NAIZ

Ia 4.000 lagun mobilizatu dira presoen eskubideen alde hileko asten ostiralean

Ia 4.000 lagun elkartu ziren Sarek eta Etxeratek Euskal Herrian zehar hileko azken ostirala dela eta deituriko mobilizazioetan. Elkarretaratze hauetan salatu zenez, oraindik ez da dispertsioaren eta urruntzearen zikloa amaitu eta Gobernu espainol eta frantsesaren ardura nabarmendu zuten.

Gasteizen izandako mobilizazioa.
Gasteizen izandako mobilizazioa. (Raul BOGAJO | FOKU)

3.700 (3.748) pertsona baino gehiago mobilizatu ziren atzo Sarek eta  Etxeratek herri eta hirietan deitutako 80 elkarretaratzeetan, Etxeratek jakitera eman duenez. Izandako  mobilizazioetan gogoratu zenez, «ez da dispertsioaren eta urruntzearen zikloa behin betiko itxi euskal presoentzat. Gaur egun, oraindik,  EPPK-ko 65 presok (19 gehiago Frantziako Estatuan) Estatu espainolean urrunduta  jarraitzen dute, espetxe periferikoetan eta urrun dauden beste  espetxeetan. Kontrakoa dirudi, baina Estremaran (Madril), Salamancan,  Leonen, Palentzian, Asturiasen, Darocan, Zueran eta Sorian euskal  presoak daude oraindik».

Hau da atzo izan ziren mobilizazioen zerrenda: Astigarraga 26; Amurrio 60; Berango 22; Ikastegieta 24; Mendaro 12; Durango 76; Villabona 54; Portugalete 42; Hernani 125; Erandio 37; Urduliz 7; Zarautz 120; Arrigorriaga 30; Basauri 21; Santurtzi 57; Algorta 47; Lizartza 42; Tolosa 50; Sopuerta 29; Bakio 25; Leioa 26; Zalla 25; Arrasate 125; Irurtzun 14; Irura 18; Elgoibar 25; Gorliz 18, Usurbil 46; Anoeta 19; Azkoitia 30; Bermeo 25; Galdakao 60; Zestoa 40; Sopela 25, Aulestia 62; Oñati 64; Plentzia 21; Markina-Xemein 30; Ea 42; Alegia 16; Gernika 58; Muxika 18; Eibar 62; Ondarroa 93; Ortuella 17; Igorre 48; Ugao 55; Ermua 35; Elorrio 60; Deba 43; Itzubaltzeta-Romo 39; Zornotza 38; Azpeitia 100; Ibarra 43; Berastegi 7; Antzuola 31; Muskiz 13; Larrabetzu 56; Zaldibar 20; Munitibar 18; Oiartzun 35; Bilbo 250; Barakaldo 60; Mungia 30; Leaburu-Txarama 25; Agurain 37; Gasteiz 350; Zeberio 29; Donostia 53; Busturia; 12; Ataun 31; Lezama 10; Betelu 19; Zamudio 10; Iruñea 71; Laudio 85; Lesaka 30; Bergara 55; Mutriku 35; Etxarri 35.

«Hori da errealitate krudel eta lotsagarria, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak espetxe-politika aldatuko zuela iragarri zuenetik lau urte igaro direnean, indarkeria armatuaren zikloak amaitu ondoren. Urtebete lehenago, euskal ordezkaritzaren eta Frantziako Justizia Ministerioaren arteko negoziazioek Lannemezan eta Mont de Marsanera eraman zituzten presoak», adierazi zuten.

«Urrunketarekin behingoz amaitzeko ordua da. Gezurra dirudi aspaldi atzean geratu behar izan zuten kontuengatik mobilizatzen jarraitu behar izatea. Oso nekatuta gaude, zeren eta, ez dezagun ahaztu, bi urteko pandemiatik gatoz, espetxeetako inkomunikazioak eragin handia izan duelarik, eta, batez ere, nazkatuta gaude, estatuak barrez ari baitira, ez  bakarrik presoez, erbesteratuez, deportatuez eta haien senideez; euskal herritarrez barre egiten baitute, ez dute gizarte honen gehiengoaren borondatea errespetatzen», gaineratu zuten.