Maite Ubiria

Alokairuei buruzko legea bihurritzeko 14 iruzur mota Aldak antolaturiko erakusketan

Alokairuei buruzko legea bihurritzeko espekulazioaren «artistek» asmaturiko trikimailuekin galeria osatu du Aldak. Baionako Euskal Museoaren sarreran antolaturiko erakusketari amaiera emateko iruzur mota ezberdin islatzen duten 14 «obra» enkantean saldu ditu.

Iruzurrezko alokairuen galerian jasotako 'obrak' erakutsi dituzte Aldako kideek horiek enkantean saldu aitzin.
Iruzurrezko alokairuen galerian jasotako 'obrak' erakutsi dituzte Aldako kideek horiek enkantean saldu aitzin. (Guillaume FAUVEAU)

Euriari aurre eginez xapitoak baliatu behar izan ditu Alda mugimenduak Euskal Museoaren atarian antolaturiko erakusketa berezia aterpetzeko.

Etxebizitza eskubidearen alde jarduten duen taldeak alokairuen gaineko legea bihurritzen duten iruzurgileek duten «irudimen handia» agerian jarri nahi izan du elkarteak ekimen berri horrekin.

Soineko dotoreak, gorbatak eta kapeluak, finean, ez ohiko janzkera hautatu dute guztiz seriosa zen afera aipatzeko Aldako kideek. Edariak eta pintxoak banatu dituzte, gainera, 14 «koadroz» osaturiko erakusketa ikustera bertaratu diren bisitarien artean.

«Obra» bakoitzari izenburu esanguratsua eman diote, abantzu alokairu kontratu mota guztiak iruzur egiteko tresna bilakatu daitezkela oharraraziz.

Esaterako, 'Harri bat bi xori' izenpean hainbat etxejabek ikasleei dagozkien kontratuak baliatzen dituztela bertze apopilo mota hartzeko salatu dute. Bestalde, 'Nahas mahas' lelopean bizpahiru alokairu mota ezberdin sinarazi zioten pertsonaren kasua agerian jarri dute.

Hori gutxi balitz, landa eremuarentzat pentsatutako alokairu kontratu bat erabilita Biarritzen bizitoki bat ahal dela alokatu erakutsi dute, edota turista gisa ahal dela agertu kontratu batean nahiz eta euskal jubilatu soila baizik ez izan.

«Ez nuen uste hainbeste tranpa zegoenik»

«Merkatuan nintzen erosketa batzuk egiten eta kurios naizenez bertaratu naiz erakusketara eta, egia esan, harritu nau ikusteak zenbat iruzur aukera dagoen», aitortu digu David Lannesek.

«Hau lagin bat baizik ez da, baina lana badu, bai, alokairuaren gaineko iruzurrari aurre egiteko Prefeturak sortu berri duen batzordeak», adierazi du, bere aldetik, erakusketan aukezle lanetan jardun duen Txetx Etxeberrik.

Gaur bezalako ekimenen bidez «arazo larria badela baina egoerak okerrera egin aitzin behar direla neurriak hartu» agerian jarri nahi izan dutela gaineratu du ekintzaileak.

Hemendik hiru urtetara alokairuen iruzur sistema desagarraraztea. Horra hor Aldak finkatu duen erronka.

Iragan azaroaren 20an Baionako karrikak bete zituzten 8.000 herritarrek «benetako aldaketa» eskatzen dutela oroitarazi du Etxeberrik.

Nekea sumatzen du, uda heltzen delarik etxebizitza uztera behartuak diren herritarren artean eta, orohar, alokairua ordaintzen duten herritarre anitz gero eta egoera zaurgarriagoan sentitzen direla nabarmendu du.

«Askotan jendea kanporatzeko erreztasun gehien eskaintzen dituzten kontratu motak hobesten dituzte agentziek edo etxejabeek», deitoratu du.

Legea aldatzeko eta, era berean, «indarrean diren arauak hausten dituztenei zigorrak emendatzeko» ezinbestekotzak jo du Etxeberrik.

Herritarren oinarrizko eskubideak ez daudela salgai oharrarazteko, erakusketa osatzen zuten 14 'koadro' aparteko arazorik gabe enkantean saldu dituzte, gaur eguerdian Baionan, Aldako kideek, «artista iruzurgile hauen aldeko diru funtsa osatzeko», azaldu dute, umoretsu.

Behatza altxatuz, bisitari batek 13 eurotan lortu du afixa bat, beste batek 20 eurotan «egongelan jartzeko moduko obra» eskuratu duen bitartean.

«Baliabide gehiago behar ditugu»

Azkenaldian etxebizitzaren eskubidea bermatzeko tresna berriak eskuratu direlako konfidantza agertu du Etxeberrik.

Alokairu turistikoen harira Paueko Auzitegiak konpensazio sistemaren gainean agindutako suspensioa altxatu izana berri ontzat eman du.

Ildo beretik, konzientziazio prozesu horretan kokatu du Prefeturak alokairuen iruzurrari aurre egiteko batzordea osatu izana Ipar Euskal Herrian.

Hainbat erakundetako ordezkariek, Baionako Fiskaltza barne, osatuko dute bere lehenengo bilera heldu den asteartean eginen duen batzordea.

Finean alokairuen prezioa finkatze aldera Euskal Elkargoak eskumena eskuratzeko abian eman duen desmartxa goraipatu du.

«Proposamenak egiten jarrituko dugu, hala nola urte amaieran bozkatuko den aurrekontuari begira, gero eta baliabide hobeago izan gero eta aukera gehiago izanen dugulako borroka hau ondoko urtetan irabazteko», laburbildu du ekimenaren amaieran Txetx Etxeberrik.