NAIZ

Trumpek arma gehiago eskatzen dituen bitartean, Bidenek profil baxua mantentzen du

Uvaldeko eskolako umeen sarraskiaren testuinguruan, Donald Trump herritarrak armatzearen alde azaldu da. AEBetako presidente Joe Biden, bere aldetik, armen eskuragarritasunaren inguruko eztabaidan profil baxua mantentzen ari da.

Trump, NRAren ekitaldian egindako hitzartzean.
Trump, NRAren ekitaldian egindako hitzartzean. (Brandon Bell | AFP)

NRA Erriflearen Erakunde Nazionalak atzo egin zuen ekitaldi batean (larunbat goizaldea Euskal Herrian), Donald Trump AEBetako presidente ohiak armak eskuratu ahal izateko kontrol zorrotzagoak ezartzearen kontra azaldu zen. «Gaizkiaren existentzia ez da legea errespetatzen duten herritarrak desarmatzeko arrazoia. Gaizkiaren existentzia legea errespetatzen duten herritarrak armatzeko arrazoirik onenetako bat da», adierazi zuen.

Asteartean Uvalde izeneko herrian gazte batek eskola batean 19 ume eta 2 irakasle hil zituen estatu berean, Texasen, egin zen ekitaldia, gertakarien tokitik 400 kilometrotara. «Denak batu behar gara, errepublikarrak eta demokratak, estatu guztietan eta gobernu maila guztietan, gure eskolak indartu eta umeak babesteko... Orain behar duguna herrialdeko eskola guztietan segurtasun berraztertze bat da», azpimarratu zuen.

Bitartean, Joe Biden igande honetan Uvaldera joango da hildakoen senideekin egotera. AEBetako presidenteak Kongresuak lege-proiektu bat onartzea nahi du, arma-erosleentzat aurrekari penalen eta psikiatrikoen egiaztapenak orokortzeko, eta, aldi berean, eraso-errifleak eta gaitasun handiko munizio-kargagailuak debekatzeko.

Bidenek egunotan profil baxua mantendu du, eztabaida publikoan bere alderdiko Kongresuko liderrek parte hartu dutelarik. Honek kritikak eragin dizkio. Peter Ambler biolentzia armatuaren prebentziorako Gliffords taldeko zuzendari exekutiboak ‘Politico’ komunikabide digitalari azaldu zionez, presidentea «ezin da soilik ‘goresle nagusia’ izan. Bere karguaren indar guztia legegintza-prozesuan ere jarri behar du. Bestela, itxaropena galdu duela emango du».

Era berean, Guns Down America erakundeko Igor Volskyk Twitter bidez esan zuen Bidenek Etxe Zurian suzko armetaz arduratuko den agentzia bat sor lezakeela, kaltetutako komunitateekin biltzeko AEBetatik bidaiatuko lukeena, Bulego Obalean militanteei harrera egiteko eta Kongresuko kideei presio pertsonala egiteko. «Hau da indarkeria armatuaren prebentzioa bultzatuz aurkeztu zen presidente batek egin beharko lukeen gutxienekoa», adierazi zuen Volskyk.