NAIZ

Frankismoa gaitzesten duen Olarizuko plakaren zatia kaltetuta agertu da

Frankismoa kondenatzen duen Olarizuko plakaren zatia irakurtezina agertu da. Dela lau urte Udalak jarritako plaka honek frankismoa eta hierarkia katolikoaren arteko harremana gaitzesten du.

Olarizuko gurutzea. (Endika PORTILLO/FOKU)
Olarizuko gurutzea. (Endika PORTILLO/FOKU)

Olarizuko larrearen ondoan dagoen plaka duela lau urte inguru jarri zuen Udalak. Plakaren edukiak bi zati ditu, eta horietako lehena kaltetuta eta irakurtezina agertu da, Josemari Lopez de Arbina Gasteizko Udaleko zinegotzi ohiak salatu eta Hala Bedi Irratiak jakinarazi duenez.

Irakurriezina agertu den zatia errepresio frankistari eta erregimen horrek hierarkia katolikoaren aldetik izan zuen babesari buruzkoa da. Honela dio testuak: «Frankismoa giza eskubide guztiak sistematikoki urratu zituen diktadura izan zen. 1936tik 1978ra bitartean, ideologia desberdineko ehunka gasteiztar politikoki jazarriak izan ziren eta errepresioa jasan zuten erregimen horren aurka egiteagatik. Urte horien artean, hierarkia katolikoak 1936ko uztailaren 18an Bigarren Errepublikaren aurkako estatu-kolpearen ondoren armek ezarritako diktadura frankista babestu zuen».

Beheko aldean, bestalde, honela dio: «Gurutze hau 1951ko azaroaren 14tik 18ra Gasteizen izan zen Misio Santua oroitzeko eraiki zen. Herri-harpidetza bidez ordaindu zen, eta monumentu erlijioso gisa baino ez zen sortu». Hala ere, diktadura frankistako agintariek ikur politiko bihurtzera behartu zuten, oinarrian Errepublikaren aldeko alderdiak hildako apaiz arabarren izenak sartu baitzituzten.