaleen artean mugitu ahal izateko. Ibilgailu horiek, beraz, osasun zerbitzu jasangarria eskainiko dute, lehenago pazienteak anbulantzian garraiatu behar zirelako.

Hamabost metro luzerako bi Irizar i6S dira, Scania txasisaren gainean eraikiak, eta hainbat gunez hornituta daude: aurreko aldean 21 jarleku daude, 18 paziente eta hiru osasun langile eramateko; erdiko gunean komunak daude, MUP pertsonentzat egokituta, eta atzeko aldea gurpildun aulkia edo ohatila behar duten pazienteentzat prestatuta dago; guztira sei ohatila edo lau aulki gurpildun edo bien konbinazio bat hartzeko lekuarekin.

Ibilgailua pazienteak zaintzeko behar diren instalazio tekniko guztiekin hornituta dago. Atzeko altzaria eta konpartimentuak tresnak, medikamentuak eta behar diren lagin klinikoak sartzeko prestaturik daude, klimatizazio independentearekin.

Odolaren busa Danimarkan

Danimarkako Syddanmark eskualdeak, bestalde, 14 metroko Irizar i8 bat erosi du hainbat herritan odola emateko zerbitzua eskaintzeko. “Blodbussen” izena duen autokarra Odense-ko ospitale publikoan egongo da aparkatuta gauez, eta Danimarka hegoaldeko hainbat herritara joango da egunez, inguru horretan odola ematea errazteko.

Autokar hori hainbat gelatan banatuta dago: itxaroteko eta medikuarekin elkarrizketa egiteko gunea, odola emateko gunea, sukaldea eta osasun langileentzako gune pribatua.
Emaileen erosotasunerako kalitate goreneko ohatilak instalatu ditu Irizarrek, posizioa modu elektrikoan doitzeko aukerarekin, baita donazioak egiteko beharrezko ekipamendu mota guztiak ere. Gainera, lau hanka hidrauliko jarri dira autokarra orekatzeko.

Egunero erabiltzeko, autobusa ospitaleko sare elektrikora edo udal sarera konektatuta egongo da, baina, segurtasun handiagoa izateko, ibilgailuak elektrizitate sorgailu bat izango du.