Isidro Esnaola
Iritzi saileko erredaktorea, ekonomian espezializatua / redactor de opinión, especializado en economía

Europako agintariak errealitatetik at daude

Egun hauetan, irakasle batek Moskuko unibertsitatean pribatizazioari buruzko legeak aztertzen ari ginela kontatu zigun anekdota batez gogoratu naiz. Garai hartan, lehen ministroa Jegor Gaidar zen, txoke-terapiaren aita ezizenez ezagutzen zen Ekonomia irakaslea. Kontatzen zuenez, Gaidarrek, eskualderen bat bisitatzen zuenean, bertako agintarien eskuetan uzten zituen bisitaren nondik norakoak. Bertakoek aprobetxatzen zuten lorpenak erakusteko. Ikuspegi partzial horrekin, Gaidar Moskura itzultzen zen pozik, erreformek txopan zirautelako.

Sobietar garaian, ordea, Moskuko bisitariak erabakitzen zuen zer ikusiko zuen leku bakoitzean, eta, horren ondorioz, tokiko agintarientzat bisitaren prestaketa oso estresagarria bihurtzen zen, ezerk huts egin ez zezan. Gaidarrek ez bezala, agintari haiek bazekiten zer arazo zeuden. Pertsona mota honi buruz errusiarrek esaten dute «znaet jhizni», bizitza ezagutzen dutela, hau da, gauzek errealitatean nola funtzionatzen duten badakitela, benetako arazo praktikoei aurre egin behar izan dietelako, Gaidar bezala teoriaren esparruan bizi direnek ez bezala.

Gero eta konbentzituago nago Europar Batasunaren xedeak zuzentzen dituen taldea Gaidarrek bezala mundu erreala ez ezagutzeaz gain, ekonomialarien postulatu inozo guztiak sinesten dituzten pertsonek osatzen dutela. Bestela, ezin da ulertu Errusiako petrolioari betoa jartzeko egin duten ahalegina, EBko inportazioen %27 baita (3,4 milioi upel egunero, lautik bat), ordezkapena ziurtatuta izan gabe. Japoniak Errusiatik guztizkoaren %3 eta %4 bitartean inportatzen du, hau da, 30 upeletik bat, eta esan zuen ezinezkoa zitzaiola ordezkatzea eta, beraz, ez zuela bat egiten petrolio errusiarraren aurkako zigorrekin. Gasaren kasuan proportzioa are handiagoa da eta, hala eta guztiz ere, hornidura eteten jarraitzen dute hainbat estatuk. Dementziala.

Europar Batasunak gero eta antz handiagoa du Sobietar Batasunaren erorketarekin

Bada datu orokorrago bat, dagoen desoreka ondo erakusten duena. Europar Batasunak munduko baliabideen %20 inguru kontsumitzen du, baina %3 baino ez du. Beraz, defizit izugarria du. Nola pentsatzen dute Europar Batasuneko egungo agintariek eskaria osatzea, hornitzaile nagusiari ezarritako zigorren politikarekin jarraitzen badute? Zaila da jakitea. Denboraren poderioz, baliabideen fluxuak egokitzen joango dira, baina bidean hornidura-bide asko galdu egingo dira, eta ezinezkoa izango da horiek garaiz ordezkatzea. Aldaketa eta defizit horiek prezio altuagoak eragingo dituzte, eta, ziurrenik, murrizketen denborak itzuliko dira; urarekin bezala, laster izango dira gasik gabeko orduak. Herrialde batzuetan, dagoeneko jendea ordezkoak bilatzen ari da. Adibidez, Letonian eta Estonian, gasaren prezio garestiak egurraren prezioa bikoiztu egin du jadanik.

Gauzak ezin okerrago egin, eta, hala ere, Ursula von der Leyenek Europaren Egunean Batzordearentzat botere handiagoak eskatzeko aurpegia izan zuen. Davosen Kissingerrek Errusiarekin negoziatzea babestu du, gauzak kontroletik ihes egin aurretik. Lagarde oso kezkatua agertu zen. Ez da gutxiagorako; ekialdeko gerra oso gaizki amaituko da Europarentzat eta batzuek kontuak eman beharko dituzte.

Europar Batasunak gero eta antz handiagoa du Sobietar Batasunaren erorketarekin. •