Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Arkote eta Hondarribia, KAE1 eta ETE Ligetako lehen liderrak Pasaian gailenduta

Ikuskizuna eskaini dute KAE1 eta ETE Ligetako traineruek San Pedroko uretan ospatutako denboraldiko lehen estropadetan. Arkote eta Hondarribia –dobletea egiteko gertu izan da «Ama Guadalupekoa»– izan dira azkarrenak eta, beraz, 2022ko lehen liderrak dira.

Hondarribiko arraunlariak, igande honetan San Pedron ziaboga bat egiteko prest.
Hondarribiko arraunlariak, igande honetan San Pedron ziaboga bat egiteko prest. (Andoni CANELLADA | FOKU)

San Pedroko urek traineruen 2022. denboraldiari hasiera eman diote igande honetan KAE1 eta ETE Ligek, eta ikuskizuna eta emozioa nabarmenak izan dira amaiera arte. Bertan, Arkote eta Hondarribia izan dira garaileak eta, beraz, urteko lehen liderrak dira. «Ama Guadalupekoa» ontziaren kasuan gainera, oso gertu egon da dobletea egiteko, neskek lortutako garaipenari segida emateko oso gertu egon baitira ondoren mutilak, KAE1 Ligako estropadan hirugarren amaituta.

Estropada honek utzi digu emozio gehiena amaiera arte. Hirugarren txandan erabaki da garaipena. Arkotek eta Hondarribiak denbora gutxiren aldearekin egin dute lehia, baina laugarren ziaboga ostean lehengoek abantaila hartu dute eta beste aurkari bat zuten buruan: bigarren txandan aritu den eta denbora onena zuen San Pedro. Eta baita saria lortu ere. Denbora hobetu, Hondarribiaren dobletea zapuztu eta etxeko traineruari garaipena kendu dio.

Izan ere, San Pedrok etxean jokatzen zuen eta hasieratik nabarmendu da hori. Ander Iriarte patroiaren gidaritzapean, txandako buru ipini da lehenengo paladetan. Hala, lehen ziabogan Pedreña bigarren izan da, Castro hirugarren eta Deustu laugarren.

Behin txanda bideratuta eta ia eskuratuta zuela, San Pedrok beste erronka bat zuen: aurreko txandan San Juanek lortutako denbora hobetzea. Bi taldeen artean dagoen lehia sanoa denek ezagutzen dute, eta biek etxean jokatuta, bata bestearen aurretik geratzea beti helburu bat izaten da bi klubetan. Kasu honetan, San Pedro gailendu da. Iriartek ondo gidatu ditu bere arraunlariak.

Atzetik, azken luzean bi ezusteko gertatu dira. Castro eta Deustu oso gertu egoteagatik epaileak aldentzeko esan behar izan die. Honek, indar extra bat eman dio Deusturi; izan ere, azken postutik bigarrenera pasa baita azken momentuan.

Lehenengo txandan, San Juanek etxean lan ona eskaini nahi zien zaleei baita ere eta Oriok gauzak erraztu dizkio erronka horretan. Hau da, hirugarren ziabogan, pasaitarrak eta oriotarren artean segundo gutxiko aldea zegoenean, azken hauek arazo bat izan dute biraketan, arrauna engantxatuta geratu zaiela. Honekin segundo batzuk galdu dituzte gipuzkoarrek eta baita bigarren postua ere.

Estropada aurrera egin ahala, Ander Egaña patroiak gidatutako San Juanek aldeak handitu ditu eta bigarren posturako lehia bizia izan da. Azkenean Camargok eraman du bigarren postua, Zumaiak hirugarrena eta Oriok laugarrena.

KAE1 Liga - Kepa Deun Arrantzaleen Kofradia XXII. Ikurriña
    1.    Arkote                20:57.58 (12 puntu)        
    2.    San Pedro          20:59.14 (11 p.)
    3.    Hondarribia B      21:01.57 (10 p.)
    4.    San Juan            21:01.69 (9 p.)
    5.    Zarautz             21:03.35 (8 p.)     
    6.    Deustu              21.11.15 (7 p.)     
    7.    Pedreña            21:11.31 (6 p.)     
    8.    Castro              21:13.47 (5 p.)     
    9.    Camargo           21:16.44 (4 p.)
    10.    Zumaia           21:16.90 (3 p.)
    11.    Orio B             21:30.38 (2 p.)
    12.    Busturialdea     21:38.07(1 p.)

Hondarribia, sendo ETE Ligan

Hondarribiak ohorea du jokoan aurten –eta agian presioa ere–. Iaz Euskotren Ligatik jaitsitako traineruak neguan lan bikaina egin duela erakutsi du lehen paladetatik, lehen txandatik, eta denbora onena finkatu du San Pedroko uretan jokatutako I. Hernaniko Banderan, ondoren etorriko ziren beste bi txandetarako erreferentzia bihurtuz. Deustu izan da gertuen egon dena, azken txandan, baina ihes egin dio garaipenak 9 segundogatik. Hala, ETE Ligako lehen liderra da "Ama Guadalupekoa".

Bere txandan, Hernanik eta Castrok ezin izan diote Hondarribiari erritmoa jarraitu. Pentsa, lehenengo ziabogan 8 segundo atera dizkio Gipuzkoako beste traineruari eta 17 Kantabriako ontziari.

Gauzak ez dira hor geratu. Miren Garmendia "Ama Guadalupekoa" traineruko patroiak «Modo apisonadora equipo» ohiu egin die bere arraunlariei bigarren luzean, eta hauek bikain erantzun dute. Emaitza hor dago: bigarren ziabogan Hondarribiak 17 segundo atera dizkio Hernaniri eta 30 Castrori.

Denboraldiko erronka «ehuneko ehuna ematea» izanda, txanda ondoren patroiak onartu duenez, Miren Garmendiak animo gehiago ematen jarraitu du: «Negu osoan egon gara entrenatzen» animatu die bere taldekideei eta amaieran Hondarribiak 31 segundo atera dizkio Hernaniri eta 49 Castrori.

Bigarren txandan, beraz, Zumaiak, Hibaikak eta Ondarroak Hondarribiaren 11:21eko denbora zuten hobetzeko. Eta ez dira ondo atera. Lehenengo zibogan Ondarroak eta Hibaikak denbora bera markatu dute, baina ez dute Hondarribiaren denbora hobetu (6 segundo motelago). Zumaia, berriz, 5 segundo gehiago behar izan ditu.

Bigarren ziabogan Hibaikak pasa egin dio Ondarroari, aurreko txandan "Ama Guadalupekoak" egindako denbora berdinduz –Zumaia atzean geratu da, 13 segundora–.

Baina azken luzean haize baldintzak okerragoak izan dituzte. Tartea handitzen joan da Hibaika Zuriñe Alberdi patroiaren gidaritzapean, baina luzeegia egin zaie azken luzea eta ezin izan dute Hondarribiaren denbora hobetu.

Azken txandan Deustuk hasiera-hasieratik erakutsi du bere nagusitasuna. 11 segundo atera dio Zarautzi lehen ziabogan eta 31 Portugaleteri. Hala ere, bizkaitarrek ez dute Hondarribiaren denbora hobetu; baina bai berdindu dutela Hibaika eta Ondarroarena.

Bigarren ziabogan aurreko txandan gertatutakoa errepikatu da. Deustuk Hondarribiaren denbora berdindu du (7:29), baina azken luzean ezin izan du denbora onena egin. Bigarren postua izan da bere saria.

ETE Liga - I. Hernaniko Bandera
    1.    Hondarribia    11:21 (9 puntu)
    2.    Deustu          11:30 (8 p.)
    3.    Hibaika         11:31 (7 p.)
    4.    Ondarroa      11:41 (6 p.)
    5.    Hernani        11:53 (5 p.)
    6.    Zarautz        11:56 (4 p.)
    7.    Zumaia        12:02 (3 p.)
    8.    Castro         12:11 (2 p.)
    9.    Portugalete     13:13 (1 p.)