NAIZ

Bera Beraren garaipena, Beti Onaken lehen porrota eta Zuazoren hirugarrena

Donostiarrak nagusi izan dira Elxen aurka (32-17) eta etxeko lehen garaipena erdietsi dute. Beti Onakek sasoiko lehen porrota jaso du Porriñon (31-27) eta Zuazok oraindik punturik batu gabe jarraitzen du Malagaren aurka galdu ostean (25-28). Asobal ligan, Anaitasunak irabazi egin dio Ademar Leoni.

June Loidi izan da Bera Berako goleatzaile nagusia Elxen aurka sei gol sartuta, horietako lau 7 metroetatik.
June Loidi izan da Bera Berako goleatzaile nagusia Elxen aurka sei gol sartuta, horietako lau 7 metroetatik. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Bera Berak sasoiko bigarren garaipena erdietsi du, etxeko estreinakoa, Elxen aurka. Hasieratik nagusi izan dira donostiarrak eta bukaeraraino mantendu dute nagusitasuna (32-17). 6-0ko partzial batekin hasten den talde bati dena hain jartzen zaio alde, halakoetan zaila izaten dela markagailua iraultzea eta gipuzkoarrak, lehen partida Malagaren aurka galdu ostean, ez zeuden prest etxean berriro ere punturik batu gabe geratzeko.

Lehen zatiaren erdialdean 10-1ekoa zen markagailua. Bikaintasunetik gertu aritu dira lehen zatian, galdutako baloirik gabe eta sendotasunez defendatuz. Arcosek apenas utzi dio mugimendurako tokirik So Delgadori, Aallak 19. minutuan jaso du lehen gola eta erasoan Arrojeriaren gidaritzapean aritu dira.

Bigarren zatian, bere taldeak erasoan zituen zailtasunekin ohartuta, Rocamorak atezaina kendu eta zazpi jokalarirekin erasotzen saiatu da. Asmatu duen arren, ezin izan du markagailua gehiegirik estutu eta beraz, Bera Beraren bigarren garaipena ez da sekula arriskuan egon.

Mariane Fernandes izan da jokalari nabarmenduetako bat, bost golekin. Loidik sei egin ditu, horietako lau 7 metroetatik. Urretabizkaia eta Tapia gazteek minutuak izan dituzte.

Bera Beraren garaipena txanponaren alde bat izan bada, beste aldea Zuazo eta Beti Onakentzat izan da. Atarrabiarrek denboraldiko lehen porrota jaso dute Porriñon. Sasoi historiko hau oin onez hasi zuten nafarrek eta hirugarren garaipena lortzeko gogor borrokatu badute ere, azkenean galdu egin dute Galizian (31-27).

Markagailuan aurretik joan dira lehen zatiaren zati handienean (20. minutura arte) baina 22. minutuan bederatzina goleko berdinketa jaso ez ezik, kanporatze bikoitza jasan du eta etxeko taldeak aurrea hartu du. Berdinduta iritsi dira atsedenaldira eta bigarren zati hasiera kaskarra egin ondotik, Porriño garaipena bideratzen hasi zen.

Zuazok Malagaren aurka galdu eta oraindik punturik batu gabe jarraitzen du (25-28). Joseba Rodriguezen jokalariek aurpegia eman dute lehen zatian baina bigarrengoan erasoan apur bat gehiago kostatu zaie eta andaluziarrek aldeak ireki dituzte. 

Anaitasunak meritu handiko garaipena

Asobal ligan, garaipen handia erdietsi du Anaitasunak Ademar Leonen aurka (29-27). Estu joan da partida. Etxekoek lau goleko errenta lortu badute ere, 46. minutuan 22-22 berdinketa adierazten zuen markagailuan. Azken txanpan hortzak estutu eta bi puntu batu dituzte iruindarrek.

Hala, oraindik partidarik galdu gabe (bi garaipen eta berdinketa bat) bigarren postuan kokatzen da Anaitasuna bost punturekin.