Oihane Larretxea
Donostia

Senideak: «Urrunketa ez da urraketa bakarra, dagozkien graduak eta baimenak ez zaizkie ematen»

Geroz eta euskal preso gehiago hurbilduak izan dira Euskal Herriko kartzeletara, eta hamarkadetako urrunketa gutxitu da, bereziki azken urtean. Edonola, icebergaren punta baino ez dela ohartarazten dute senideek, dagozkien beste eskubide asko, irteera baimenak adibidez, ez baitzaizkie aitortzen.

Igande honetan Donostian egindako ekimena.
Igande honetan Donostian egindako ekimena. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Urte luzez mantendu den urrunketa eta dispertsioaren baitan aldaketak eman dira; ordea, oraindik ia 60 euskal preso dira Estatu frantses eta espainiarreko kartzeletan dirautenak.

Horiek noiz euskal herriratu zain, berriki iragarri dira lekualdatze gehiago: iragan uztailean hamaika hurbilduko zirela baieztatu zen, eta hil honen hasieran beste hamabi erantsi ziren zerrendara. Gainera, ostiralean bertan Roazhongo (Rennes, Bretainia) espetxean preso zegoen Itziar Moreno Madrilgo Alcala kartzelara eman zuten. Lekualdatzea Morenoren lagun batek azken bisitarako bidean izan zuen istripuaren ondotik heldu da, hain zuzen.

Etxeratek urtero uda sasoian gure hondartzetan egiten duen mobilizazioaren atarian, zenbait presoren senidek bertan parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute, jendarteak duelako gauzak aldatzeko gaitasuna, indar metaketari esker. Izan ere, borroka ez dela amaitu ohartarazi nahi dute: urruneko espetxeetatik gertu daudenetara ekartzea ez da auzi bakarra, salbuespenezko espetxe politika medio, errekonozitzen ez zaizkien hainbat eskubideren ukazioa ematen delako.

Bigarren eta hirugarren gradura aldatzea, eta bakoitzaren baitan legeak jasotzen dituen neurriak aplikatzea. Hala nola, dei gehiago egin ahal izatea, kalera irteteko baimenak ematea, zigorraren hiru laurdenak beteta aske gelditu ahal izatea… Horiek ere agendan jarri behar direla eskatzen dute.

Imanol Miner Villanueva presoaren anaia da Elias. NAIZ-i kontatu dioenez, hogei urte darama espetxean; horietatik hemeretzi eman ditu Granadan. Azken urtean egon da El Dueson eta duela hiru hilabete ekarri zuten Zaballara.

Gerturatzeak familian izan duen eragin positiboa azpimarratzen du, errepideak suposatzen dituen arriskuak eta kezkak nabarmen gutxitzen direlako. Hala, amarekin egiten dituen bisitek egun bakarra suposatzen diote denboran. «Egunean bertan egiten dugu joan eta etorriko bidaia», dio.

Amak 74 urte ditu, eta errepidean asko sufritutakoa da, semeaz gain, lehenago senarra ere kartzelan izan zuelako hamabost urtez. Baina badute indarra eta itxaropena, dio Minerrek. «Legedia malgutzen joango direnaren esperantza badugu, orain Euskal Herrian dagoela… Legea eskuan, hirugarren gradua emateko urtebete edo bi baino ez dira falta», zehazten du.

Egoera ordea, momentuz behintzat, oso bestelakoa da, izan ere bigarren graduan egon arren dagozkion baimenak ez dizkiote eman.

Errepidearen arriskuak, presoaren beldurrak

Estatu espainiarrean oraindik preso dagoenetako bat da Oskar Zelarain Ortiz. Bi hamarkada dira kartzeleratu zutenetik eta horietatik lehenengo sei urteak Parisen eman zituen. Espainiaratzean Castellonera eramana izan zen, eta gaur egun Sorian dago.

Bere aita Pello Zelarainek kontatzen duenez, hilero egiten ditu emaztearekin 500 kilometro baino gehiago semea bisitatzeko. «Eguna errepidean…», tamaltzen da. Kasu honetan ere presoaren amak, Maite Ortizek, aurretik urte mordoa eman ditu errepidean, senarra gatibu izan zuelako hamabost urtez (2013an gelditu zen libre).

Dispertsioaren politikak presoak familiarekiko dituen kezkak nola biderkatzen dituen aipatzen du. «Presoarentzat inportanteena da familia nola dagoen, nola egingo duten senideek edo lagunek joan etorria, onik iritsiko ote diren bai kartzelara, bai gero etxera… horrek sekulako zama dakar. Etxetik deia jaso arte ez dira lasai gelditzen. Eta hurrengo asteburuan, berriro hastera».

Azken asteotako albisteez «mugimenduak itxaropenez» ikusten dituztela dio, edo behintzat hala ikusi nahi dituztela. «Euskal herriratzen duten eguna egun handia izango da, baina guretzat orduan ere berandu izango da, aspaldi behar lukeelako etxetik gertu, legeak dioen moduan», aldarrikatzen du.

Oskar semea bigarren graduan dago, horretarako prozesua «oso luzea» izan den arren. «Malgutasun pixka bat irabazi du», aitak kontatzen duenez, «dei gehiago egiteko aukera eman baitiote, baina ez beste ezer». Urte honetan zehar gauzak «zertxobait» aldatu ote daitezkeen planteatzen du, erantzunik gabe.

Legea aplikatzea falta

Urrunketa baino ez du ezagutu Amaiur Iragi gazteak. Hemeretzi urte ditu, eta bere aita Harriet Iragik 22 urte darama espetxean. Ez du aske ezagutu.

Valdemorora egin ditu bidaiak, Kordobara eta Castellonera. Duela urtebete Logroñora joaten da aita bisitatzera, «baina aspalditik behar luke Euskal Herrian», eskatzen du.

Bilbotarrarentzat dispertsioa «errealitate bat» izan da «txikitatik». Edo zehatzago esanda, betidanik. «Haurra nintzenetik asteburua ailegatzen zenean utzi behar izaten nituen gauza denak: partiduak, urtebetetzeak, kirola, futbola nire kasuan, lagunak… dena. Ostiralean irten eta igande gauean itzultzen ginen, jartzen zizkigutelako bisitak larunbatetan, eta akaso familiarra biharamunean».

Honek guztiak ekarri dizkio neke fisikoa, sikologikoa, emozionala… eta ez du aipatu gabe utzi nahi dinamika honek suposatu duen «esfortzu ekonomiko ikaragarria».

Betidanik «oso zainduta» sentitu dela aitortzen du, bai eskolan, etxean, lagunartean… baina aitortzen du, era berean, zenbaitetan sentitu duela hutsune bat. «Eskolatik irtetean besteen gurasoak joaten zirela ikusten nuen, edo partiduetara aitak joaten zirela… nik nirea falta nuen».

Azken lekualdatzeak eta egoeraren lausotzea «gora beheratsu» bizitu duela kontatzen du Iragik, izan ere «ditudan hemeretzi urteetan zerbait aldatu den lehen aldia izan da, eta sentimendu guztiak berriak piztu zaizkit, itxaropen hori behingoz errealitate bihurtu zitekeen aukera zegoen…».

Bere aitak garaia «ziurgabetasunaz» bizi duela dio, baina «geroz eta gertuago ikusten du, azken txanpa izan daitekeelakoan».

Harriet Iragi bigarren graduan dago, baina «malgutasunik gabe» dago. «Gaur egun hirugarren gradurako baldintzak betetzen ditu, eta irteera baimenak ere izan beharko lituzke, baina ez du halako ezer izan. Beraz, hor ere beste urraketa bat bizi du, ez da urruntzearena bakarrik», oharatarazi nahi du presoaren alabak.

Salbuespen politikaren alderik agerikoena izan dela sakabanaketa, dio, baina beste auzi hauek ez ahaztea eskatzen du. «Eskubide urraketek graduekin eta baimenekin ere zerikusia dute».

«Gehien gehienez» aita kartzelan 2030. urterarte egongo dela dio Amaiurrek, nahiz eta legedi arrunta aplikatuz gero «irteteko baimenekin behar luke. Hurrengo urtean, gainera, zigorraren hiru laurdenak beteta izango ditu, beraz kalean egon zitekeen. Zenbakiek horretarako ematen dute. Legea ezartzea baino ez da falta», dio.