Ibon Salaberria

Kaxa beltza

Tabakaleran 2016an, Ula Iruretagoiena eta biok zuzentzen genuen ‘Hiria eta bestelako politikak’ programan, Uriel Fogué arkitekto eta ikerlaria izan genuen gonbidatu. ‘Gabinete de ficciones politicas’ deritzon esperimentazio espazioa sortua zuen orduan. Arkitekturatik, filosofia, ekonomia edota politika mailan ager zitezkeen fikziozko agertokiak enuntziatzen zituzten arkitekturaren potentzia politikoa aztertzeko.

Urielek eskaini zuen hitzaldiak hiriaren kaxa beltza zuen hizpide. Hiriak behar bezala funtzionatu dezan garatu ditugun teknologia ikusezin haien bisibilizazio ariketa bezala. Hots, guztiz ikusezin den hiri baten gainean bizi gara. Hiri distiratsuak eta gehiegizko diseinuak benetan sistema hori martxan jarraitzea bermatzen duten teknologia guztiak ezkutatu dituzte kaxa beltzean. Urielek duela gutxi Puente Editores-ek argitaratu duen liburuan –‘Las arquitecturas del fin del mundo’– jaso du gai hauen guztien garapena.

Susmoa dut badagoela halako beldur sentsazioa bat; alegia, kaxa beltza irekitzeak arkitekturaren diseinuak duen posizionatze beharra azaleratzen du eta, hortaz, diseinu formalista hutsean dabilen jardunak eztabaida hau arkitekturaren praktikatik kanpo izan nahi du.

Arkitektura egiteak, batik bat, eraikitzen den momentuan, eta erakusten dizkigun datuak ikusita, esfera klimatikoan duen eraginaren oihartzuna entzun ezean, kaxa beltza hornitzen ari gara, datua ezkutuan uzten. Urielek idatzi duen bezala, diseinuak kosmopolitikaren diplomazia bezala egin dezake lan.

Kosmopolitikak aurkezten digun konplexutasunak arkitektura praktika alboratzen du. Formak, erakusleihoan agertzen diren horiek, bat-batean desmuntatu ahala izango genuke haien atzean dauden posizio eta bitartekaritza aukerak ulertzeko modua.

Rambla Climate-House proiektuak, Andres Jaquek gidatutako Oficina de Innovación Política taldeak eta Miguel Mesa del Castillok elkarlanean Murtzian egin berri duten etxe edo dispositibo berriak, ere Uriel Fogué-ren moduan ulertzen du arkitektura. Arkitektura ariketa bat izan daiteke, kasu honetan, tokiko klima sistemak berreskuratzeko bitarteko dispositibo izan daitekeen eraikin bilakatuta. Haien argumentuak dioenaren arabera, Murtziako landa-eremuetako lurraldea urbanizazioak eraldatu du 80ko hamarkadaz geroztik. Murtziako paisaia egituratzen duten euri-bide edo ramblak lurraldearen zainak izan dira, ezinbesteko ehundura bigunak. Haien gogortze prozesuek eragin dituzte gaur paisaiak dituen arazo nagusiak

Rambla Climate-Housek gailu klimatiko eta ekologiko gisa funtzionatzen du, eta Molina de Segurako gainurbanizazioak ingurumenean eta kliman eragindako kaltea konpontzen laguntzeko herritar independenteen eskalan garatutako elkarte-ekimen batzuen parte da. Rambla Climate-Houseko estalkiek dutxa eta konketetako ur grisen ondoan pilatutako euri-ura biltzen dute. Ur hori inguruko urbanizaziotik bizirik atera den rambla zati baten erregimen klimatikoa leheneratzeko erabiltzen da, eta, horrela, lehengo osaera ekosistemikoa konpontzeko. Hezetasun eta eroankortasuneko Netro © sentsoreen bidez, gizakien kontroletik ihes egiten duen meteorologia automatizatu bat aktibatzen da, ramblaren konponketa biologikorako beharrezko baldintzak ematea helburu duena. Etxea elipsearen inguruan antolatzen da, eta elipse horretan rambla zati hori dago; behatoki gisa, paisaiaren berreraikuntzarekin bat eginez; tipologia aldetik, zabalera aldakorreko espazio jarraituen eraztun gisa antolatuta dago.

Konponketa hidrotermikoko sistema hau martxan jarri zenetik urtebete igaro denean, ramblako ekosistemetako bizimoduak berreskuratzeko zantzu argiak agertu dira. Orain, ereinotzak, lentiskoak, mirtoak, balamak, myrica fayak eta palmatxoak hazten dira sekzio eliptikoan, eta intsektuek, narrastiek, txoriek eta lagomorfoek zeharkatzen dute. Termikoki, Rambla Climate-Housek etxearen energia-eraginkortasuna handitzeko modu ez-ortodoxoak entseatzen ditu. Atal eliptikoaren inguruan dagoen marmolezko banku bati esker, etxean bizi direnak freskatzen dira, azala marmolari itsatsita. Sekzio eliptikoa koroatzen duen eta eguzkipean dagoen hodixka batek ur beroa ematen du urte osoan.

Rambla Climate-Housek, Andrés Jaque arkitektoak eta Berrikuntza Politikoaren Bulegoak, Miguel Mesa del Castillo arkitektoak, María Martínez Mena edafologoak eta Paz Parrondo Celdrán eta Rubén Vives ekologoek Murtziako klimaren konponketa aldarrikatzen duen herritarren mobilizazioan laguntzeko konpromisoa hartu dute. Eraikina amaitu zenetik, etxeak/klimak erakusgailu gisa funtzionatu du. Etxearen sustatzaileek, arkitektoek, edafologoek eta ekologoek bilerak antolatu dituzte Molina de Segurako auzokide eta komunitate zabaleko kideekin, udalerriko hirigintzak ziklo ekologikoekin eta lurraldekoekin berriz lotzeko ahalegin kolektiboan ezagutzak eta esperientziak partekatzeko.

Arkitekturak modernitateak ezkutuan jarri zituen teknologiak berriz ere bistaratzeko aukera –obligazioa– du. Hezitzaile eta errelatore izan daiteke arkitektura, ez solilik bere funtzionamendua azaltzeko, baita inguruan eragiten duen erlazioekiko. Kaxa beltzaren irekiera arkitekturaren irudia eraldatzera dator.