Andoni Arabaolaza

46 urte igaro behar izan dira igoera historiko bat errepikatzeko

Matthew Scholes-ek, Kim Ladiges-ek eta Daniel Joll-ek Changabang mendiko mendebaldeko aurpegia eskalatu berri dute.

Lehen lerroko alpinista askok diote garrantzitsuagoa dela bide berri bat zabaltzea baino marra on baten errepikapena egitea. Lerrootan azalduko dugun jarduera iritzi horren isla izan daiteke; batez ere, igoera historikoa eta goi mailakoa izan zelako. Peter Boardman eta Joe Tasker britainiarrek 1976. urtean Changabang mendiko (6.864 m, Indiako Himalaia) mendebaldeko horma teknikoan eginiko igoerari buruz ari gara.

Gogoratu behar dugu seimilako horretan pasarte historikoak sinatu direla, eta horien protagonistak garai haietako alpinista sasoikoenetarikoak izan zirela: Chris Bonington, Doug Scott, Wojciech Kurtyka, Alex MacIntyre, Mick Fowler... Batzuek lehen igoera absolutua egin zuten; beste batzuek, aldiz, iparraldeko zein hegoaldeko murruetan jarduera ikaragarriak biribildu zituzten. Baina horien guztien artetik, Boardman eta Tasker-enak atal berezia behar du.

Hori guztia aurreratu ondoren, aipatu behar dugu britainiarrek eginiko lan txalogarri horrek lehen errepikapena jaso berri duela 46 urte geroago. New Zealand Alpine Team-eko Matthew Scholes-ek, Kim Ladiges-ek eta Daniel Joll-ek izan dute ohore hori.

Hirukote horrek Boardman eta Tasker-ek 1976. urtean egindako lorpena txalotu nahi izan du lehen-lehenik: «70eko hamarraldian eskalada hori egiteak ahoa bete hortz utzi gaitu. Egundoko zirrara eragin digu! 25 egun behar izan zituzten horma hori gainditzeko, eta, gainera, iraultzaileak izan ziren; izan ere, alpinismo arina eta konprometitua izan ziren haien zutabeak. Non eta garaiera handia duen big-wall batean. Gu pozarren gaude mendi ikoniko hori igotzeagatik zein bide historiko hori errepikatzeagatik. Hirurok  asko inspiratu gaitu Boardame-k idatzitako ‘The Shining Mountain’ liburuak. Haiek utzitako aztarnak paretan ikustea ere berezia izan da oso. Benetan zirraragarria izan da, eta britainiarrek eginiko lana apaltasunarekin hartu genuen. Egundoko irakaspena izan da».

46 urte igaro dira, beraz, igoera historiko hura egin zenetik. Eta bitxia bada ere, esan behar dugu azken hamarkadotan hogei espedizio xede horren atzetik ibili direla. Hirukote honek dio seimilako horren mendebaldeko aurpegia igotzea ez dela batere samurra: «Arazo inportanteena dira girora egokitzeko fasea eta eguraldia. Ingurumari horretan zaila da aklimatatzea, eta, hortaz, fase hori mendia igotzen ari zaren bitartean egiten da. Horrek guztiak mantso joatera behartzen zaitu. Eta zaila da saihestea arratsaldero sortzen diren ekaitzak. Bestalde, mendi oso hotza da. Taldekide guztiok gauza bera baieztatu genuen. Horregatik kostatu da ziur aski bigarren igoera heltzea».

Garaiak aldatu egin dira, eta, britainiarrek ez bezala, hirukote honek askoz ere denbora gutxiago behar izan du Changabang eskalatzeko: astebete eta erdi. Jaitsierak, berriz, egun eta erdi eskatu zien. Britainiarrek biko sokada osatu zuten; azken hauek, aldiz, hirukoa. Horren guztiaren aurrean hau aipatu dute: «Guk horrela erabaki genuen, besteak beste, balizko auto-erreskate baten aurrean segurtasun handiagoa ematen zigulako. Horrez gain, zama partekatzeko askoz ere egokiagoa da. Une jakin batzuetan, gutariko bi eskalatzen ari ziren bitartean, besteak hauen itzulera prestatzen zuen. Bestalde, zortea izateaz gain, uste dugu talde indartsua osatu dugula. Sokaburuak arazoren bat baldin bazuen, beste biek ordezko lanak egiten genituen. Eta dena primeran atera zitzaigun».

Talde indartsua

Nahiz eta hilabeteko espedizioa egin zuten, mendian bederatzi egun igaro zituzten. Kanpaleku nagusia antolatu ondoren, 40-50 kiloko zamarekin kanpaleku aurreratura joan ziren. Hamar kilometroko ibilbidea, morrena oso desatsegin batetik. Neurri handi batean, hori izan zen talde horren aklimatazioa.

Eskaladaren inguruan, baieztatu dute hein handi batean jatorrizko bideari jarraitu ziotela: «Aldaketaren bat edo beste egin genuen. Ez gaude oso ziur, baina uste dugu 15-20 luze ezberdin izan zirela. Mendiaren goialdean, Boarmand eta Tasker arrokazko zutoin batzuetan sartu ziren; gu, berriz, izotzezko eta elurrezko korridore batzuetan. Gogoratu behar dugu tresneria asko aldatu dela. Egun, sekzio teknikoak gainditu ahal izateko, kranpoi oso onak ditugu. Britainiarrek garai haietan oso zail izango zuten izotzezko tarte horiek eskalatzea».

Eguraldiari dagokionez, alpinistok diote ekaitzek asko baldintzatu zutela eskaladaren progresioa. 100-300 metro eguneko egin zituzten. Ekaitz bortitz horietako batek egun oso bat eskalatu gabe utzi zituen. Eta botatako elurrak hamaka bat puskatu zien.

Igo eta jaitsi bide beretik egin zuten, eta argi eta garbi dute Changabang mendiak erabat harrapatu dituela: «Ederra baino ederragoa da, eta eite hori guretzat espedizioa antolatzeko giltza izan zen. Arrokazko murru erraldoi horrek ia zerua ukitzen du eta edozein alpinistarentzat xede erakargarria da. Bide batez esan behar dugu mendi oso segurua iruditu zitzaigula. Izotzezko korridoreak zein arrokazko sekzioak oso tenteak dira, eta horregatik guztiagatik elur-jausi gutxi daude. Hots, arrisku objektiboak askoz ere gutxiago dira. Hilabete hori oso gogorra izan da: zama handia garraiatzeaz gain, eskaladak asko eskatu zigun. Nahiz eta espedizioaren hasieran gailurra oso zail ikusten zen, ez genuen amore eman. Egunero lan eskerga egin behar izan genuen, eta irmotasun horrek arrakasta izan zuen. Tontorrean ginela, une bereziak bizi izan genituen. Batetik, britainiarren igoera historikoa errepikatu genuelako. Eta, bestetik, mendi hori Nanda Devi santutegian kokatuta dagoelako. Baina puntu goren horretan soilik hamar minutuko atsedena hartu genuen».

Amaitzeko, hirukote honek adierazi du Changabang-eko jarduera hori egiteko, Frantziako Alpeetan entrenatu zirela. Scholes eta Ladiges australiarrak dira eta Joll zeelandaberritarra: «Chamonixen eta Mont Blanceko ingurumarian hilabete egin genuen eskalatzen. Horrek asko lagundu zigun. Changabang mendian girora egokitzen ez genuen arazorik izan. Bederen, buruko minik ez genuen izan. Talde bezala, oso ondo funtzionatu dugu. Elkarrekin hamar urte daramatzagu eskalatzen. Norberaren ahuleziak eta gaitasunak ondo baino hobeto ezagutzen ditugu. Eta horrek estresa kudeatzen laguntzen digu. Aurrerapen handiak izan dira tresnerian, baina horrek ez dio garrantzia kentzen guk eginiko lanari».